Biriketako minbizia goiz detektatzeko diziplina anitzeko taldea aurkezten dugu.

Biriketako Minbizia Goiz Detektatzeko Unitate berria diziplina anitzeko talde batek osatzen du, biriketako minbizia bere hasierako faseetan diagnostikatzeko, goiz detektatzeko programa baten bidez.

Biriketako minbizia garaiz detektatzeko programa, gaixotasunaren joera hilgarriari buelta ematen saiatzea

  • Poliklinika Gipuzkoan diziplina anitzeko talde mediko batek martxan jarritako ekimena da. Talde horretan, sendagile internistak, erradiologoak, pneumologoak, onkologoak eta toraxeko kirurgialariak daude.
  • Gipuzkoan gaur egun diagnostikatzen diren biriketako minbizien % 75, gutxi gorabehera, fase aurreratuan daude, eta horrek ebakuntza egitea zailtzen du.
  • Gipuzkoan, kirurgilari torazikoek biriketako minbizia diagnostikatutako gaixoen % 25 ingururi egiten diote ebakuntza, hau da, gaixotasunaren hasierako fasean diagnostikatutako gaixoei.
  • José Miguel Izquierdo, toraxeko kirurgialaria: “Programa horren bidez lortu nahi duguna da joera horri buelta ematea eta biriketako minbizia duten pazienteen biziraupena hobetzea.”

Bost espezialitate: toraxeko kirurgia, pneumologia, barne-medikuntza, erradiologia eta onkologia medikoa dira Poliklinika Gipuzkoan biriketako minbizia hasierako faseetan diagnostikatzeko aukera ematen duen taldea osatzen dutenak detekzio goiztiarreko programa baten bidez. Programa horrek barne hartzen ditu barne-medikuntzako kontsulta, espirometria eta difusio testa, erradiazio txikiko TAC torazikoa eta onkologia medikoarekin egiteko kontsulta. Poliklinika Gipuzkoako diziplina anitzeko unitate horrek, gainera, programan sartzen diren pazienteen jarraipena egingo du, tumorerik detektatu ez bada ere.

Gisa horretako proba diagnostikoak batez ere 30 urtez egunean pakete bat edo 15 urtez egunean 2 pakete erretzen aritu diren pazienteei gomendatzen zaizkie, baita duela hamarkada bat inguru erretzeari utzi zioten erretzaile ohiei ere.

José Miguel Izquierdo toraxeko kirurgialariaren hitzetan, “Gipuzkoan diagnostikatzen diren biriketako minbizi-kasuen % 75 inguru fase aurreratuan daude, eta horrek ebakuntza egitea eragozten du. Beraz, kirurgialariok gaur egun diagnostikatutakoen % 25i bakarrik egin diezaiokegu ebakuntza, kirurgia gaixotasunaren hasierako faseetan egiten baitugu”. “Programa honen helburua da joera horri buelta ematea eta biriketako minbizia duten pazienteen biziraupena hobetzea”, adierazi du José Miguel Izquierdo kirurgialari torazikoak.

Tabakoa erretzeko ohitura uztearen garrantzia nabarmendu behar da

Biriketako minbizia da minbiziak eragindako heriotzen arrazoi nagusia mundu osoan, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan; eta gauza bera gertatzen da Gipuzkoan ere.

Lehen, biriketako minbiziaren eragina handiagoa zen gizonezkoetan, batez ere 55 urtetik gorakoetan; gaur egun, adin horretatik aurrera, emakumeei ere proportzio berean eragiten die. José Miguel Izquierdoren hitzetan, “tabakismoa uztearen premia nabarmendu behar zaie herritarrei eta, hori errazteko, erretzeko ohitura kentzeko programak sustatu behar dira”.