Poliklinika Gipuzkoako adituek arritmietarako tratamendu aurreratuenak eta kirurgiarik gabeko iktusaren prebentzioa jorratu dituzte
- Gipuzkoako Poliklinikako kardiologoek eta kardiobaskular zirujauak azalduko dute Osasun Aulako saio berri batean nola ablazioa edo belarrimoko itxiera bezalako teknikek bihotzaren erritmoaren alterazioak modu eraginkor eta gutxien inbaditzailean tratatzeko aukera ematen duten.
- Osasun Aula astelehen honetan, ekainaren 29an, izango da, 19:00etan, Anoetako Estadioko Prentsa Aretoan (2B atea), sarrera librearekin lekua bete arte, eta Gipuzkoako Poliklinikaren YouTube kanalean ere jarraitu ahal izango da.
Bihotzak bere erritmoa galtzen duela sentitzea kezkagarria da eta bizi-kalitateari eragiten dio Euskal Autonomia Erkidegoan fibrilazio aurikularra duten 50.000 pertsona baino gehiagori; izan ere, 40 urtetik gorakoen artean ohikoenetakoa den arritmia da. Arritmiak, eta bereziki fibrilazio aurikularra, konplikazio larrietara irits daitezke, hala nola iktusa edo bihotz-gutxiegitasuna, garaiz diagnostikatu eta tratatzen ez badira.
Hori guztia eta arritmien diagnostiko eta tratamenduan egindako aurrerapenak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, Gipuzkoako Poliklinikako Bihotz Unitateko adituek Osasun Aulako saio berri bat eskainiko dute astelehen honetan, ekainaren 29an, honako izenburupean: “Bihotzak erritmoa galtzen duenean: ablazioa eta belarrimoko itxiera, kirurgiarik gabeko tratamendu berriak”.
Arritmiei buruzko Osasun Aula berri honek hiru aditu hizlari izango ditu. Batetik, Jesús Martínez-Alday doktore kardiologo elektrofisiologoak arritmiak zer diren, nola agertzen diren eta diagnostiko goiztiarra zergatik den funtsezkoa azalduko du, bai eta ablazio-teknika zertan datzan ere; hau da, arritmiaren kausa zuzentzea ahalbidetzen duen gutxieneko inbasiozko prozedura bat.
Bestetik, Gipuzkoako Poliklinikako Kardiologia Interbentzionistako zerbitzuburu Ramiro Trillo doktoreak fibrilazio aurikularrari lotutako iktus-arriskua jorratuko du eta ezkerreko belarrimoko itxiera aurkeztuko du; hau da, gutxieneko inbasiozko prozedura bat, bihotzeko barrunbe hori ixten duena koaguluak sortzeko arriskua saihesteko, eta bereziki egokia dena iktus-arrisku handia duten baina odoljario-arriskuagatik antikoagulatzaileak hartu ezin dituzten fibrilazio aurikularreko pazienteentzat.
Azkenik, Lucía Pañeda doktore kardiobaskular zirujauak prozedura horien segurtasunean jarriko du arreta, baita kardiologo interbentzionisten eta zirujau kardiobaskularren arteko talde-lanaren funtsezko zereginean ere. Elkarlan hori giltzarria da gero eta tratamendu gutxiago inbaditzaileak eta pazientearentzat errekuperazio azkarragoa eskaintzeko; betiere kirurgiako zerbitzu kardiobaskularraren babesarekin, Bihotz Unitateko espezialistek partekatzen duten kirurgia-gela hibridoan gerta daitezkeen edozein gorabehera estali eta konpontzeko. Azpiegitura hori mota honetako esku-hartzeetarako modernoenetakoa eta esklusiboenetakoa da.
Gipuzkoako Poliklinikako Osasun Aula ekainaren 29an, astelehenez, izango da, 19:00etan, Anoetako Estadioko Prentsa Aretoan (2B atea), sarrera librearekin lekua bete arte. Gainera, saioa zuzenean eta ondoren ikusi ahal izango da Gipuzkoako Poliklinikaren YouTube kanalaren bidez; eta bertan, parte-hartzaileek galderak egiteko aukera izango dute hitzaldien amaieran egingo den solasaldi ireki batean.
