Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra Donostian izango da 2013an

DONOSTIAutism ekimenarekin, Policlinica Gipuzkoako Dr. Carlos Elósegui Fundazioak proposatu du ekitaldi ugari antolatzea biltzar honen inguruan. Helburua, autismoarekin zerikusia duten profesional eta familiak, bai eta hiriko gizarte osoa ere, inplikatzea da.

IMFAR – International Meeting for Autism Research (Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra) Donostian izango da, 2013ko maiatzaren 2, 3 eta 4an.

2011n, Biltzarra San Diegon (Kalifornia) izan zen eta orduan mundu guztiko 1.700 ikerlari bildu ziren. Orain, bere historian bigarren aldiz, Iparramerikatik aterako da ―2008an Londresen izan zen― eta Gipuzkoako hiriburuan izango dugu 2013an.

INSARrek (Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Elkartea, irabazi xederik gabeko entitatea, IMFAR antolatzen duena) Joaquín Fuentes Biggi, Policlinica Gipuzkoako Haur eta Nerabeen Psikiatria Zerbitzuko burua eta GAUTENAko (Gipuzkoako Autismo Elkartea) Ikerkuntza-aholkularia, Biltzarreko lehendakari izendatu du eta antolamendua bere esku utzi du. IMFAR 2001ean egin zen lehen aldiz, autismoa ikertzen zihardutenei urteko foro bat eskaintzeko, aurrerapen berriak parteka zitzaten eta espektro autistaren nahasmenduen izaera, kausak eta tratamendua hobeto uler zitzaten. Harrez geroztik, San Frantzisko, Boston, Chicago eta Seattle bezalako hiriak izan dira Biltzarraren egoitzak.

Eginkizun zientifiko eta gizatiar honen bikaintasuna dela-eta, eta Euskadiko, Gipuzkoako eta Donostiako erakundeen zuzeneko laguntzarekin, Donostiako IMFARrek arrakasta handia lortu nahi du, halako moduan non gure hiriak toki nabarmena izango duen mundu mailan autismoaren arloan. Jada esan dezakegu kontinente guztietako ikerkuntza-talde aitzindariek parte hartuko dutela eta Biltzarrak oihartzun handia izango duela komunikabide orokor eta zientifikoetan. Horretaz gain, tamaina horretako gertaera batek eragin handia izango du hirian ―1.600-1.800 bitarteko biltzarkide espero dira, gutxi gorabehera―.

Aipatzekoa da, Autism Speaks-en ekarpenari esker (autismoaren ikerkuntzaren arloko Iparramerikako elkarterik indartsuena), gora bidean doazen herrialde batzuetako ikerlari gazteek ere parte hartuko dutela Biltzarrean eta prestakuntza-saio bereziak izango dituztela; horrek bidea emango du ezaguera berriak helarazteko gutxi ordezkatuta dauden munduko herrialdeetara.

Entitate hauetako adituek osatzen dute batzorde antolatzailea: Inbiomed; BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language); GAUTENA; Euskal Herriko, Salamancako eta Sevillako unibertsitateak; AETAPI (Autismoaren arloko Profesionalen Espainiako Elkartea); AEPNYA (Haur eta Nerabearen Psikiatriako Espainiako Elkartea); Bartzelonako USP Dexeus Unibertsitate-Institutua; Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate-Ospitale Orokorra, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Carlos III.a Osasun-Institutua.

DONOSTIAutism: AUTISMOAREKIN KONPROMETITUTAKO HIRI BAT HAMABI HILABETEETAN

Policlinica Gipuzkoako Dr. Carlos Elósegui Fundazioak proposatu du ekitaldi ugari antolatzea biltzar honen inguruan. Ekimenak DONOSTIAutism du izena eta helburu du autismoarekin zerikusia duten profesional eta familiak, bai eta hiriko gizarte osoa ere, inplikatzea. Azken urratsa “IMFAR 2013 in D/SS” izango da (Biltzarraren izen ofiziala).

Lehen aipatutako haurren psikiatrak, Policlinica Gipuzkoako ikerkuntza-fundazioko taldearen bitartez, ekintza batzuk egituratu ditu, 2012ko maiatzean hasiko direnak eta autismoari buruzko ezagupen zientifikoak hurbilduko dizkiotenak Gipuzkoako gizarteari, bai eta pertsona eredugarri batzuk ezagutarazi ere, autismoa gorabehera kalitatezko bizitza lortu dutenak. Autismoa duten pertsonen esperientziak uztartzeko ahaleginak egingo dira, pertsona horiek bertakoak zein nazioartekoak izanda. Hiriko jai eta ekitaldietan parte hartuko dute: Jazzaldia, Zinemaldia, Euskal Jaiak, arte-erakusketak, kirola, e.a. Hamabi hilabeteetan zehar, esperientzia horiek komunitate donostiarra sentsibilizatuko dute eta giroa prestatuko dute 2013ko maiatzean IMFAR egiteko.

IMFAR hasten den egunaren bezperan, hau da, 2013ko maiatzaren 1ean, eguneratze-ikastaro bat emango zaie, Kursaalen, Europatik, Estatutik, Autonomiatik zein hiritik etorritako sektoreko 600 laguni. 300 familia eta 300 profesional etortzea espero da, azken hauek osasun, hezkuntza eta gizarte arloetakoak. Prestakuntza-jardunaldi bat eskainiko zaie doan, Kaliforniako Unibertsitateko (Los Angeles-UCLA) bikaintasun-zentroko taldeak emana.

IMFARrek dirauen bitartean, ikerlari nagusiek arratsaldeko “irteera”k egingo dituzte hirira, informazio-saioak emateko beste esparru batzuetan, hala nola, Eureka Zientzia Museoan, Teknologi Parkean. Landuko diren gaiei dagokienez, ahaleginak egingo dira munduko adituak gure inguruko adin guztietako pertsonekin kontaktatzeko, beren esperientziak parteka ditzaten modu hurbil-erraz batean.

Bukatzeko, “IMFAR 2013 in D/SS” amaitzen denean, herri-lasterketa bat egingo da. Batez ere haurrek eta familiek parte hartuko dute. Lasterketari esker, mundu osoko ikerlari-taldeek hiriaren adorea eta ilusioa sentituko dituzte eta, laborategietara itzultzen direnean, jakingo dute badagoela hiri bat, Donostia, beren lanean sostengua ematen diena eta, azkenik, autismoa garaitu dezaten desiratzen duena.

Biltzarraren osagarri, beste ekitaldi esanguratsu bat izango da egun horietan gure hirian: GAUTENAren ekimenez, Autismo Europa Elkarteak, 30 herrialdetako senitartekoen elkarteak batzen dituenak, egun horietan beretan egingo du bere Urteko Batzarra Donostian.

Munduko aditurik onenek, Autismo Europak, Autism Speaks-ek eta Gipuzkoako gizarteak bat egiteak etorkizun hobea iragartzen du autismoa duten pertsonentzat, eta Donostiak erabakitasunez erantzungo dio eginkizun zoragarri horri.

Gauzatzen diren ekintzek erakunde hauen laguntza ekonomiko eskuzabala jasoko dute: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Gipuzkoako Foru Aldundia / San Sebastián Turismo & Convention Bureau / Kursaal; Poliklinica Gipuzkoa; Kutxaren Gizarte-Ekintza, eta Donostiako Udala.


Egindako ikasgelak 2017

Egindako ikasgelak 2016

Egindako ikasgelak 2015

Egindako ikasgelak 2014