Kirol-kardiologia Policlínica Gipuzkoara iritsi da, kirolariei segurtasun handiagoz entrenatzen laguntzeko
- Ariana Álvarez doktoreak zuzentzen du zerbitzu berri hau, bai kirolari afizionatuei bai profesionalei zuzendua.
- Balorazio kardiologikoek arrisku kardiobaskular posibleak hautematea eta kirol-errendimendua optimizatzea ahalbidetzen dute, ergospirometria bezalako proba aurreratuen bidez.
- Herri-lasterkarien, triatleten eta erresistentzia-kiroletako zaleen gorakadak bihotz-azterketa espezifikoen beharra areagotu du.
Kirolaren praktikak inoiz ez bezalako gorakada bizi du, eta horrekin batera, gero eta garrantzitsuagoa da erronka fisiko zorrotzei aurre egin aurretik osasun kardiobaskularraren egoera ezagutzea. Behar horri erantzuteko, Ariana Álvarez doktoreak Kirol Kardiologiako kontsulta berria jarri du martxan Policlínica Gipuzkoan. Zerbitzu honen helburua da arriskuak prebenitzea, kirola egitean segurtasuna handitzea eta kirolariei entrenamenduak optimizatzen laguntzea.
“Kirol-kardiologia kardiologiaren adar bat da, eta kirola modu erregularrean egitean bihotzean gertatzen diren egokitzapenak eta aldaketak aztertzen ditu”, azaldu du Ariana Álvarezdoktoreak. “Gure helburua da ariketa fisikoa egiten duten pertsonen osasun kardiobaskularra ebaluatzea, arriskutsuak izan daitezkeen gaixotasunak detektatzea eta kirolari bakoitzak bere ezaugarrien arabera modu seguruan entrenatzea”.
Espezialistak nabarmendu du diziplina honek garrantzi berezia hartu duela azken urteotan, herri-kirolaren hazkundearen ondorioz. “Gero eta pertsona gehiagok parte hartzen dute lasterketetan, maratoietan, triatloietan edo distantzia luzeko probetan. Gizartea gero eta kontzienteagoa da ariketa fisikoa funtsezkoa dela zahartze osasungarrirako, baina modu seguruan egiten dugula ere ziurtatu behar dugu”, adierazi du.
Doktoreak azpimarratu du azterketa hauek ez daudela eliteko kirolarientzat soilik pentsatuta. “Balorazio hauek onura handia ekar diezaiekete kirolari afizionatuei ere”, dio. “Bereziki gomendagarriak dira modu erregularrean ariketa egiten dutenentzat, entrenamenduen intentsitatea handitu nahi dutenentzat, erronka zorrotzak prestatzen ari direnentzat edo urteetako sedentariotasunaren ondoren kirolera itzultzen direnentzat”.
Kontsulta berriak hainbat tresna diagnostiko izango ditu: elektrokardiogramak, ekokardiogramak, esfortzu-probak eta ergospirometriak. “Elektrokardiograma kirol-azterketa ororen atea da, bihotzeko alterazio posibleak identifikatzen laguntzen baitigu. Bihotzeko ekografiak haren egitura eta funtzioa aztertzea ahalbidetzen du; ergospirometria, berriz, gaur egun erreferentziazko proba da entrenamendu-atalaseak ezagutzeko eta entrenamenduak nahiz lehiaketak hobeto planifikatzeko”, azaldu du.
Espezialistak gomendatzen du balorazio kardiobaskular bat egitea eskakizun handiko probei aurre egin aurretik. “Maratoi bat, triatloi bat edo Ironman bat prestatzeak organismoari karga fisiko handia ezartzen dio. Urrats hori eman aurretik, gure bihotza prest dagoela ziurtatu behar dugu”, adierazi du. “Bidaia luze baten aurretik autoa berrikusten dugun bezala, gure osasun-egoera ere berrikusi beharko genuke horrelako erronkei aurre egin aurretik”.
Horrez gain, alarma-seinale jakin batzuk inoiz ez direla alde batera utzi behar gogorarazi du kardiologoak: bularreko mina, zorabioak, konorte-galerak, palpitazioak edo kirol-errendimenduaren azalpenik gabeko beherakada. Sintoma horiek espezialista batengana jotzeko arrazoi nahikoak dira.
Azkenik, Ariana Álvarez doktoreak herritarrak aktibo mantentzera animatu ditu, baina betiere arduraz. “Ariketa fisikoa egitea gure osasun kardiobaskularra zaintzeko hartu dezakegun erabakirik onenetako bat da. Nire gomendioa da zentzuz egitea, gorputzari entzunez eta aurrez gure osasun-egoera ezagutuz, kirolaz segurtasun osoz gozatzeko”.
