Donostia, autismoaren munduko hiriburua maiatzaren 2tik 4ra

IMFAR 2013

 

  • Hiriak International Meeting for Autism Research (IMFAR) izenekoaren XII. edizioa hartuko du bihartik aurrera. Autismoaren inguruan nazioartean erreferente den kongresu horretan 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Gipuzkoako hiriburuan eta gaixotasunarekin lotutako 800 ikerlan baino gehiago aurkeztuko dira.
  • IMFAR gaixotasunaren inguruan urtero egiten den topaketa da eta, aurten, lehen aldiz garatuko da ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean.
  • Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzenduko du IMFAR 2013.
  • Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze ikastaro bat burutu da gaurko egunez tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua, nazioarteko aditu ugarik parte hartu dutelarik.
  • Halaber, Kursaaleko Ganbera Aretoan IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izan dira ikusgai.

Donostia, 2013ko maiatzak 1.- Bihartik aurrera eta datorren larunbata bitartean (maiatzaren 2tik 4ra) autismoaren ikerketan nazioartean garrantzi gehien duen topaketa zientifikoa hartuko du Donostiak. Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzendutako topaketan bost kontinentetako zientzialariak elkartuko dira autismoaren diagnosi, kausa eta gaixotasunarekin lotutako nahasmenduen tratamenduari buruzko azken aurkikuntza eta ikerketen inguruan eztabaidatzeko (*Programa atxikitzen da).

IMFAR 2013 topaketan kontinente guztietako 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Donostian eta autismoari buruzko 800 ikerlan berri aurkeztuko direla aurreikusten da.

Lehen aldiz ospatuko da IMFAR ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean. 2008. urtean soilik ospatu zen Iparramerikatik at. Orduan Londresen garatu zen. Horrenbestez, Donostia leku historikoa izango da, autismoaren ikerketan “munduko gailurtzat” jo ohi diren zientzia-ekitaldi garrantzitsu horiekin lotuta.

Topaketa gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Bertan gaixotasunarekin lotutako hainbat ikerlan eta ikerketa aurkeztu dira. Besteak beste, terapietan errobotak erabiltzeari buruzkoa eta terapietan erabiltzeko hobekuntza-mekanismo neuronalei buruzkoa. Horiez gain, hainbat kasu praktiko azaldu dira. Kaliforniako Unibertsitatea, Yale Unibertsitatea, Notre Dame Unibertsitatea edo Marcus Autism Center dira punta-puntako ikerketa eta ikerlan horien egileak.

Halaber, Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze-ikastaroa garatu da gaur, zortzi orduko iraupenekoa, eta tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua. Tartean nazioarteko aditu ugari izan dira eta, horrez gain, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingeles hizkuntzen arteko itzulpen zerbitzua gaitu da.

Orobat, Kursaaleko Auditoriumean IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatuko da arratsaldean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izango dira ikusgai.

 

Autismoa

Autismo haurtzaroaren garapeneko nahasmendu neurobiologikoa da. Normalean, eragin negatibo nabarmena izan ohi du gaixotasuna duten haurrengan. Sozializazioan, komunikazioan, irudimenean eta portaeran atzerapenak eta mugak izatea; horiexek nahasmenduaren ezaugarrietako batzuk. Maiz bestelako ezintasun edo osasun-arazo batzuekin batera ematen da. Gainera, autismoa pairatzen duten pertsona gehienek gutxieneko bizi-kalitatea garatzen laguntzeko neurriak behar izaten dituzte bizitza osoan zehar. Egun nazioartean diagnosirako erabiltzen diren irizpideen arabera, autismoa orokorrean pentsatzen dena baino maizago agertu ohi da. Hala, ikerketa sofistikatuenen arabera, AEBko zortzi urteko 88 haurretatik batek izan ohi du autismoa (mutikoen artean maizago ematen da, zehazki esatera, 54 mutikotik batek izan ohi du). Haatik, Hego Korean berriki egindako ikerketa sakon batean ikusi ahal izan denez, zazpi eta hamabi urte bitarteko 38 haurretatik batek autismoa pairatzen du.

Hori dela eta, herrialde ugaritan autismoari aurre egiteko plan bereziak gaitu dira eta nahasmendu hori hobeto ulertu, tratatu eta, etorkizunean, kasu batzuk sendatu edo prebenitzeko (gaur egun hori ezinezkoa da) baliabide asko finkatu dira. Horregatik, IMFAR topaketak munduko ekipamendu onenak elkartzea ahalbidetzen du. Horrela, pertsona eta familia asko eta askorentzako aurrerapen eta itxaropenerako arrazoia da.

 

DONOSTIAutism: IMFAR 2013 zehazteko herri-ekimena

Hitzordu garrantzitsu honen harira, azken hilabeteetan herritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat ekitaldi garatu dira Donostian. IMFAR (International Meeting for Autism Research) topaketarekin jarriko zaio azken puntua ekimenari.

Ekitaldiak 2012an hasi ziren eta aurten ere izan dira. Datozen egunetan, oraindik, izango dira hitzorduak, egutegi honen arabera:

  •  2013ko apirilak 29 / maiatzak 5 (Kursaaleko Terrazak) – Laguntza premia duten pertsonen asistentziarako teknologiaren LaguntzaTEK erakusketa, Donostia Sustapenak babestuta.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia). Ekimen aitzindaria Kongresuen Jauregian. Diseinu unibertsaleko seinaleak paratuko dira zientzia-jarduneko egunetan. Horretarako, muga intelektual edo komunikaziozkoak dituzten pertsonek ulertzeko moduko piktogramak erabiliko dira (ARASAAC atariarekin lankidetzan).
  • Maiatzak 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia) – International Meeting for Autism Research topaketa burutuko da (IMFAR 2013).
  • Maiatzak 2 / 3 (Inbiomed; Basque Center on Cognition, Brain and Languaje; Gipuzkoako Medikuen Elkargo Ofiziala eta Andia kaleko Kutxako ekitaldi-aretoa) – Kongresutik adituek irteerak egingo dituzte Gipuzkoako profesional eta ikertzaileekin topaketak burutzeko.
  • Maiatzak 4 / 5 (NH Aranzazu Hotela) – Gautenak Europako Autismoaren Urteko Kontseilu eta Asanblada antolatuko du. Bertan, 30 herrialdetako kaltetutako pertsonen senideen 80 elkarte baitaratzen dira.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 (Haizearen Orrazia, Santa Clara irlaren itsasargia, Udaletxeko fatxada, Kursaaleko fatxada) – Gaueko argiztapena kolore urdinez IMFAR topaketak burutzen diren bitartean, Donostiak autismoari emandako babesaren erakusgarri.


Fundazioa / Fundación Policlínica Gipuzkoa eta Euskadiko Orkestrak IMFAR 2013 kongresuaren harrera kontzertua aurkezten dute

Maiatzaren 1 asteazkenean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Fernando Velázquez konpositoreak zuzenduta, hilaren 2, 3 eta 4ean Donostian izango den International Meeting for Autism Research (IMFAR) 2013 topaketaren harrera kontzertua eskainiko du. Emanaldiaren aurretik Yoko Onoren bideo-agurra emitituko da auditorioan eta kontzertuan, halaber, James Hobley autismoa duen britaniar dantzaria ariko da.

Euskadiko Orkestrak askotariko egitaraua eskainiko du, Beethoven, Rossini, Fauré edo Bizeten lanak John Lennon, John Williams edo Fernando Velázquezenekin batera. Fernando Velázquezek berak zuzenduko du Orkestra. Bi bider Goya sarietan nominatua, Ojo Crítico 2012 saria eta Malagako Zinema Jaialdian saritu berri duten getxotar konpositorea sarritan aritzen da Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan. 2009an “El mal ajeno” pelikularen soinu banda grabatu zuten elkarrekin eta ondoren “Madera de deriva” doinua, Jorge Drexler kantautoreak gailu mugikorretarako sortutako “n” aplikaziorako. Joan zen irailan izandako Zinemaldian Juan Antonio Bayonaren “Lo Imposible” filmeko soinu bandaren zuzeneko estreinaldia burutu zuten EOS eta Fernando Velázquezek.

James Hobley dantzaria, lehenbiziko aldiz Kursaal Auditoriko eszenatokian. Kontzertuan gainera James Hobley autismodun britaniar dantzari gaztea ariko da. Komunikabideek “benetako Billy Elliot” gisa ezagutzera eman dutena, “Britain’s Got Talent” britaniar telebistako saio arrakastatsuko finalista izan zen 2011. urtean.


Bihotz Bizi elkarteak bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen III. topaketa antolatuko du Poliklinikan

• Bihar, asteartez (apirilak 16), egingo da topaketa, arratsaldeko bost eta erdietan (17:30) Gipuzkoako Poliklinikako ekitaldi-aretoan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte sartu ahal izango delarik

 

  • Topaketa horietan bihotzeko patologiak dituzten pazienteei laguntza emateko saioak egingo dira.
  • III. topaketa horretan Elena Yanguasek parte hartuko du, osasunaren psikologian aditua. Bera izango da topaketak zuzentzeaz arduratuko dena. Gainera, hiru pazientek beren bizipenen inguruko azalpenak emango dituzte bertatik bertara.
  • Aurreko topaketek izandako arrakasta ikusirik (aurreko topaketan 80 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten), elkarteak saio horiek urte guztian zehar antolatzen jarraitzea erabaki du Gipuzkoako Poliklinikaren lankidetzarekin.

 

Donostia, 2013ko apirilak 15.- Bihotz Bizi elkarteak bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen hirugarren topaketa antolatuko du bihar, asteartez (apirilak 16). Ekitaldia arratsaldeko bost eta erdietan (17:30) izango da Gipuzkoako Poliklinikako ekitaldi-aretoan. Sarrera doakoa izango da eta edukiera bete arte sartu ahal izango da.

Bilkura horietan bihotzeko patologiak izan dituzten pazienteei laguntzeko saioak egiten dira. Hala, esperientziak trukatuz, antzeko egoera bizi duten beste paziente batzuen babesa jaso dezakete. Jose de la Fuente hizlaria izan zen bigarren topaketan eta elkarteko kide da. Bere hitzetan “bakoitzak bere esperientzia azaltzen du eta besteari baliogarri zaio halako arazo eta zailtasunak izan dituen bakarra ez dela ohar dadin”.

III. topaketa honetan Elena Yanguas psikologoak parte hartuko du, aurrerantzean saio horiek zuzentzeaz arduratuko dena. “Elkarteko kideen artean egindako inkesta baten emaitzak oinarri hartuta, gure jarduera eta dinamikak partaideei interesgarri zaizkien gaietara eramaten ditugu” adierazi du psikologoak.

Kasu honetan Maria Mogollo, Pablo Diaz de Guereño eta Teofilo Alejos izango dira beren esperientzien azalpenak emango dituztenak. Hala, beren bizipenak aipatzeaz gain, egun bizi duten egoerari buruzko informazioa emango dute. Bertaratzen den orok ekar dezake laguna, izan ere, sarritan familia euskarri sendoa izaten da esperientziak azaltzeko orduan.

Bigarren topaketaren arrakasta ikusirik (80 pertsona baino gehiago bertaratu ziren), Bihotz Bizi elkarteak urte guztian zehar saio horiekin jarraitzea erabaki du Gipuzkoako Poliklinikaren lankidetzarekin.

 

Bihotz Bizi Elkartea // www.corazonvivo.com

Bihotzeko ebakuntza egindako pazienteen bilkura horiez gain, Bihotz Bizi elkarteak beste hainbat jarduera burutzen ditu, esate baterako, hitzaldiak, bisitaldiak pazienteei, bihotz-hodietarako osasungarriak diren gosariak eskola-umeei zuzenduta, etab. Halaber, elkartearekin lankidetzan, Gipuzkoako Poliklinikak Osteratxo Kardiobaskular izenekoak antolatzen ditu. Jarduera hori lagungarria da pazienteentzat, bai errehabilitazio kardiakoari dagokionez, eta baita antzeko egoera bizi duten adiskide berriak ezagutzeko ere.

Irabazi asmorik gabeko elkarte hau bihotz-hodiekin lotutako gaitzak pairatzen dituzten pertsonek osatzen dute. Elkartearen helburua bihotz-hodietako gaitzak dituzten pazientei eta beren familiei laguntzea da. Horrez gain, herritarren artean informazioa zabaldu nahi da, bihotz-hodietako gaixotasunen agerpena prebenitze aldera, hori baita, gaur egun, gure gizarteko heriotza-kausa nagusiena. Gaur egun, elkarteak 300 bazkide baino gehiago ditu Euskadi osoan zehar.

 

 

 


Emakumearen unitate berria

Gipuzkoako Poliklinikak Emakumearen Unitate Integrala irekiko du, osasun pribatuan Gipuzkoan dagoen lehena eta zentro berean zerbitzu guztiak baitaratzen dituena

Gipuzkoako Poliklinikak datorren astelehenean (apirilak 8) Emakumearen Unitate Integral berria irekiko du. Unitate horrek espezialitate hauek baitaratzen ditu, besteak beste: Laguntza bidezko Ugalketa, horren inbaditzailea ez den kirurgia nahiz errobot-kirurgia eta kirurgia onkologikoa. Arlo horietan unitate erreferente izan nahi du Espainiako iparraldearentzat.

Unitate berriaren aurkezpenean Ignacio Gallo Gipuzkoako Poliklinikako Presidenteak Poliklinikako unitate berria osatzen duen mediku-taldea azpimarratu nahi izan du. Diziplina anitzeko taldea da, espezializazio-maila handikoa eta esperientzia egiaztatua duena. Halaber, Gipuzkoako Poliklinika Gipuzkoan Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU) baitaratzen duen ospitale pribatu bakarra dela azpimarratu du.


Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauean, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta

Apirilak 2, Autismoaren Nazioarteko Eguna

  • Gaur gauean, apirilak 2, Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauez, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta.
  • Jarduera hori DONOSTIAutism izenekoan barneratzen da. Donostiako hiritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko urtea izen horrekin ezagutarazi eta antolatu du Gipuzkoako Poliklinikako Fundazioak. Ekimenaren une gorena maiatzaren 1etik 4ra bitartean izango da, orduan International Meeting for Autism Research (IMFAR) delakoa hartuko baitu hiriak.
  • IMFAR espainieraz hitz egiten den Europako herrialde batean ospatuko da lehen aldiz eta autismoaren inguruko ehunka ikertzaile bertaratuko dira, autismoari buruzko 800 lan berri baino gehiago aurkeztuko dituztenak.

 

Donostia, 2013ko apirilak 2.- Gaur, apirilak 2, Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Kursaal Jauregiko fatxada kolore urdinean argiztatuko da gauean, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez. Jarduera Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu du Gautenaren lankidetzarekin.

Ekimena Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzentzen duen DONOSTIAutism urtean (hiritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko urtea) kokatzen da. Urtean zehar autismoa babesteko hainbat ekitaldi izango dira eta maiatzaren 1tik 4ra bitartean izango du une gorena, orduan IMFAR delakoa hartuko baitu hiriak. Kongresu hori da mundu mailan egiten den garrantzitsuena, izan ere, ehunka ikertzaile hurreratu ohi dira autismoaren inguruan egindako azken aurrerapenak aurkezteko asmoz. Lehen aldiz Europan ospatuko da, ingelesez hitz egiten ez den herrialde batean.

Joaquin Fuentes haurren psikiatra da eta Gipuzkoako Poliklinika Fundazioko presidentea. Berak ziurtatu duenez, IMFAR arrakasta izango da “autismoari buruzko 800 lan berri baino gehiago ditugu eta Donostian aurkeztuko dira. Hori izugarria da guretzat, autismoa pairatzen duten familia guztientzat aurrera egiteko itxaropena da”.

 

Apirilean zehar asko izango dira gauzatuko diren jarduera eta ekitaldiak, hainbat instituzioren eta herritarren babesa izango dutenak:

–                    Apirilak 2 (Kursaal Jauregian fatxada) – Gaueko argiztapena kolore urdinean, munduko eraikin enblematiko ugarirekin bat eginez, Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta.

–                    2013ko apirilak 20 (Eureka! Zientzia Museoa) – Haur-sormenerako mintegi parte-hartzailea, Juan Gorritik girotuta, autismoa duten haurrekin eta haien ikaskideekin.

–                    2013ko apirilak 29 / maiatzak 5 (Kursaaleko Terrazak) – Laguntza premia duten pertsonen asistentziarako teknologiaren LaguntzaTEK erakusketa, Donostia Sustapenak babestuta.

–                    Apirilak 29 (Convention Bureau) – D / SS INFO – PIKTO delakoaren doako argitalpena paperean nahiz euskarri digitalean. Argitalpen hori muga intelektualak edo komunikaziozkoak dituzten bisitariei zuzendutako hiri baten lehen seinale-gida unibertsala da, ARASAAC (Komunikazio Handigarri eta Alternatiborako Aragoko Ataria) atariaren lankidetzarekin burutua.

 

 


Gipuzkoako poliklinika, aitzindaria hazkunde-faktoreak aplikatzen bihotzeko kirurgian

Egun hauetan Bilbon Biospain Feria egiten ari denez Gipuzkoako Poliklinikak hazkunde-faktoreen aplikazioan izandako emaitzak argitaratzen ditu

Ignacio Gallok zuzentzen duen bihotz kirurgiako taldea oinarrizko ikerkuntzako bi ikerketen liderra izan da hazkunde-faktoreekin: lehenengoan bularrezurraren birsorkuntzari emandakoa bihotzeko kirurgia ondoren, 2008an fase klinikoan sartu zen pazienteekin, emaitza bikainak lortuz ikertutako 2.000 paziente baino gehiagorengan.

Eta bigarrena, miokardioaren birsorkuntzara orientatuta infartuaren ondoren, ardiekiko fase esperimentalean, oraindik bere laborategian, oso emaitza itxaropentsuak lortuz eta erritmo onera aurrera eginez. Hazkunde-faktore gehienak proteina-izaerako substantziak dira, odolean daudenak. Haien funtzioa zelula-ugaritzea piztea eta birsorkuntza eta orbaintze prozesua bizkortzea da.

Ignacio Gallo bihotzeko kirurgialariak azaltzen duen bezala, “medikuntza birsortzaileak oso itxaropentsua den etorkizun bat irekitzen du, bihotzeko ebakuntza izandako gaixoen bizi-kalitatean aurrerapen handiak ekarriko dituena”. Ignacio Gallok zuzentzen duen Bihotzeko Kirurgiako taldeak aitzindaria da bihotzeko kirurgian hazkunde-faktoreak aplikatzen bularrezurra birsortzeko, eta aplikatzen hasi zenetik emaitza bikainak lortu ditu, nazioarteko aldizkari zientifiko nagusiek argiraratu dituztela. Horretako, Gasteizko Parke Teknologikoan, Miñaon, ebakuntza-gela esperimental bat du.

Hori bere lankideekin eta bere nor bere espezialitateetako hazkunde faktore aplikazioko aitzindariekin batera erabiltzen du: Mikel Sánchez traumatologoarekin eta Eduardo Anitua aurpegi-masailetako kirurgialariarekin, alegia. Bularrezurraren orbaintzea Bihotzeko kirurgiako ebakuntza orok bularrezurra puskatzea eskatzen du, bihotzera iristeko.

Orbain ikaragarri horrek, luzeran 35 zentimetro inguru dituenak, batzuetan, prozeduraren protagonista ezatsegin bihurtzen zen, orbaintze-prozesuak ekartzen duen arriskuarengatik; infekzio posibleekin, ondoeza mingarriak, etab. “Kontrolatutako pazienteen %6k zailtasunak zituzten zauri honen orbaintzean eta bularrezurrekoz auriaren finkapen txarragatik konplikazio bat jasaten duten gaixoen heriotza-tasa %40ra irits daiteke”, Ignacio Gallo Bihotzeko Kirurgialariak baieztatzen du.

Hazkunde-faktoreak aplikatuz, Ignacio Galloren taldeak erakutsi du, horiek 2.000 gaixo baino gehiagoetan aplikatu ondoren, “ebakuntza ondoko prozesuko ondoezak nabarmen murriztu direla, orbaintzea bizkortu dela, infekzio-prozesuak ekidin direla eta gaixoak azkarrago eta ondoeza gutxiagorekin osatu direla, eta salbuespenak izan dira beste ebakuntza bat eskatu duten kasuak”. Talde honek sortutako emaitzen arabera, hazkunde-faktorerik gabe, bularrezurreko zauriaren konplikazioak ematen dira bihotzeko ebakuntza izandako gaixoen %6an. Gainera, Gipuzkoako Poliklinikak bere bihotzeko kirurgiako jarduera, 1988tik, Osakidetzarekin kontzertatua du. Horregatik, gaixo horiek ere bihotzeko kirurgian hazkunde-faktoreek eskainitako aplikazioaren abantailak izan ahalko dituzte. Miokardioa birsortzea Bihotzeko kirurgialaria den Ignacio Galloren taldea, bigarren proiektu batean lanean dago; bihotzeko bat izan ondoren, hazkunde-faktoreak aplikatzeko miokardioa birsortzeko.

Ikerketa hori, oraindik, ardiekin egindako esperimentu-fasean dago; zehazki, latxa ardia aukeratu da ikerketarako, eta taldeak Neiker-Tecnalia albaitari-zentroarekin kolaborazioan lan egiten du. Ikerketa hori aurrera joanez gero, eta Ignacio Gallo kirurgialariaren hitzetan, gaixoarentzako abantailak honakoak izango lirateke: “bizi-kalitate hobea, bihotzaren potentzia handiagoa eta neke gutxiagoa miokardioko bihotzeko bat izan ondoren”. “Bihotzeko gihar-ehuna birsortzea lortzen saiatzen ari gara, zelula bizia piztuz, traumatizatuta edo hildako zonak birsortzeko, hazkunde-faktoreen aplikazioaren bidez. Egun arte, hodi txiki-txikiak agertzea lortzen ari garela ikusten ari gara, eta horrek erakusten digu bihotzekoa izandako ehun horretan, hodi-birsorkuntzako prozesu bat eragitea lortzen ari garela”.


“Ariketa egitea prebentzio kardiobaskularrerako mekanismorik ahaltsuenetako bat da” Osasun Ikasgela ospatuko da

Bihotzeko kirurgiaren aurretiko eta osteko egoera

Gipuzkoako Poliklinikako Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuko Burua den Ignacio Gallok eta Bihotzeko Errehabilitazio Zerbitzuko Burua den Eduardo Alegriak, osasun ikasgeletan parte hartu zuten atzo.

Konferentzian gai hauek jorratu zituzten: bihotzeko kirurgian azken urteetan izan diren lorpenak; bihotzeko patologiak herritarren artean duen eragina eta bere bilakaera; eta gaixotasun koronario bat izan duten gaixoen kasuan prebentzioak eta bihotz-hodietako errehabilitazioak duen garrantzia.

Egun, Euskadin bihotz-hodietako gaixotasunen ondorioz gertatzen dira heriotza gehien. Bihotzeko kirurgiaren ostean ahalik eta bizi-kalitate onenarekin normaltasunera itzultzea eta berriro gaixotzeko arriskua murriztea dira helburu nagusiak.


Berrehun ibiltari baino gehiagok parte hartu dute Poliklinikaren Ibilaldi Bihotz Osasungarrietan

Pertsona batzuk probintziako beste herri batzuetatik datoz Donostiako ibilaldietan parte hartzeko eta ekimenagatik zorionak ematen dituzte

Ekainaren 27an hasi ziren Poliklinika Gipuzkoaren Ibilaldi Bihotz Osasungarriak. Eta egin zen lehen ibilbidea Kontxa pasealekua zeharkatuz Haizearen Orrazira iristen dena izan zen. “Arrakasta handia izan zuen, 40 pertsona inguru hurbildu ziren” dio Idoia San Emeteriok, asteazkenero jarduera zuzentzen duen Poliklinikako fisioterapeutak.

Orduz geroztik berrehun ibiltari baino gehiagok parte hartu dute asteazkenero goizeko 09:00etan Donostiako Sorospen Etxetik ateratzen den ekimen horretan. Aurretik, nahi dutenek tentsioa neur dezakete zentroan, edota fisioterapeutari sortu zaien edozein zalantza galdetu.

Idoia San Emeterioren ustetan “ibiltariek erritmo desberdinak daramatzate eta elkar errespetatzen dute. Oso pozik daude, eta asteazkenero 20 eta 30 pertsona bitartean biltzen gara gutxienez”.

Eduardo Alegría Poliklinika Gipuzkoako kardiologoaren hitzen arabera “egokiena da ariketa egunero egitea, baina ezinezkoa den kasuetan, astean hiru edo lau aldiz ariketa egitea gomendatzen dugu. Aire zabalean egiten bada, askoz hobeto”. Eduardo Alegríak ariketa egiteko gomendioa egiten die ”adineko pertsona guztiei, bihotz-arazoren bat izan badute edo ez.

Halakorik jasan dutenei hobera egiten eta etorkizuneko arazoak prebenitzen lagunduko die, eta gainerakoentzat ere gomendagarria da, ariketa egitea bihotz-konplikazioak prebenitzeko mekanismorik ahaltsuenetako bat baita”.

Ariketa egiteko mugak Ariketa mota eta -denborari dagokienez, Alegría doktoreak honakoa dio: “biztanleria osoarentzat gomendatzen dena da gutxienez 45 edo 50 minutuz ariketa egitea, baina hori bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera alda daiteke. Ez dugu gauza bera gomendatzen jende osasuntsuarentzat edo interbentzioren bat izan duen jendearentzat. Abiadura desberdina eraman behar da adinaren, gaitasun funtzionalaren edo aldez aurreko entrenamenduaren arabera. Pertsona bat abiadura egokian doanean, eroso sentitu beharko litzateke, ahalegina egin behar badu ere, eta hizketan ari denean (nahiz eta guk ez dugun inola ere gomendatzen), hitz egitea pixka bat kostatu beharko litzaioke”.


Sei euskal enpresa elkar hartuta zahartzearen erronkaren aurka

Matia Fundazioa, Gipuzkoako Poliklinika, Ikusi, Euskaltel, Tecnalia eta Ibermatica dira aipatu sei enpresak.

Sektoreko teknologiko, zientifiko eta soziosanitarioan aritzen diren sein enpresa pribatuk bat egin zuten atzo elkarren artean adineko pertsonei bideratutako zerbitzu aurreratuen ezarpenean irtenbide berriak bilatzeko xedez.

Enpresa bakoitza bere sektorean enpresa eragilea da, hala sein enpresa horiek, Matia Fundazioa, Gipuzkoako Poliklinika, Ikusi, Euskaltel, Tecnalia eta Ibermaticak bat egin dute Zahartze arloko Berrikuntzarako Poloaren Fundazioa eratuz.

Ekitaldia atzo izan zen Donostian eta sei entitatetako ordezkariek dokumentua sinatu zuten ugazaba modura: Matia Fundaziotik Gerardo Amunarriz, Gipuzkoako Poliklinikatik Ignacio Gallo, Ikusi enpresatik Joseba Jayo, Euskalteletik Manuel Salaverria, Tecnaliatik Iñaki San Sebastian eta Miren Loyola Zuloaga Ibermaticako ordezkari gisa. Horrez gain, Jose Antonio Aguirre Francok ere dokumentua sinatu zuen, Polo berriaren presidente modura.

Fundatzaile horien hitzetan “Zahartze arloko Berrikuntzarako Poloaren asmoa prebentzio, asistentzia eta osasun arloko eredu berriak zehazten kolaboratzea eta zahartzearekin lotutako aldaketetan akonpainamendua gauzatzea da, azken xedea hortik eratortzen diren enpresa-proiektuak gauzatu eta garatzea izanik, zahartzearen arloari balio eta kalitatea emanez eta negozio-ildo berriak sortuz enpresa horietako bakoitzaren ezagutzatik abiatuz”.

Ildo horretatik, fundatzaileen asmoa da proiektuan interesa duten eta hari balioa emateko gai diren eragileengana urreratzea, ikerketa arloan, zerbitzuen ezarpenarekin lotuta edo zahartze eta osasunaren espazio horretan eragina duten enpresa-ekimenetan txertatuta. Horretarako bi aukera daude. Alde batetik, Poloko eragile gisa barnera daitezke eta, beste alde batetik, proiektuarekin lotutako akordio edo itunak hitzar daitezke, Poloan txertatu beharrik gabe.