LA_OFTALMOLOGIA

PRENTSA OHARRA.- Begi-lausoak dira itsutasun itzulgarriaren arrazoi ohikoena eta kirurgia da irtenbiderik onenetako bat

Datorren asteazkenean, urriak 4, 19:30etik aurrera, Donostiako Aquariumaren Ekitaldi Aretoan, Osasun Ikasgela berria eskainiko da “Gure egunerokoari eragiten dioten ikusmen-arazoak. Azken tratamenduak kirurgia errefraktarioan, glaukoman, presbizian eta begi-lausoetan” izenburupean, Mercedes Zabaleta eta Iñaki Aldasoro oftalmologoekin. Sarrera askea izango da edukia bete arte.

Donostia-San Sebastián, 2017ko urriaren 2a. Datorren asteazkenean, urriak 4, 19:30etik aurrera, Donostiako Aquariumaren Ekitaldi Aretoan, Osasun Ikasgela berria eskainiko da “Gure egunerokoari eragiten dioten ikusmen-arazoak. Azken tratamenduak kirurgia errefraktarioan, glaukoman, presbizian eta begi-lausoetan” izenburupean, Mercedes Zabaleta eta Iñaki Aldasoro oftalmologoekin. Sarrera askea izango da edukia bete arte.

Espezialistek patologia oftamologiko ohikoenak azalduko dizkigute, hala nola begi-lausoak, glaukoma eta presbizia, eta baita horiek tratatzeko dauden irtenbideak aurkeztu ere. Gainera, miopia, hipermetropia eta astigmatismoa oso emaitza onekin zuzentzen dituen kirurgia baten berri emango dute.

“Begi-lausoen kirurgia anbulatorioa da”

“Begi-lausoak adinarekin lotuta egon ohi den gaitz bat da, baina zenbaitetan sortzetikoa izan daiteke edo traumatismo baten ondorioz gertatu. Orokorrean, patologia horren ondorioz ikusmena galtzen dugu, eta irudi garbiak lausotzen dira, kolore distiratsuak itzali eta gaueko ikusmena murrizten da”, azaldu du Mercedes Zabaletak.

Begi-lausoak dira itsutasun itzulgarriaren arrazoi ohikoena eta kirurgia da irtenbiderik onenetako bat. “Kirurgia anbulatorioa da, eta Policlínica Gipuzkoan erabilitako teknikak ikusmen-errehabilitazio erosoa eta azkarra ahalbidetzen du. Ebakuntzak 10-15 minutu bitartean irauten ditu, eta egin eta ordu gutxira, ospitaleko alta lortzen du gaixoak. Berehalakoan itzul daiteke errutinara, nahiz eta ezin duen pisurik altxatu edo inflamaziorik eragin dezakeen jarduerarik egin; bai, ordea, bizitza normala egin, ibili, telebista ikusi, etab.” adierazi du espezialistak.

“Bestalde, presbizia dugu, hau da, ikusmen nekatua. 40 edo 45 urtetatik aurrera, jendea gertutik ikusteko arazoak izaten hasten da, eta, gaur egun, baditugu ikusi ezin ditugun distantzia horietan enfokatzen duten leiarrak. Presbizia fisiologikoa da. Gertuko gauzak lauso ikusten ditugu, kristalinoa, eboluzionatzen doan leiar bat izanik, zurrun bilakatzen delako. Ondorioz, ez ditu gertuko gauzak enfokatzen. Horrek gertutik ikusteko betaurrekoak edo ukipen-leiarrak eramatera behartzen gaitu, eta ebakuntza egiteko aukera ere badaukagu”, azaldu du oftalmologoak.

“Kirurgia errefraktarioarekin betaurrekoei eta leiarrei agur esango diezu”

Kirurgia errefraktarioa tratamendu oftamologikoetan izandako beste aurrerapauso handietako bat da, “horri esker edozein akats errefraktibo zuzentzen dugulako, miopia, hipermetropia, astigmatismoa nahiz horien konbinazio bat izan, eta betaurrekoak edo leiarrak eramateko beharra ezabatzen dugulako”, argitu du Iñaki Aldasorok, Quirónsalud Donostia Eguneko Ospitaleko oftalmologoak. “Azkar suspertzen gara eta egun gutxi batzuetan jarduerara itzul gaitezke, astebetetze-maila handiarekin”, erantsi du.

20 urte baino gehiagoko esperientzia dute kirurgia errefraktarioan eta emaitza oso onak, prozeduraren eraginkortasunaren erakusgarri. “Tratamenduaren eraginkortasuna eta segurtasuna dira gaixoek gehien estimatzen dutena. Adin desberdinetako gero eta pertsona gehiago daude interesatuta kirurgia horretan, ebakuntza laburra delako, arrisku gutxi dituelako eta emaitzak berehalakoak direlako”, ziurtatu du Iñaki Aldasorok.

Glaukomari dagokionez, Quirónsalud Donostia Eguneko Ospitaleko oftalmologoak azaldu du: “ikusmen-nerbioaren gaitz bat da, hainbat faktorek eragiten dute eta progresiboa da. Halaber, diagnostikoa lortzeko, miaketa zuzena eta diagnosi-testak egin behar dira. Itsutasuna sortzen duten arrazoien artean bigarrena da munduan”. “Progresiboa eta endekapenezkoa denez eta azken etapetaraino gaitz isila denez, komenigarria da 40 urtetatik aurrera diagnosi-testak egitea”, erantsi du.

“Behin glaukoma dugula diagnostikatuta, tratamendua da begi barneko presioa murriztea sendagaiekin, laserrarekin edo kirurgiarekin. Kasuaren arabera, estrategia terapeutiko bat ala beste erabiltzen da”, argitu du Iñaki Aldasorok.


Osasun ikasgelak 2017

Egindako ikasgelak 2016

Egindako ikasgelak 2015

Egindako ikasgelak 2014