Umetoki barnean intseminazio artifizialaren bidez emaile baten esperma ezartzea

Ama izatea emakume askok betidanik desiratu duten esperientzia da. Quirónsalud Donostia ospitalean urteak daramatzagu amets hori errealitate bihurtzen.

Bikoterik ez baduzu, zure bikotea emakumezkoa bada edo zure bikoteak azoospermia badauka, ez diozu zertan ama izateari uko egin behar.

Nahi izatea besterik ez duzu eta guk gure esperientzia, profesionalak eta teknika berritzaileenak eskainiko dizkizugu. IADa (emaile-haziarekin egindako intseminazio artifiziala) irtenbide bat izan daiteke. Mundu osoko milioika emakumeri ama izatea baimendu dion teknika erraz eta eraginkorra da.

Egokiespenak

  • Bikote heterosexualentzat*
    • Buxadurak eragindako azoospermia
    • Azoospermia jariatzailea
    • Gizonezkoak asaldura genetikoren bat izanik, haren esperma erabiltzea gomendagarria ez bada.
    • Gizonezkoa seropositiboa bada eta ezin bada esperma garbitu.
    • Eiakulazio eza.
      * Aipatu berri dugun zenbait patologiaren kasuan, gaur egun ICSI-TESA (Espermatozoide-injekzio intrazitoplasmatikoa eta Testikuluetako epididimotik esperma xurgatzea) teknikak ere erabil daitezke.
  • Seme-alabak izan nahi dituzten emakume lesbianentzat, edo bikoterik ez duten emakumeentzat.

Desegokiespenak

  • Aldebiko faktore tubarikoa.
  • Hodi-atxikidura faktorea.
  • Endometriosi larria.

Teknika

  • Obulazioa eragiteko, zikloaren bigarren egunetik gonadotropina errekonbinanteak (FSH) emango zaizkio pazienteari “step-down” ereduari jarraituz (dosia gutxituz). Ziklo naturalarekin ere egin daiteke baina haurdunaldia lortzeko aukerak nabarmen murrizten dira.
  • Obulazioa eragiteko tratamendua jarraitzeko, bagina ekografiaren bidez eta beta-estradiola neurtuz folikuluen garapena behatuko dugu.
  • Intseminazioak zein egunetan izango diren erabakitzeko, batezbeste, hiru kontrol kliniko egin behar dira.
  • Folikuluek, batezbeste, 18-20 mm-ko diametroa dutenean, jatorri errekonbinantea duen HCGaren 5.000 UI dosia ezarriko da; eta umetoki barneko bi intseminazio programatuko dira hurrengo bi egunetarako. Intseminazio bakoitzak esperma garbitzea eta gaitzea dakar, eta ondoren, umetoki barrunbean sartuko da dagokion kateterra erabiliz. Teknika horrek ez du eskatzen ebakuntza kirurgikorik ezta analgesiarik ere; beraz, ginekologia kontsultan bertan egin daiteke, pazienteak, gero, ohean egoteko beharrik izan gabe.
  • Intseminaziotik 14 egun igaro direnean, pazienteak hilekorik izan ez badu, haurdunaldiaren testa egingo du (gernuko Beta-HCGa aztertuz).

Pazientea haurdun geratzen ez bada, beste ziklo bati emango zaio hasiera hilekoaren bigarren egunetik aurrera.

Emaitzak

Gure Laguntza bidezko Ugalketako Unitatean, ziklo edo saiakera bakoitzeko haurdun gelditzeko aukera %35 inguruan dabil. Gaur egun, 3 intseminazio ziklo egiten ditugu, eta, ziklo bakoitzean, beti, 2 intseminazio daude; haurdunaldi tasa metatua %90ekoa da.

Eragozpenak

  • Lortutako haurdunaldien %25a haurdunaldi anizkoitza da.
  • Kiste anitzeko obulutegiaren sindromea duten edo 30 urte baino gutxiago duten pazienteen artean, obulutegiaren hiperestimulazio sindromea gertatu izan da (kasuen %1a).
  • Behin eta berriro huts egiteak kalte psikologikoa eragin dezake.