Bihotz Bizi elkarteak bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen III. topaketa antolatuko du Poliklinikan

• Bihar, asteartez (apirilak 16), egingo da topaketa, arratsaldeko bost eta erdietan (17:30) Gipuzkoako Poliklinikako ekitaldi-aretoan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte sartu ahal izango delarik

 

  • Topaketa horietan bihotzeko patologiak dituzten pazienteei laguntza emateko saioak egingo dira.
  • III. topaketa horretan Elena Yanguasek parte hartuko du, osasunaren psikologian aditua. Bera izango da topaketak zuzentzeaz arduratuko dena. Gainera, hiru pazientek beren bizipenen inguruko azalpenak emango dituzte bertatik bertara.
  • Aurreko topaketek izandako arrakasta ikusirik (aurreko topaketan 80 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten), elkarteak saio horiek urte guztian zehar antolatzen jarraitzea erabaki du Gipuzkoako Poliklinikaren lankidetzarekin.

 

Donostia, 2013ko apirilak 15.- Bihotz Bizi elkarteak bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen hirugarren topaketa antolatuko du bihar, asteartez (apirilak 16). Ekitaldia arratsaldeko bost eta erdietan (17:30) izango da Gipuzkoako Poliklinikako ekitaldi-aretoan. Sarrera doakoa izango da eta edukiera bete arte sartu ahal izango da.

Bilkura horietan bihotzeko patologiak izan dituzten pazienteei laguntzeko saioak egiten dira. Hala, esperientziak trukatuz, antzeko egoera bizi duten beste paziente batzuen babesa jaso dezakete. Jose de la Fuente hizlaria izan zen bigarren topaketan eta elkarteko kide da. Bere hitzetan “bakoitzak bere esperientzia azaltzen du eta besteari baliogarri zaio halako arazo eta zailtasunak izan dituen bakarra ez dela ohar dadin”.

III. topaketa honetan Elena Yanguas psikologoak parte hartuko du, aurrerantzean saio horiek zuzentzeaz arduratuko dena. “Elkarteko kideen artean egindako inkesta baten emaitzak oinarri hartuta, gure jarduera eta dinamikak partaideei interesgarri zaizkien gaietara eramaten ditugu” adierazi du psikologoak.

Kasu honetan Maria Mogollo, Pablo Diaz de Guereño eta Teofilo Alejos izango dira beren esperientzien azalpenak emango dituztenak. Hala, beren bizipenak aipatzeaz gain, egun bizi duten egoerari buruzko informazioa emango dute. Bertaratzen den orok ekar dezake laguna, izan ere, sarritan familia euskarri sendoa izaten da esperientziak azaltzeko orduan.

Bigarren topaketaren arrakasta ikusirik (80 pertsona baino gehiago bertaratu ziren), Bihotz Bizi elkarteak urte guztian zehar saio horiekin jarraitzea erabaki du Gipuzkoako Poliklinikaren lankidetzarekin.

 

Bihotz Bizi Elkartea // www.corazonvivo.com

Bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen bilkura horiez gain, Bihotz Bizi elkarteak beste hainbat jarduera burutzen ditu, esate baterako, hitzaldiak, bisitaldiak pazienteei, bihotz-hodietarako osasungarriak diren gosariak eskola-umeei zuzenduta, etab. Halaber, elkartearekin lankidetzan, Gipuzkoako Poliklinikak Osteratxo Kardiobaskular izenekoak antolatzen ditu. Jarduera hori lagungarria da pazienteentzat, bai errehabilitazio kardiakoari dagokionez, eta baita antzeko egoera bizi duten adiskide berriak ezagutzeko ere.

Irabazi asmorik gabeko elkarte hau bihotz-hodiekin lotutako gaitzak pairatzen dituzten pertsonek osatzen dute. Elkartearen helburua bihotz-hodietako gaitzak dituzten pazientei eta beren familiei laguntzea da. Horrez gain, herritarren artean informazioa zabaldu nahi da, bihotz-hodietako gaixotasunen agerpena prebenitze aldera, hori baita, gaur egun, gure gizarteko heriotza-kausa nagusiena. Gaur egun, elkarteak 300 bazkide baino gehiago ditu Euskadi osoan zehar.

 

 

 


Emakumearen unitate berria

Gipuzkoako Poliklinikak Emakumearen Unitate Integrala irekiko du, osasun pribatuan Gipuzkoan dagoen lehena eta zentro berean zerbitzu guztiak baitaratzen dituena

Gipuzkoako Poliklinikak datorren astelehenean (apirilak 8) Emakumearen Unitate Integral berria irekiko du. Unitate horrek espezialitate hauek baitaratzen ditu, besteak beste: Laguntza bidezko Ugalketa, horren inbaditzailea ez den kirurgia nahiz errobot-kirurgia eta kirurgia onkologikoa. Arlo horietan unitate erreferente izan nahi du Espainiako iparraldearentzat.

Unitate berriaren aurkezpenean Ignacio Gallo Gipuzkoako Poliklinikako Presidenteak Poliklinikako unitate berria osatzen duen mediku-taldea azpimarratu nahi izan du. Diziplina anitzeko taldea da, espezializazio-maila handikoa eta esperientzia egiaztatua duena. Halaber, Gipuzkoako Poliklinika Gipuzkoan Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU) baitaratzen duen ospitale pribatu bakarra dela azpimarratu du.


Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauean, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta

Apirilak 2, Autismoaren Nazioarteko Eguna

  • Gaur gauean, apirilak 2, Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauez, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta.
  • Jarduera hori DONOSTIAutism izenekoan barneratzen da. Donostiako hiritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko urtea izen horrekin ezagutarazi eta antolatu du Gipuzkoako Poliklinikako Fundazioak. Ekimenaren une gorena maiatzaren 1etik 4ra bitartean izango da, orduan International Meeting for Autism Research (IMFAR) delakoa hartuko baitu hiriak.
  • IMFAR espainieraz hitz egiten den Europako herrialde batean ospatuko da lehen aldiz eta autismoaren inguruko ehunka ikertzaile bertaratuko dira, autismoari buruzko 800 lan berri baino gehiago aurkeztuko dituztenak.

 

Donostia, 2013ko apirilak 2.- Gaur, apirilak 2, Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauean, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez. Jarduera Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu du Gautenaren lankidetzarekin.

Ekimena Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzentzen duen DONOSTIAutism urtean (hiritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko urtea) kokatzen da. Urtean zehar autismoa babesteko hainbat ekitaldi izango dira eta maiatzaren 1tik 4ra bitartean izango du une gorena, orduan IMFAR delakoa hartuko baitu hiriak. Kongresu hori da mundu mailan egiten den garrantzitsuena, izan ere, ehunka ikertzaile hurreratu ohi dira autismoaren inguruan egindako azken aurrerapenak aurkezteko asmoz. Lehen aldiz Europan ospatuko da, ingelesez hitz egiten ez den herrialde batean.

Joaquin Fuentes haurren psikiatra da eta Gipuzkoako Poliklinika Fundazioko presidentea. Berak ziurtatu duenez, IMFAR arrakasta izango da “autismoari buruzko 800 lan berri baino gehiago ditugu eta Donostian aurkeztuko dira. Hori izugarria da guretzat, autismoa pairatzen duten familia guztientzat aurrera egiteko itxaropena da”.

 

Apirilean zehar asko izango dira gauzatuko diren jarduera eta ekitaldiak, hainbat instituzioren eta herritarren babesa izango dutenak:

–                    Apirilak 2 (Kursaal Jauregian fatxada) – Gaueko argiztapena kolore urdinean, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta.

–                    2013ko apirilak 20 (Eureka! Zientzia Museoa) – Haur-sormenerako mintegi parte-hartzailea, Juan Gorritik girotuta, autismoa duten haurrekin eta haien ikaskideekin.

–                    2013ko apirilak 29 / maiatzak 5 (Kursaaleko Terrazak) – Laguntza premia duten pertsonen asistentziarako teknologiaren LaguntzaTEK erakusketa, Donostia Sustapenak babestuta.

–                    Apirilak 29 (Convention Bureau) – D / SS INFO – PIKTO delakoaren doako argitalpena paperean nahiz euskarri digitalean. Argitalpen hori muga intelektualak edo komunikaziozkoak dituzten bisitariei zuzendutako hiri baten lehen seinale-gida unibertsala da, ARASAAC (Komunikazio Handigarri eta Alternatiborako Aragoko Ataria) atariaren lankidetzarekin burutua.