“Garrantzitsua da emakumea erditzean lagunduta sentitzea, prozesu fisikoaz gain, emozionala ere badelako”

Gipuzkoako Poliklinikak eskola teorikoak, bisita gidatuak eta akonpainamendu emozionala eskaintzen ditu antsietatea murrizteko eta erditzearen esperientzia hobetzeko.

Azken urteotan, Erditze Plan Pertsonalizatua funtsezko tresna bihurtu da Euskal Autonomia Erkidegoko arreta obstetrikoan. Dokumentu horrek aukera ematen die emakumeei erditze-prozesuari buruz dituzten lehentasunak adierazteko, hasi minaren maneiutik eta nahi duten akonpainamendu motaraino. Helburua da ama ahalduntzea da, talde medikoarekin komunikazioa hobetzea eta antsietatea murriztea hain garrantzitsua den une honen aurrean. Gipuzkoako Poliklinikako emaginak, Paula Rodriguezek, emakume bakoitzak bere Erditze Plan Pertsonalizatua egitearen garrantzia azpimarratu du. “Ideala da erditu aurretik egitea, gutxienez hilabete bat, ideia bat egiteko, emakumeak zer nahi duen argi izateko. Momentu horrek zalantza dezente argitzeko ere balio du, eta espektatiba errealagoak sortzen ditu”, azaldu du. Zentroan erabakiak errespetatzen dira, betiere amaren eta haurraren arteko binomioaren osasunak horretarako aukera ematen badu.

Erditze aukerei buruz, anestesia epidurala aukeratzea oso pertsonala dela argitu du Rodriguezek. “Mina eta deserosotasuna emakume bakoitzak sentituko ditu. Gaur egun epidurala izugarri aldatu da, medikazio mailak baxuak dira eta ez dugu emakume bat ohean immobilizatuta edukitzen, hori ez da helburua”. Gaineratu du arnasa hobeto hartzeko eta erlaxatzeko aukera ematen duela, nahiz eta monitorizazio handiagoa behar duen, eta horrek mugikortasuna mugatu dezake une batzuetan. Mina eta antsietatea kontrolatzeko, arnasketaren garrantzia nabarmentzen du: “Muskulatura oxigenatu egin behar da. Ondo arnasten duen emakume batek askoz hobeto jasango du erditze-lana, eta erlaxazio proaktiboa izango du uzkurduren artean”.

Gipuzkoako Poliklinikako emaginak, Paula Rodriguezek, era berean, ingurunea eta akonpainamendu emozionala funtsezkoak direla dio. “Asko laguntzen die aurpegi ezagunak ikusteak. Zentroa aldez aurretik ezagutzeak dezente gutxitzen du susto hori, aurretik bizi izan ez duten une batekiko beldur hori. Batez ere lehen haurra izango duten emakumeei buruz ari naiz.”

Gipuzkoako Poliklinikak erditzerako prestakuntza ikastaroa eskaintzen du, hiru klase teorikoz eta PariTour izeneko bisita gidatuaz osatua. Horietan, erditzearen zeinuak, puerperioa, jaioberriaren zainketak eta edoskitzea lantzen dira. “Hitzaldi bat emateaz harago, emakumearekin kontaktua egitea da asmoa, momentuan bertan zalantzak argitzea eta ondoan gaudela sentiaraztea”. Eskolak 28-30 astetik aurrera gomendatzen dira, eta informazioa eska daiteke matronas.gpk@quironsalud.es helbidera idatziz.

Prestakuntza fisikoari dagokionez, jarduera egokitua gomendatzen du, hala nola uretako ariketak edo haurdunentzako yoga. “Erditzeko prozesuak eskakizun fisiko handia du. Kontraindikazio medikorik ez badago, aktibo egotea gomendatzen da”.

Erditze ondorengo aldiari dagokionez, bigarren mailan geratu ohi dela ohartarazi du Rodriguezek. “Haurtxoa jaiotzen denean, fokua haurtxoarengana joaten da, eta amaz pixka bat ahaztu egiten gara. Aldaketa hormonal handia dago, baita ardura berria ere. Denbora behar da, familia sarean babestu eta zereginak delegatu behar dira”. Edoskitzeari dagokionez, heltzeko teknika on batek konplikazioak prebenitzen dituela azpimarratu du. “Haurtxoak bularrari ondo heltzen badio, ez luke egon behar ez zartadurarik ez pitzadurarik. Azala egokitu egiten da”. Halaber, argitu du jada ez dela gomendatzen denbora erlojuarekin kontrolatzea: “Orain gomendatzen da haurtxoak bular bat erabat hustea, bestea eskaini aurretik”.

“Badakigu amagandiko edoskitzea dela aukerarik onena haurtxoarentzat, baita ama suspertzeko ere. Baina bietako bat ados ez badago, ez du funtzionatuko. Orduan, esne artifizial horretara aldatzeko aukera dugu, oso ondo elikatuko baitu haurra, eta ez dugu inolako erruduntasunik sentitu behar horregatik”.