CO2 laser ginekologikoa, emakumeen patologia intimoak modu ez-inbaditzailean tratatzeko gakoa

Juan Céspedes eta Blanca Fernández Policlínica Gipuzkoako ginekologoek azpimarratu dutenez, teknika berritzaile honek aukera ematen du gernu-inkontinentzia, genitalen atrofia edo baginaren hiperlaxotasuna bezalako patologiak modu erraz eta anbulatorioan tratatzeko.

Urteen joan-etorriak eta erditzeak aldaketa ugari eragiten ditu emakumeen osasun intimoan, hala nola gernu-inkontinentzia, atrofia genitala edo baginaren hiperlaxotasuna. Arazo funtzional eta estetiko horiei aurre egiteko, Policlínica Gipuzkoak azken belaunaldiko ginekologiako CO2 laser berri bat eskuratu du, pazienteei ahalik eta erosotasun intimo hoberena eskaintzeko, modu minimoki inbaditzailean.

Juan Céspedes doktoreak, Policlínica Gipuzkoako Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko buruak, CO2 laserrak dituen erabilera ugariak azaldu ditu: “Indikazio ohikoenak genitalen atrofia edo gernu-inkontinentzia dira, baina episiotomia mingarrietan, ninfoplastietan, erditze osteko estriak kentzeko edo baginaren hiperlaxotasuna konpontzeko ere erabiltzen da baita ere”, dio.

Bestalde, Blanca Fernández doktoreak, Policlínica Gipuzkoako ginekologoak, laserraren funtzionamendua azaltzen du: “CO2 bidezko terapia honen helburua da pazientearengan erredura minimoak eragitea, era horretan, konponketaren ondoren, ehuna birsor dadin, bagina-tonua, elastikotasuna eta lubrikazioa berreskuratuz, baginako ehunaren kalitatea eta lodiera hobetuz”.

CO2 laser ginekologikoa prozedura kirurgikoen alternatiba bat da: “Teknika honen bidez, ebakuntza-gelatik igarotzea aurrezten dugu. Terapia mota hau askoz anbulatorioagoa da eta askoz erosoagoa da pazientearentzat”, adierazten du Blanca Fernández ginekologoak.

“Laser mota honek urte asko daramatza gure gizartean. Estetikari, oftalmologiari edo otorrinolaringologiari begira hasi zen, baina guk, orain, ginekologia birsortzaile eta funtzionalera estrapolatu nahi ditugu onurak hauek”, dio Fernández doktoreak.

Tratamendu anbulatorioa

Tratamendua anbulatorioa da: “Saioak 10 minutu irauten du batez beste, eta, egin bezain laster, pazienteak bere eguneroko bizitzari ekin diezaioke edo lanera itzuli; ez du atseden berezirik behar. Hori bai, hurrengo egunetan krema hidratatzaileak edo obulu birsortzaileak erabili beharko lirateke, hobeto sendatzeko”, azpimarratzen du Policlínica Gipuzkoako ginekologoak.

Patologiaren arabera, espero den emaitza lortzeko beharrezkoak diren saioen kopurua aldatu egingo da, nahiz eta pazienteek lehen saiotik hobekuntza izan eta estimulazioa berehalakoa izan: “Kondiloma baten edo umetoki-lepoaren displasia baten kasuan, saio bakarra egin beharko da. Hala ere, baginako atrofia edo gernu-inkontinentzia bezalako patologietarako bi edo hiru saio gomendatzen dira, bakoitza lau edo zortzi astez bereizita, intentsitatearen, errekuperazioaren eta gure miaketaren arabera”, ondorioztatzen du Blanca Fernández doktoreak.