«Janaria borroka-eremu gisa ikusteari utzi behar diogu: gurasoek erabakitzen dute zer eskaini, eta haurrek, autonomiaz, zenbat jan»
Policlínica Gipuzkoak eta GOe-Basque Culinary Centerrek haurren nutrizio-hezkuntza sustatzen dute, hobeto jan eta hobeto bizitzeko «Haurren osasuna: ikuspegi medikoa, nutrizionala eta sukaldaritzakoa» izeneko hitzaldi irekiaren bidez
- «Haurren hazkundea ez da une jakin bateko pisuaren arabera ebaluatu behar, denboran zehar duten bilakaerari erreparatuz baizik».
- «Haurren elikadura ikaskuntza-prozesu bat da; etxean eredugarri izatea eta sukaldean parte hartzea dira tresnarik eraginkorrenak».
Haurren elikadura, balantzako zifretara mugatu beharrean, ikuspegi integrala, pazientzia eta, batez ere, eredu izango den familia-ingurunea eskatzen dituen bilakaera-prozesua da. Hala adierazi dute atzo, azaroak 25, GOe-Basque Culinary Centerren herritar guztiei irekitako topaketan bildutako adituek. Bertan, Policlínica Gipuzkoako pediatra endokrinologoak, Amaia Ochotorena doktoreak, haurrek janariarekin duten harremana eraldatzeko funtsezko gakoak partekatu ditu. Solasaldian, gainera, Usune Etxeberria, GOeko osasunaren eta gastronomiaren arloko ikertzaile seniorra, eta Martí Avilés, Basque Culinary Centerreko sukaldaria eta irakaslea, izan dira.
Jardunaldian, Amaia Ochotorenak, Policlínica Gipuzkoako pediatra endokrinologoak, azpimarratu du haurren hazkundea ez dela une jakin bateko pisuaren arabera baloratu behar. «Ez diogu soilik une jakin bateko altuerari erreparatzen; denbora-tarte batean hazkundeak izan duen bilakaera aztertu behar dugu», azaldu du. Halaber, azpimarratu du genetika, gaueko loa eta jarduera fisikoa funtsezko zutabeak direla, elikadurarekin batera, garapen osasungarria bermatzeko.
Topaketako mezu nagusietako bat haurren beharrei eta seinaleei erantzuten dien elikaduraren garrantzia izan da. Ochotorena doktoreak irmo gomendatu du otorduetan presiorik, negoziaziorik, saririk edo zigorrik ez erabiltzea, dinamika horiek elikagaiekiko arbuioa areagotu ohi baitute. Adituak familia osoak gauza bera jatearen alde egin du, menu desberdinak saihestuz eta helduen eredua ikaskuntzaren eragile nagusi bihurtuz. «Arrakastaren gakoa talde-lana da; haurrek imitazioaren bidez ikasten dute», adierazi du, eta gogorarazi du gurasoek fruta eta barazkiak jaten badituzte, askoz ere litekeena dela seme-alabek ere gauza bera egitea.
Bestalde, Martí Avilés Basque Culinary Centerreko sukaldari eta irakasleak sukaldaritzaren ikuspegitik ekarpen osagarria egin du, dastamena heztea hizkuntza bat ikastearekin alderatuz. Sukaldariaren arabera, dastamena berriz heztea posible da, elikagaiak behin eta berriz probatzeko aukera eskainiz eta haurrek sukaldean aktiboki parte hartuz. «Haurrak azokara eramateak, osagaiak aukeratzen eta prestatzen parte hartzeak, janaria beste modu batera ikustea eragiten du», adierazi du Martí Avilések. Era berean, estrategia praktikoak proposatu ditu, hala nola batch cooking delakoa —hainbat egunetarako janaria aldez aurretik prestatzea— edo aurrez prestatutako kalitatezko oinarriak erabiltzea, familien egunerokoa errazteko, elikagai ultraprozesatuetara jo beharrik gabe.
Topaketan gaur egungo beste kezka batzuk ere jorratu dituzte, hala nola elikadura-neofobia —elikagai berriak probatzeari uko egitea— eta disruptore endokrinoen eragina. Azken gai horri dagokionez, Ochotorena doktoreak elikagai fresko eta naturalak lehenestea eta plastikoen zein ontzien erabilera ahal den neurrian murriztea gomendatu du; izan ere, faktore horiek azken urteotan hautemandako pubertaroaren aurrerapenean eragina izan lezakete.
Azkenik, hizlariak bat etorri dira ohiko gosari eta askarien inguruko mitoak desegiteko beharrarekin, askotan azukre eta opil gehiegi izaten baitituzte. Ochotorena doktoreak gogorarazi du ez dela derrigorrezkoa jaiki bezain laster gosaltzea, goserik ez badago. Horren ordez, aukera nutritiboagoak proposatu ditu, hala nola fruitu lehorrak, esneki naturalak edo kalitatezko osagaiekin prestatutako ogitartekoak, esaterako, ahuakatearekin eta gazta freskoarekin edo fruitu lehorren kremekin egindakoak.
Policlínica Gipuzkoak, Ochotorena doktorearen parte-hartzearen bidez, berretsi egin du bizimodu osasungarriko ohiturak zabaltzeko konpromisoa, zorroztasun medikoa, sukaldaritzaren alderdi praktikoa eta etxeko ongizate emozionala uztartzen dituen haurren osasunaren ikuspegiaren alde eginez.
Erosketa adimentsua egiteko gakoak: elikagaien etiketak nola irakurri
Benetan osasungarriak diren produktuak identifikatzeko, adituek gomendatzen dute ontzietako marketin-mezuek ez gidatzea eta osagaien zerrendara zuzenean jotzea. «Funtsezkoa da —adierazi du Martí Avilés sukaldariak— osagaien zerrenda laburra dela egiaztatzea, ahal dela bost osagai baino gehiagokoa ez izatea, eta osagai guztiak ezagunak eta identifikatzeko errazak izatea, gehigarriak, azukre erantsiak edo beharrezkoak ez diren konposatuak dituzten produktuak saihestuz».
Era berean, produktuaren itxuran edo publizitate-mezuetan soilik ez fidatzearen garrantziaz ohartarazi dute. Adibidez, produktu integralen kasuan, «egiaztatu behar da osagai nagusia benetan integrala dela, eta ez koloratzailea erantsi zaion deribatu findu bat. Betiere, mesfidati jokatu behar dugu osagai osasungarriak iragartzen dituzten etiketekin, baldin eta, produktuaren osaera aztertzean, osagai horiek oso kantitate txikietan daudela ikusten badugu», ondorioztatu du Martí Avilések.