Euskadiko eskola-umeen % 39k gosari osasungarria egiten dute, esnez, zerealez eta fruituz osatua

Euskadiko eskola-umeentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa gaur goizean abiatu da Bilbon eta 2013/2014 ikasturtean zehar 10-11 urte bitarteko 6.348 haurrengana iritsiko da

  • Bihotz Bizi Elkarteak bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa antolatu du Policlínica Gipuzkoa, Okinen Euskal Federazioa, Ausolan, Eroski, Euskadiko Farmazialarien Kontseilua eta Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin.
  • Gaur goizez abiatu da ekimen honen XIV. edizioa Bilboko Maristas El Salvador ikastetxean. Aipagarria da edizio honetan inoiz baino ikastetxe (144) eta ikasle (6.348) gehiagok eman duela izena.
  • Jarduera horrela egituratzen da: lehenik eta behin ikasleei informazio-hitzaldia ematen zaie gosari on batek duen garrantziari buruz eta, ondoren, funtsezko osagaiekin prestatuta, bihotz-hodientzat osasungarria den gosari bat dastatzen dute.

Bilbo, 2013ko azaroak 12.- Bilboko Maristas El Salvador Ikastetxean abiatu da gaur goizez eskola-umentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien hamalaugarren edizioa, Bihotz Bizi Bihotz-hodietako gaixotasunen Informazio eta Prebentziorako Elkarteak (www.corazonvivo.com) antolatuta, haurrak goizero behar bezala gosaltzeak duen garrantziaren inguruan kontzientziarazteko helburuarekin. Beste urte batez, kanpaina Okinen Euskal Federazioaren, Policlínica Gipuzkoaren, Ausolanen, Eroskiren, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) babes eta lankidetzarekin burutu ahal izango da.

Hamalaugarren edizio hau izango da partaidetza handienekoa, izan ere, momentuz, 144 ikastetxetako 6.348 ikaslek parte hartuko dute ekimenean (Arabako 17 ikastetxetako 625 ikasle; Bizkaiko 74 ikastetxetako 3.267 ikasle; eta Gipuzkoako 53 ikastetxetako 2.456 ikasle).

Azken edizioan 2.128 inkesta baino gehiago burutu ziren Euskal Autonomia Erkidego osoko 53 ikastetxetan. Datu horien azterketatik (EHUko Farmazia Fakultateak egin duena) ondorioztatzen denez, haurren gosaltzeko ohituretan hobekuntzak hautematen dira, “baina hainbat puntutan lanean jarraitu behar dela ikusten da”.

Inkesta horien arabera, inkesta bete duen % 39,2ak gosaltzerakoan behar bezala konbinatzen ditu elikagaiak (esnea+fruitua+zerealak). Gosaltzen ematen duten denborari dagokionez, % 92,5ak 15 minutu baino gehiago hartzen du gosaltzeko.

Bestetik, osoko ogiaren kontsumoa areagotu egin dela nabarmendu behar da. Horrek zuntza hartzearen onura dakar. Gosaria laguntzeko elikagaiei dagokionez, azken urteetan pixkanaka oliba-olio gehiago erabiltzen dela hautematen da.

 

Hiru lurraldetan inkestetako emaitzak antzekoak badira ere, nabarmentzekoa da Araba eta Gipuzkoan ogiari laguntzeko gero eta oliba-olio gehiago erabiltzen dela. Gainera, Bizkaian, 10 haurretik 4k gosari osoa egiten du. Kopuru horrek batez bestekoa gainditzen du.

Bestalde, opilen kontsumoa handi samarra da oraindik, izan ere, ikertutako herritarren % 40k maiztasunez hartzen ditu opilak. Gainera, aurreko kanpainarekin alderatuta portzentaje hori ez da aldatu. Datu horrek 2013/2014 kanpainarako helburu argi bat dakar, hots, “une berezietarako uzteko ahalegina egitea”.

Halaber, inkestan parte hartu duten eskola-umeen % 60k ez du esnekirik hartzen eta garrantzitsua da gosaritarako esne hartzituak, jogurtak eta gazta freskoa hartzeko joera sustatzea. “Elikagai horietako zenbaitek nutrienteek ematen ez dituzten onurak dakartzate, esate baterako, bakteria onuragarriak. Gainera, haur gutxik hartzen du zuntz dietetiko askoko elikagairik eta, horregatik, komenigarria litzateke gosaritan osoko ogiaren kontsumoa areagotzea” adierazi dute bihotz-hodietarako gosari osasungarrien antolatzaileek.

Orobat, nabarmendu dute “gosari osasungarri baten osagai guztiak konbinatzen dituen gosari oso bat egitearen garrantzia azpimarratzen jarraitu behar dela, osasuna zaindu eta etorkizunean bihotz-hodietako arazoak prebenitzeko”.

Errealitate horren aurrean, Bihotz-Bizi elkarteak beste ikasturte batez lanari ekingo dio, eskola-umeak gosari on batek duen garrantziaz ohartzeraino.


Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkarteak Bihotzaren Ekitaldia antolatu zuen

• Bihotzaren Asteari amaiera bikaina eman zion • Ekitaldian, Real Sociedad Fundazioak “Urrezko Bihotza” jaso zuen, kirol-harrobiarekin egin duen lanarengatik. Saria Jokin Aperribayk, Errealeko presidenteak, jaso zuen. Era berean, Gipuzkoako Poliklinikak Bihurriri, Aizkolarien munduko txapeldunari, sari bat eman zion, euskal herri kirolaren alde egindako lana aitortzeko.

Joan den ekainaren 13an, Miramar Jauregian, Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkarteak antolatutako Bihotzaren Ekitaldia egin zen, elkarteak antolatu zuen Bihotzaren Asteari amaiera bikaina emateko. Izan ere, astea, bihotz-hodietako prebentzioa sustatzeko jarduerez beteta egon zen.

Ekitaldia Javier Montes kardiologoaren eta Errealeko Presidentea den Jokin Aperribayren arteko “Bihotzari, kirolari eta nerabetasunean ditugun ohiturei buruzko elkarrizketa batekin” hasi zen. Montes doktoreak nerabetasunean hainbat ohitura txarren prebentzioak, hala nola; drogen, alkoholaren edo edari isotonikoen kontsumoaren prebentzioak, duen garrantzia nabarmendu zuen. Jokin Aperribayk, aldiz, Real Sociedad Fundazioaren ontasun nagusiak; hau da, berezi egiten dutenak, aurkeztu zituen, Fundazioak arreta berezia ematen baitio bere kirolari gazteen harrobiari.

Ondoren, Nora Sagarzazu aurkezleak zuzendutako Ekitaldia hasi zen. Bihotz Bizi Elkartearen Presidenteak, Juan Manuel de Enciok, URREZKO BIHOTZA REAL SOCIEDAD Fundazioari MENA zion. Saria Klubeko Presidenteak jaso zuen.

Gipuzkoako Poliklinikaren izenean, bere Zuzendari Medikoa den Arantza Atienzak Bihurriri, Aizkolarien munduko txapeldunari, aitorpen bat eman zion, euskal herri kirolaren alde egin duen ekarpenagatik.

Halaber, sari-banaketan, Elkartetik antolatzen diren jardueren bideo-laburpen bat jarri zen: asteko paseo kardio-osasungarriak, bihotzeko ebakuntzako izandako gaixoen bilerak edo gosari kario-osasungarriak euskal ikasleentzat. Bideo emanaldian, jarduera horietara maiz joaten diren eta laguntza- eta lagun-talde bat aurkitzen duten pertsonen testigantzak entzuteko aukera egon zen.  

Aitorpenak eman ondoren, Bihurri aizkolariak erakustaldia egin zuen, bere lagun Josetxu Urrutia harrijazotzailearekin batera. Horretan, ekitaldiko gonbidatu batzuei parte hartzeko eskatu zieten. Hori guztia, koktel bat dastatzen zuten bitartean.

 


“Egunetik egunera, bihotz-kirurgian aurrerapen berriak sortzen dira”

Joan den ekainaren 12an, ehun gipuzkoar inguru gerturatu ziren Gipuzkoako Poliklinikak Donostian antolatutako “Gaixo Kardiologikoa: Nola hobetu bere bizi-kalitate ebakuntzaren ondoren?” gaia zuen OSASUNAREN GELARA

Konferentzia Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkarteak antolatutako 2013 Bihotzaren Astearen barruan egin zen. Hitzaldia  Alberto Sáenz bihotz-hodietako kirurgialariak eta Sonia Roussel doktoreak, biak Gipuzkoako Poliklinikako Bihotz Kirurgiako Zerbitzukoak, eman zuten.

Alberto Sáenz bihotzeko kirurgialariak bere azalpenari hasiera eman zion bihotz-hodietako kirurgiak duen garrantzia gogoratuz; izan ere, bihotzeko patologia, munduan, eritasunak sortutako lehenengo heriotza-arrazoia delako. Sáenz doktoreak bihotzeko bi ebakuntza ohikoenak azaldu zituen: birbaskularizazio koronarioa eta balbula mitralaren kirurgia.

“Hemodinamika eta bihotz-kirurgia espezialitatea oso gaztea da, nahiz eta azkeneko 60 urteetan garapena sinestezina egon den”, -zioen Saénz doktoreak-, egunetik egunera aurrerapen berriak sortzen ari dira“.

Sáenz doktoreak azaltzen zuen bezala, eman den aurrerapen garrantzitsuenetariko bat balbula perkutaneoa izan da, eta horretan Gipuzkoako Poliklinika aitzindaria da. Hala ere, egiten diren bihotz-kirurgia gehienak esternoktomia ertain bidez egiten dira. “Hori dela eta, esperimentu-ikerketak eta horien emaitzak aztertu ondoren, Poliklinikako bihotz-kirurgiako zerbitzuak hazkunde-faktoreak erabiltzen hasi da, gaixo beraren odola esternoian erabiliz. Metodo horrekin, ebakuntza ondoko ondoezak murriztu direla eta arazo txiki gutxiago dagoela ikusi da. Egun, 2008ko azarotik, 2.000 gaixo baino gehiago aztertu dira”, azaldu zuen bihotz-kirurgialariak.

Saénz doktorearen hitzaldiaren ondoren, Roussel doktoreak bihotzeko ebakuntza izandako gaixoei zuzendutako teleasistentziako sistema azaldu zuen. Sistema hori sareko Programa bat da, gaixoak, ospitaletik joan ostean, distantzian kontrolatzeko  aukera eskaintzen duena. Sistema sortu zen gaixoak ebakuntza eta gero sentitzen zuen segurtasun ezagatik, batez ere, hurrengo kontsultara arte zegoen “denbora-tartearengatik”.  Horregatik, sistema hori garatu zen: gaixoari pen drive bat ematen zaio eta web orri baten bidez, gaixoaren konstante biomedikoen eguneko jarraipen bat egiten da, ospitaletik irten eta hurrengo bi asteetan zehar.

Sistema hainbat parametro zein konstante sartzean datza: tentsioa, tenperatura, pisua, bihotz-frekuentzia, arteria-tentsioa eta errehabilitazioari, bihotzekoari zein arnasketakoari, dagokion informazioa.

 “Denbora errealean dena zuzen dagoen ikusten dugu, eta gaixoaren konstanteetan aldaketaren bat badago gaixoari deitzen zaion”, azpimarratzen zuen Roussel doktoreak. 2012ko irailetik, 2013ko ekainera, 150 gaixoek erabili dute aipatutako sistema.

Hitzaldia amaitzerakoan, galdera-txanda iritsi. Horretan, eskerrak eman zizkieten doktoreei, kasuak azaldu ziren, zalantzak planteatu ziren, eta txostengileek horiei erantzun zieten.

 


Bihotzeko Ebakuntza izandako Gaixoen IV. Topaketa egin zen Gipuzkoako Poliklinikan

Joan den ekainaren 11n, Bihotz Bizi- Corazón Vivo Elkarteak Bihotzeko Ebakuntza izandako Gaixoen IV. Topaketa antolatu zuen Gipuzkoako Poliklinikako Ateneoan. Topaketara, 40 pertsona inguru gerturatu ziren. Ekimenaren arrakasta ikusita, topaketa berri bat programatu da irailaren 17rako, 17,30etan egingo dena.

Topaketa horiek bihotzeko ebakuntza izandako gaixoentzako laguntza-saioak dira. Horietan, bertaratutakoek haien esperientziak kontatu ditzakete eta horrela, agian, bihotzeko ebakuntza izan ondoren, beldur eta kezka berdinak dituzten pertsonen talde bat aurki dezakete.

Laugarren topaketa horretan, Juanek eta Javierrek bertaratutakoekin haien bihotzeko ebakuntzak nola bizi berri izan dituzten banatu zuten. Modu horretan, laster operatuta izan behar diren gaixo batzuentzako laguntza izan daiteke. “Orain dela bi hilabete eskas ebakuntza izan duen pertsona batek gertatutakoa hemen lasai-lasai kontatzen ari dela ikusteak eta bizitza normala egiten duela esateak oso lagungarria izan da niretzat”, dio Ángelek, topaketan zegoenak eta datozen asteetan operatua izango denak

Bihotz-hodietako eritasunari aurre egitea

Beste alde batetik, Elena Yenguasek, topaketak zuzentzen dituen erizaina eta psikologoa denak, bihotz-hodietako eritasunari aurre egiteko moduaz hitz egin zuen. Gaixotasunei aurre egiteko modu ezberdinak daude baina nagusiena, azaldu zuen bezala, da inoiz gaindituta ez sentitzea. Horretarako, erabili daitezkeen hainbat baliabide dago.

Yanguasek gaixotasuna planteatzeko modu asko daudela ziurtatzen du: “hainbat pertsonek ez dute onartzen gertatzen ari zaiena eta ez dira zaintzen, ez dute medikaziorik hartzen, ez dituzte aholku egokiak jarraitzen; beste pertsonak batzuk, ordea, errealitatea oso ondo ezagutzen dute, onartzen dute eta adierazi zaizkien jarraibideak jarraitzeaz gain, osasun-baldintza onenetan egoteko modu aktiboan bilatzen dute” nabarmentzen du psikologoak. 

Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkartearen helburua da topaketa horien bidez bihotzeko ebakuntza izan duten edo izan behar duten gaixoei laguntza eskaintzean, eta baita bertaratutako guztiek beste gaixoen esperientziak eta bizipenak ezagutzea eta horiek erabiltzea ere.

Lau topaketek izandako arrakastak partaideentzako laguntza handikoak direla baieztatzen dute. Hori dela eta, udako parentesiaren ondoren, Elkarteak “Bihotzeko Ebakuntza izandako Gaixoen V. Topaketaren” data zehaztu du: irailaren 17an, 18:30etan, Gipuzkoako Poliklinikan.

 


“Zazpi bikotetatik batek zailtasunak izango ditu seme bat izateko”

Antonio Estomba eta Patricia Francia ginekologoek “Lagunduriko ugalketatik erditzera. Desiraturiko bukaerarako oraina eta etorkizuna”” izenburua duen hitzaldia eskainiko dute ostegun honetan, apirilaren 23an arratsaldeko 19:30etan Donostiako Andia Kaleko Kutxa aretoan, Gipuzkoako Poliklinikako Osasun Gelaren zikloaren barruan.

  • Gaur egun herrialde aurreratuetan dauden faktore soziokulturalek lehen semearen bila joateko adina atzeratzen dute. Hau da, adituen arabera, egun dauden antzutasunaren arrazoi nagusienetarikoa.

Donostia, 2013ko maiatzak 22.- Gipuzkoako Poliklinikako Emakumearen Unitateko kideak diren Antonio Estomba eta Patricia Francia ginekologoek, lagunduriko ugalketan eta jaio aurreko diagnosiaren inguruan dauden azken aurrerapenei buruzko hitzaldia eskainiko dute ostegun honetan, apirilaren 23an arratsaldeko 19:30etan Donostiako Andia Kaleko Kutxa aretoan. Osasun Gelaren Zikloaren barruan kokatua, hitzaldiaren sarrera librea da, aretoa bete arte.

Jaio aurreko diagnosiaren inguruan, Antonio Estomba ginekologoak dauden azken aurrerapen eta teknika berrienak aurkeztuko ditu, hau da, 3D eta 4Dn egindako ekografia. Era berean, haurdunaldiko hiruhilekoetan haurdun dagoen emakumeak egin behar dituen froga guztiak azalduko ditu. Baita jaio aurreko bahetzean dauden teknika berrien erakusgarria ere eskainiko du, hots, amaren odolaren onbera den jaio aurreko bahetzearen testa edo amniozentesi bitartez egiten den inbasio-teknika Array diagnosiarekin, eta honek 124 asaldura kromosomikotaraino antzematen ditu, gaur egun dagoen zehatzena eta osoena.

“Zazpi bikotetatik batek zailtasunak izango ditu seme bat izateko” dio Patricia Francia ginekologoak, lagunduriko ugalketan aditua denak. “Faktore asko daude bikote baten antzutasunean eragina dituztenak” azaltzen du, “baina, arrazoi nagusienetarikoa gaur egungo aldaketa soziokulturalak dira” bere esanetan; “gero eta beranduago ekartzen dugu seme bat eta bikote baten batez besteko adina bere lehen semea izaten 30 eta 34 urte bitartean kokatzen da”, baieztatzen du doktoreak. 

“Bikoteak ume bat bilatzen urte bat baino gehiago daramanean eta arazoak dituenean -esaten du Patricia Francia-, adituarengana joan behar du. “Baina denbora hau kanpoko faktore batzuen arabera aldatzen da -gehitzen du- adina, gaixotasun genetikoak, hileko ziklo irregularrak, etab… esaterako”, zehazten du.

Froga diagnostikoak

Azalpenak irauten duen bitartean, Poliklinikako Emakumearen Unitatearen aditu taldeak, zer azterketa mediku eta gizon zein emakumearen antzutasuna antzemateko zertan oinarritzen diren frogak azalduko ditu, baita gaur egun dauden tratamendu mota guztiak ere, gero eta eraginkorragoak eta onberagoak direnak.

 

“Gaur egun, In Vitro ernalketa (IVE) tratamenduak oso eraginkorrak dira eta teknika hau asmatu zenean ematen ziren biki edo hiruki kasuak ikustea zaila da, egun enbrioi bakarra helarazi baitezakegu eta bera garatzeko aukerak oso altuak dira”, dio Patricia Francia.

Azkenik, berriagoak diren teknikak azalduko dira, beiraketa obozitarioa, ugalkortasuna mantentzea nahi duten emakumeentzat zuzendua (adibidez, onkologia-prozesuak); edo enbrioiaren bilakaera bistaratzea uzten dituzten sistema berriak, bere habitata aldatu gabe, eta bere ezarpeneraino.//

 

 


Policlinicak aitzindaria den bihotzeko teknika bat aplikatu du

Pazientea 85 urteko emakume nafarra da eta balbula aortiko bat txertatu diote “mitral posizioan” inbasio urriko kirurgia erabiliz.

Pazienteak, balbulopatia mitral batek eraginda, aurrez txertatua zuen protesi mitralaren gutxiegitasun zorrotza zuen.

Policlinicako taldea azaletik barna balbulak txertatzeko teknika horietan trebetasun eta esperientzia gehien dutenen artean kokatzen da Espainian. Hala, disfuntzioa zuen protesi mitralaren barnean balbula aortikoa txertatu zitzaion inbasio urriko kirurgia-teknika bat aplikatuz (ezkerreko minitorakotomia batekin bihotzera iristea lortu zen, ezkerreko bentrikuluaren puntatik –apex-).


“Deshidratazioa oso kontuan hartzeko fenomenoa da kirol-jardunean”

Osasun Ikasgelaren 2. edizioa Eibarren

  • Policlinica Gipuzkoak Osasun Ikasgelaren 2. edizioa inauguratuko du bihar Eibarren. 2013ko edizio honek lau hitzaldi barneratzen ditu.

 

  • Biharko hitzaldian Enrique Perez Ayala Kirol Medikuntzako adituak, beste alderdi batzuen artean, kirol-jardunean elikagai-indargarriak eta edari isotonikoak nola kontsumitu behar diren azalduko du.

 

  • Policlinica Gipuzkoa ospitale erreferentea da Kirol Medikuntzan eta Real Sociedad klubaren mediku-zentroa da.

 

POLICLINICA GIPUZKOAREN OSASUN IKASGELA EIBARREN

Hitzaldia: “EGIN KIROLA ZENTZUZ. Ezagutu nola kontsumitu behar diren elikagai-indargarriak eta edari isotonikoak”

Eguna: 2013ko Maiatzak 15, asteazkena

Ordua: 19:30

Lekua: Portalea Kultura Etxea. Sarrera doakoa edukiera bete arte

 

Eibar, 2013ko maiatzak 14.- Policlinica Gipuzkoak Osasun Ikasgelen 2. edizioa inauguratuko du bihar (maiatzak 15, asteazkena), arratsaldeko zazpi eta erdietan (19:30), Eibarreko Portalea Kultura Etxean. Zikloan lau hitzaldi barneratzen dira, 2013an zehar burutuko direnak. Hitzaldi horietan Policlinica Gipuzkoako aditu ugarik parte hartuko dute herritarrei azken aurrerapenak ekarri eta medikuntzaren arlo ezberdinei buruzko gomendioak egiteko.

Biharko hitzaldia Kirol Medikuntzako aditua den Enrique Perez de Ayalak emango du. “EGIN KIROLA ZENTZUZ. Ezagutu nola kontsumitu behar diren elikagai-indargarriak eta edari isotonikoak” izenburupean Policlinica Gipuzkoako Kirol Medikuntza Zerbitzuko buruak elikagai-indargarriak eta edari isotonikoak modu egokian nola kontsumitu behar diren azalduko du, kirol-jardun osasungarria egiteko hainbat gomendio emateaz gain.

“Deshidratazioa kontuan hartzeko fenomenoa da kirol-jardunean. Bereziki, iraupen-lasterketetan hartzeko edari egokia gatz mineralak eta azukreak kopuru orekatuan banatuta dituen hura da”, azaldu du Perez de Ayala doktoreak. Gainera, aipatu duenez, elikagai-indargarriak hartu aurretik, kirolariari metabolismoa aztertu behar da, bere energia-maila ezagutzeko.

Asfaltoko edo mendiko lasterketa bat edota beste edozein kirol egin ahal izateko ezinbestekoa da osasun-azterketa egitea, osasuna arriskuan jar dezaketen balizko kausak hautemate aldera. Adituak ziurtatzen duenez, Policlinica Gipuzkoako Kirol Medikuntza Zerbitzuan “entrenamendu egokitu eta pertsonalizatua planifikatzen da. Horretarako, kirol arloan esfortzu-proben bidez jasotzen diren datuak baliatzen dira abiapuntu gisa, modu horretan, oxigeno-kontsumoa zehazten da eta muga anaerobikoa edo giharretako akiduraren maila finkatzen da”.

Azterketa horietan zintan egiten den proba bat barneratzen da, lasterketan ematen den oinkada bideoz grabatzen delarik, dagozkion zuzenketak egin ahal izateko. Gainera, Zerbitzu horretan esfortzuko protokolo espezifiko bat jarraitzen da mendi-lasterketan ibiltzen diren edo trekking-irteerak egiten dituzten pertsonentzat. Horrela, lasterketaren edo martxaren erritmoa egokitzen da.

Adituak azpimarratzen duenez, kirolariek beren gaitasun fisikoa %30 areagotu dezakete, mediku-kontrolak eginez. Policlinica Gipuzkoa ospitale erreferentea da Kirol Medikuntzan eta Real Sociedad klubaren mediku-zentroa da.//

Sakatu hemen 2013. edizioko Osasun Ikasgelen programa osoa ikusteko

 


Donostia, autismoaren munduko hiriburua maiatzaren 2tik 4ra

IMFAR 2013

 

  • Hiriak International Meeting for Autism Research (IMFAR) izenekoaren XII. edizioa hartuko du bihartik aurrera. Autismoaren inguruan nazioartean erreferente den kongresu horretan 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Gipuzkoako hiriburuan eta gaixotasunarekin lotutako 800 ikerlan baino gehiago aurkeztuko dira.
  • IMFAR gaixotasunaren inguruan urtero egiten den topaketa da eta, aurten, lehen aldiz garatuko da ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean.
  • Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzenduko du IMFAR 2013.
  • Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze ikastaro bat burutu da gaurko egunez tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua, nazioarteko aditu ugarik parte hartu dutelarik.
  • Halaber, Kursaaleko Ganbera Aretoan IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izan dira ikusgai.

Donostia, 2013ko maiatzak 1.- Bihartik aurrera eta datorren larunbata bitartean (maiatzaren 2tik 4ra) autismoaren ikerketan nazioartean garrantzi gehien duen topaketa zientifikoa hartuko du Donostiak. Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzendutako topaketan bost kontinentetako zientzialariak elkartuko dira autismoaren diagnosi, kausa eta gaixotasunarekin lotutako nahasmenduen tratamenduari buruzko azken aurkikuntza eta ikerketen inguruan eztabaidatzeko (*Programa atxikitzen da).

IMFAR 2013 topaketan kontinente guztietako 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Donostian eta autismoari buruzko 800 ikerlan berri aurkeztuko direla aurreikusten da.

Lehen aldiz ospatuko da IMFAR ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean. 2008. urtean soilik ospatu zen Iparramerikatik at. Orduan Londresen garatu zen. Horrenbestez, Donostia leku historikoa izango da, autismoaren ikerketan “munduko gailurtzat” jo ohi diren zientzia-ekitaldi garrantzitsu horiekin lotuta.

Topaketa gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Bertan gaixotasunarekin lotutako hainbat ikerlan eta ikerketa aurkeztu dira. Besteak beste, terapietan errobotak erabiltzeari buruzkoa eta terapietan erabiltzeko hobekuntza-mekanismo neuronalei buruzkoa. Horiez gain, hainbat kasu praktiko azaldu dira. Kaliforniako Unibertsitatea, Yale Unibertsitatea, Notre Dame Unibertsitatea edo Marcus Autism Center dira punta-puntako ikerketa eta ikerlan horien egileak.

Halaber, Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze-ikastaroa garatu da gaur, zortzi orduko iraupenekoa, eta tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua. Tartean nazioarteko aditu ugari izan dira eta, horrez gain, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingeles hizkuntzen arteko itzulpen zerbitzua gaitu da.

Orobat, Kursaaleko Auditoriumean IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatuko da arratsaldean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izango dira ikusgai.

 

Autismoa

Autismo haurtzaroaren garapeneko nahasmendu neurobiologikoa da. Normalean, eragin negatibo nabarmena izan ohi du gaixotasuna duten haurrengan. Sozializazioan, komunikazioan, irudimenean eta portaeran atzerapenak eta mugak izatea; horiexek nahasmenduaren ezaugarrietako batzuk. Maiz bestelako ezintasun edo osasun-arazo batzuekin batera ematen da. Gainera, autismoa pairatzen duten pertsona gehienek gutxieneko bizi-kalitatea garatzen laguntzeko neurriak behar izaten dituzte bizitza osoan zehar. Egun nazioartean diagnosirako erabiltzen diren irizpideen arabera, autismoa orokorrean pentsatzen dena baino maizago agertu ohi da. Hala, ikerketa sofistikatuenen arabera, AEBko zortzi urteko 88 haurretatik batek izan ohi du autismoa (mutikoen artean maizago ematen da, zehazki esatera, 54 mutikotik batek izan ohi du). Haatik, Hego Korean berriki egindako ikerketa sakon batean ikusi ahal izan denez, zazpi eta hamabi urte bitarteko 38 haurretatik batek autismoa pairatzen du.

Hori dela eta, herrialde ugaritan autismoari aurre egiteko plan bereziak gaitu dira eta nahasmendu hori hobeto ulertu, tratatu eta, etorkizunean, kasu batzuk sendatu edo prebenitzeko (gaur egun hori ezinezkoa da) baliabide asko finkatu dira. Horregatik, IMFAR topaketak munduko ekipamendu onenak elkartzea ahalbidetzen du. Horrela, pertsona eta familia asko eta askorentzako aurrerapen eta itxaropenerako arrazoia da.

 

DONOSTIAutism: IMFAR 2013 zehazteko herri-ekimena

Hitzordu garrantzitsu honen harira, azken hilabeteetan herritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat ekitaldi garatu dira Donostian. IMFAR (International Meeting for Autism Research) topaketarekin jarriko zaio azken puntua ekimenari.

Ekitaldiak 2012an hasi ziren eta aurten ere izan dira. Datozen egunetan, oraindik, izango dira hitzorduak, egutegi honen arabera:

  •  2013ko apirilak 29 / maiatzak 5 (Kursaaleko Terrazak) – Laguntza premia duten pertsonen asistentziarako teknologiaren LaguntzaTEK erakusketa, Donostia Sustapenak babestuta.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia). Ekimen aitzindaria Kongresuen Jauregian. Diseinu unibertsaleko seinaleak paratuko dira zientzia-jarduneko egunetan. Horretarako, muga intelektual edo komunikaziozkoak dituzten pertsonek ulertzeko moduko piktogramak erabiliko dira (ARASAAC atariarekin lankidetzan).
  • Maiatzak 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia) – International Meeting for Autism Research topaketa burutuko da (IMFAR 2013).
  • Maiatzak 2 / 3 (Inbiomed; Basque Center on Cognition, Brain and Languaje; Gipuzkoako Medikuen Elkargo Ofiziala eta Andia kaleko Kutxako ekitaldi-aretoa) – Kongresutik adituek irteerak egingo dituzte Gipuzkoako profesional eta ikertzaileekin topaketak burutzeko.
  • Maiatzak 4 / 5 (NH Aranzazu Hotela) – Gautenak Europako Autismoaren Urteko Kontseilu eta Asanblada antolatuko du. Bertan, 30 herrialdetako kaltetutako pertsonen senideen 80 elkarte baitaratzen dira.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 (Haizearen Orrazia, Santa Clara irlaren itsasargia, Udaletxeko fatxada, Kursaaleko fatxada) – Gaueko argiztapena kolore urdinez IMFAR topaketak burutzen diren bitartean, Donostiak autismoari emandako babesaren erakusgarri.


Fundazioa / Fundación Policlínica Gipuzkoa eta Euskadiko Orkestrak IMFAR 2013 kongresuaren harrera kontzertua aurkezten dute

Maiatzaren 1 asteazkenean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Fernando Velázquez konpositoreak zuzenduta, hilaren 2, 3 eta 4ean Donostian izango den International Meeting for Autism Research (IMFAR) 2013 topaketaren harrera kontzertua eskainiko du. Emanaldiaren aurretik Yoko Onoren bideo-agurra emitituko da auditorioan eta kontzertuan, halaber, James Hobley autismoa duen britaniar dantzaria ariko da.

Euskadiko Orkestrak askotariko egitaraua eskainiko du, Beethoven, Rossini, Fauré edo Bizeten lanak John Lennon, John Williams edo Fernando Velázquezenekin batera. Fernando Velázquezek berak zuzenduko du Orkestra. Bi bider Goya sarietan nominatua, Ojo Crítico 2012 saria eta Malagako Zinema Jaialdian saritu berri duten getxotar konpositorea sarritan aritzen da Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan. 2009an “El mal ajeno” pelikularen soinu banda grabatu zuten elkarrekin eta ondoren “Madera de deriva” doinua, Jorge Drexler kantautoreak gailu mugikorretarako sortutako “n” aplikaziorako. Joan zen irailan izandako Zinemaldian Juan Antonio Bayonaren “Lo Imposible” filmeko soinu bandaren zuzeneko estreinaldia burutu zuten EOS eta Fernando Velázquezek.

James Hobley dantzaria, lehenbiziko aldiz Kursaal Auditoriko eszenatokian. Kontzertuan gainera James Hobley autismodun britaniar dantzari gaztea ariko da. Komunikabideek “benetako Billy Elliot” gisa ezagutzera eman dutena, “Britain’s Got Talent” britaniar telebistako saio arrakastatsuko finalista izan zen 2011. urtean.


Gipuzkoako Poliklinikako Hemodinamika zerbitzua aitzindari Sintrom sendagaia ordeztu dezakeen teknika berritzaile batekin

• Gailu buxatzaile baten bidez bihotzaren ezker belarritxoa ixtean bizi osoan zehar ahoko antikoagulanteak (Sintrom) hartu behar izatearen mendekotasunetik libra ditzake pazienteak betiko.

 

  • Gipuzkoako Poliklinikako Hemodinamika Zerbitzuak joan den apirilaren 18an (osteguna) egin zuen lehen aldiz halako ebakuntza Euskadin.
  • Pazientea 66 urteko gizonezkoa zen, tamaina handiko gibel-angioma zuena. Duela zenbait hilabete palpitazioak nabaritzen hasi zen eta fibrilazio aurikularrak eragindako arritmia osoa hauteman zitzaion, antikoagulatzea eskatzen zuena.
  • Bere gibel-angioma odol-jarioan hasteko arriskua zela medio, ezker belarritxoa larruazaletik ixteko erabakia hartu zen. Pazienteak onera egin zuen eta 48 ordu baino gutxiagoan ospitaleko alta jaso zuen.
  • Prozedura Hemodinamika Aretoan egiten da eta, gutxi gorabehera, bi orduko iraupena du. Gailua txertatzeak ez dakar arrisku handirik eta txertaketa hori egiteko esperientzia areagotu ahala arrisku hori murriztu egiten da.

Donostia, 2012ko apirilak 24.- Fibrilazio aurikularra izan eta bizi osoan zehar antikoagulante bat (Sintrom ezaguna) hartzera behartuta dauden pertsonek beste alternatiba bat dute. Gipuzkoako Poliklinikako Hemodinamika zerbitzua izan da Euskadin lehena Sintrom sendagaia ordeztu dezakeen teknika berri bat aplikatzen.

Ebakuntza berritzailea da, gailu buxatzaile baten bidez bihotzeko ezker belarritxoa ixtean datzana (duen formagatik belarritxo izendatzen den alferrikako apendizea). Prozedura bi ordu inguruan burutzen da eta hori eginda fibrilazio aurikularra pairatzen duten gaixoak Sintrom sendagaiarekiko duten betiko mendekotasunetik aska ditzake. Gailu hori txertatzeak ez du arrisku handitik eta txertaketan esperientzia areagotu ahala arrisku hori murriztu egiten da.

Joan den apirilaren 18an (osteguna) egin zen lehen aldiz halako ebakuntza Euskadin, Gipuzkoako Poliklinikako Hemodinamika Zerbitzuan. Pazientea 66 urteko gizonezkoa zen, tamaina handiko gibel-angioma zuena. Duela zenbait hilabete palpitazioak nabaritzen hasi zen eta fibrilazio aurikularrak eragindako arritmia osoa hauteman zitzaion, antikoagulatzea eskatzen zuena.

Bere gibel-angioma odol-jarioan hasteko arriskua zela medio, ezker belarritxoa larruazaletik ixteko erabakia hartu zen. Pazienteak onera egin zuen eta 48 ordu baino gutxiagoan ospitaleko alta jaso zuen.

Adituek diotenez, ebakuntza horrek hainbat abantaila ditu: “Gailuarekin garun eta hodietako istripu enbolikoak prebenitzen dira, hau da, ezker belarritxo aurikularrean kokatutako odolbilduek eragindako enboloen ondorioz garuneko arteriatan odol-fluxua murriztea.  Halaber, teknika berritzaile horrekin odolbilduen aurkako tratamendua (ahoko antikoagulanteak) utzi egin daiteke, modu horretan, halako sendagaiak epe luzean hartuta izan ohi den hemorragia arriskua saihestu egiten da” azaldu du Mariano Larmanek, Gipuzkoako Poliklinikako Hemodinamika Zerbitzuko buruak.

Teknika berri horren bertute handiena munduan zehar antikoagulanteak hartzen dituzten milaka pertsonei ematen zaien itxaropena da, izan ere, Sintrom bidezko tratamendua utz dezakete bide hemodinamikotik bi ordu eskasean egiten den ebakuntza txiki hori eginez.

Espainian, gaur egun, Sintrom sendagaia da medikuen kolektiboak gehien agintzen duen sendagai antikoagulantea. Gutxi gorabehera, 800.000 paziente dira antikoagulanteak hartzen dituztenak. Espainiako biztanleriaren % 1,5 eta % 2 arteko portzentajea da hori. Paziente horiek teknika hori balia dezakete egunero altzoan daramaten pilulari agur esateko. //