“Gero eta emakume gehiagok jotzen du kontsultara gernu-ihesak, sexu-harremanetan mina edo idorreria izateagatik, eta askotan arrazoia pelbis-zorua izaten da”.
18 eta 55 urte bitarteko hiru emakumetik batek gernu-ihesa pairatzen du, eta 40 urtetik gorako emakumeen % 46k disfuntzio sexual motaren bat du.
Emakumeen barne-ongizatea osoko osasunaren funtsezko alderdia da, emakumeen bizi-kalitatean eragin zuzena duena. Horrela azaltzen du, Sara Esparzak, pelbis-zoruan aditua den Policlínica Gipuzkoako fisioterapeutak, eta perineoko disfuntzioei eta pelbis-zoruari heltzeko ikuspegi espezializatu eta diziplina anitzeko batekin lan egitea garrantzitsua dela oroitarazten du.
“Norberaren barneko ongizateak bulba eta baginako erosotasuna izatea, lehortasun- edo tentsio-sentsaziorik, erreminik edo sexu-harremanetan minik ez izatea eskatzen du. Halaber, gernu-ihesarekin, pixa egiteko maiztasun eta erosotasunarekin edo eginkariak egiteko zailtasunarekin arazoak ez izatea eskatzen du. Funtsezkoa da, sexu, gernu eta digestio arloko osasunari begira”, azpimarratu du Sara Esparzak.
Norberaren barne-ongizate hori hainbat faktoreren baitan dago, esate baterako, trofismoa, elastikotasuna, hidratazio maila, hormona-klima, perineoko giharren egoera funtzionala eta pelbis-zoruaren egoera funtzionala. Pelbis-zorua barrunbe pelbikoaren oinarria sostengatzen duten giharrek, fasziek eta lokailuek osatzen dute. Horien funtzionamendu egokia funtsezkoa da gernua eta eginkariak kontrolatzeko, barneko organoei eusteko eta funtzio sexual egokia izateko. Pelbis-zoruaren disfuntzioak hainbat sintoma sorraraz ditzake, esate baterako, gernu-galerak, idorreria, pelbiseko eta perineoko mina, sexu-harremanetan mina izatea edo orgasmora heltzeko zailtasunak izatea.
Adituaren arabera, “18 eta 55 urte bitarteko hiru emakumetik batek gernu-ihesa pairatzen du, eta 40 urtetik gorako emakumeen % 46k disfuntzio sexual motaren bat du”. Azaltzen duenez, arrazoiak asko dira eta, horregatik, goitik behera heldu behar zaio gaiari, kontuan izanik ugaltze-aparatuaren eta pelbis-zoruaren prebentzioa eta zaintza azpimarratu egin beharko liratekeela. “Badakigu hormona-aldaketek, gernuarekin eta eginkariekin lotutako aztura txarrek, garbiketa genitourinarioko ohitura txarrek (xaboi desegokiak erabiltzea, hidrataziorik eza, babesteko slipak modu desegokian erabiltzea), zein pelbis-zorua ahultzen duten elementuek (erditzea, inpaktuzko kirolak edo gorputz-jarrera desegokiak) barne-ondoeza sorraraz dezaketela.
Pelbisaren ongizaterako balorazio pertsonalizatua
Sara Esparza fisioterapeutaren arabera, balorazioa aurrekari medikoak eta azturak zein diren jakiteko elkarrizketa kliniko batekin hasten da, eta ondoren gorputz-jarreraren azterketa bat eta sabelaldea, ugaltze-aparatua, pelbisa eta perineoko giharrak behatzen dira. “Ugaltze-aparatuaren eta pelbis-zoruaren azterketaz gain, garrantzitsua da pertsonaren sabelaldea, diafragma, arnasketa-patroia eta gorputz-jarrera begiratzea, horrek guztiorrek eragina izan baitezake perineoaren funtzionamenduan”, gaineratu du. Zenbait kasutan, modu osagarrian, proba erradiodiagnostikoak edo azterketa funtzionalak egiten dira (urodinamika, uzki-ondesteetako manometria, azterketa neurofuntzionalak).
Tratamendua paziente bakoitzera egokitzen da, eta barne hartzen ditu, indartze-ariketak, gorputz-jarrera eta arnasketa berrikasteko ariketak, eskuzko terapia eta teknika instrumentalak. “Hainbat teknologia erabiltzen dugu, esate baterako, Indiba irrati-maiztasuna, talka-uhinak, neuromodulazioa, elektroestimulagailua eta biofeedback izenekoa. Horiek oso lagungarri dira pelbis-zoruko giharren tonua eta funtzioa hobetzeko eta ugalketa-aparatuko ehunen elastikotasuna eta hidratazioa areagotzeko. Modu horretan, esperientzia sexuala, gernu-ihesak eta, finean, barne-ongizatea hobetu egiten dira”, azaldu du.
Barne-osasun ona mantentzeko aholkuak Sara Esparzak, pelbis-zoruaren tratamenduan aditua den Policlínica Gipuzkoako fisioterapeutak, arazoak prebenitu eta barne-ongizatea mantentzeko zenbait gomendio ere eman ditu: “Garrantzitsua da perineoko ariketak ohikotasunez egitea, esfortzuak modu egokian egiten ikastea, sabelaldeko presioa gehiegi areagotu gabe, eta bagina-mukosan eta bulbako larruazalean hidratazio ona mantentzea. Sintoma horiek hobetzen lagundu dezaketen produktu eta terapia fisiko ugari dago”.
