“Beroak eta aire zabaleko jarduerek esku eta ukondoko lesioengatiko kontsultak areagotzen dituzte udan”
- Policlínica Gipuzkoako traumatologoa den Samuel Pajares doktoreak ohartarazi du tenperatura altuek eskuaren eta eskumuturraren hanturazko patologiak larriagotu ditzaketela.
- Haurrengan ukondoko hausturak, bereziki humeroko haustura suprakondileoak, udako hilabeteetan gehien ikusten diren lesioetako bat dira.
- Espezialistak gomendatzen du udako kiroletan neurri bereziak hartzea, eskuetako azala babestea eta ferulak edo eskumuturrekoak medikuaren gainbegiradapean soilik erabiltzea.
Tenperatura altuen eta bero-boladen etorrerarekin batera, eskuaren eta eskumuturraren hanturazko patologien inguruko kontsultak ugaritu egiten dira. Samuel Pajares doktoreak, Policlínica Gipuzkoako traumatologoak, azaldu du beroak organismoaren hantura-erantzun orokorra sustatzen duela, eta horrek goiko gorputz-adarretan ere eragina izan dezakeela.
“Ohikoa da bero handieneko egunetan eskuetan handitasun-sentsazioa, edema edo lokartzea nabaritzea. Sintoma horiek iragankorrak izan ohi diren arren, denboran mantentzen badira edo etengabe agertzen badira, komenigarria da espezialista batengana jotzea”, adierazi du.
Traumatologoaren arabera, aurretik dauden patologiak, hala nola karpo-tunelaren sindromea, tendinitisa edo lotailuetako zenbait lesio, okerrera egin dezakete udan. Era berean, duela gutxi eskuan, eskumuturrean edo ukondoan ebakuntza egin dieten pertsonek ebakuntza osteko hantura biziagoa eta luzeagoa izan dezakete tenperatura altuen eraginez.
Udako garaian ukondoko haustura gehiago haurrengan
Aire zabaleko jarduerak eta jolas-denbora areagotzeak zenbait lesio traumatikoren agerpena ere sustatzen du. Horien artean nabarmentzen dira humeroko haustura suprakondileoak; 5 eta 8 urte bitarteko haurrengan ohikoa den ukondoko lesioa da.
“Txirristetatik, gaztelu puzgarrietatik edo jolas-eremuetatik erorita, haustura mota horiek gerta daitezke. Kasu askotan tratamendua igeltsu bidezko immobilizazioa baino ez bada ere, lesio batzuk larriak izan daitezke eta premiazko balorazioa edota kirurgia behar izan dezakete”, azaldu du espezialistak.
Horregatik, gomendatzen du larrialdi-zerbitzu espezializatu batera joatea, eroriko baten ondoren haurrak ukondoan min handia badu edo besoa mugitzeko zailtasunak baditu.
Kontuz ferulen eta eskumuturrekoen erabilera luzearekin
Pajares doktoreak gogorarazi du ferulak, eskumuturrekoak edo ukondo-babesak tresna baliagarriak direla lesio jakin batzuk edo ebakuntza ondorengo prozesuak babesteko; hala ere, ohartarazi du medikuaren gainbegiratzetik kanpo denbora luzez erabiltzea kaltegarria izan daitekeela.
“Immobilizazio luzearen ondorioz, artikulazio-zurruntasuna, indar-galera eta tendoi nahiz muskuluen ahultzea ager daitezke; horrek lesio berriak izateko arriskua handitzen du”, azpimarratu du.
Udan eskuak zaintzeko hiru gomendio
Espezialistaren arabera, urte-sasoi honetarako aholku nagusiak hauek dira:
- Neurri bereziak hartzea udako kiroletan, bereziki uretako jardueretan edo irristatze-kiroletan, hala nola surfean, skate surfean eta eskumuturretan eta lotailuetan karga handia eragiten duten beste modalitate batzuetan.
- Beroak eragindako hantura kontrolatzea, batez ere tendinitisa, lotailuetako lesioak, karpo-tunelaren sindromea edo hatz eragilea dituzten pertsonengan.
- Eskuetako azala eguzki-esposiziotik, erreduretatik eta bestelako azal-lesioetatik babestea; izan ere, oso eremu delikatua da eta eskuaren funtzionaltasunerako funtsezkoa.
“Uda aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko garaia da, baina baita sintoma edo lesio txikiei arreta jartzekoa ere; garaiz hautemanez gero, modu eraginkorrean tratatu eta ondorengo konplikazioak saihestu baitaitezke”, ondorioztatu du Pajares doktoreak.
