Policlínica Gipuzkoak lunbar-estenosiak eragindako klaudikazioaren aurkako lurraldeko lehen kirugia minimoki inbaditzailea egin du
“Anbulatorioki egiten delako da berritzailea, anestesia lokalarekin eta sedazio minimoarekin, anestesia orokorra eskatzen duen kirurgia saihestuz”, azaldu du Policlínica Gipuzkoako anestesiologoak, Juan Martínez doktoreak.
Policlínica Gipuzkoak mugarri berri bat jarri du berrikuntza medikoan, lunbar forameneko estenosia dela eta sortutako klaudikazio intermitentea tratatzeko teknika minimo inbaditzaile batekin egindako lehen Gipuzkoako lehen kirurgia gauzatuta. Prozedura honek aukera segurua eta eraginkorra eskaintzen die ibiltzean min desgaitzailea pairatzen duten eta, euren egoera dela-eta, ohiko kirurgia egin ezin duten pazienteei.
Klaudikazio intermitentea ibiltzeko gaitasuna mugatzen duen patologia da, eta pazientea metro gutxian behin gelditzera behartzen du minaren ondorioz. “Normalean, pazienteak 100, 200 edo 300 metro egin ondoren gelditu behar izaten du. Atseden txiki baten ondoren berriz jarrai dezake, baina tarte laburretan soilik”, azaldu du Policlínica Gipuzkoako anestesiologoak, Juan Martínezek. “Gure Minaren Unitatean, kausa ohikoena lunbar-kanalaren estutzea izaten da, nerbio-erroak konprimatuz”.
Aplikatutako teknika neuroforamena berregitean datza —nerbio-erroak irteten diren espazioa—, eskopiaz gidatutako plastia perkutaneo baten bidez. “Anbulatorioki egiten delako da berritzailea, anestesia lokalarekin eta sedazio minimoarekin; honela, anestesia orokorra behar duen eta gaixotasun gehigarriak dituzten pazienteentzat arrisku handia dakarren kirurgia konbentzionala saihesten da”, dio Martínezek. “Gainera, erabiltzen dugun gailuak neuroforamena berregiteaz gain, nerbio-erroa estimulatu egiten du lan seguruan ari garela bermatzeko, kalterik eragin gabe”.
Prozedura hau paziente espezifikoentzat dago pentsatuta, bereziki arrisku kirurgiko handia dutenentzat, edo aurrez ebakuntza egin zaien eta atxikimenduak edo hantura-hondarrak dituztenentzat. “Kasu bakoitza indibidualizatu behar da. Teknikak ez du kirurgia ordezkatzen, baina profil zehatz batzuentzat aukera segurua eta eraginkorra da”, nabarmendu du adituak.
Gipuzkoan tratatutako lehen pazienteak nabarmen hobetu du bere bizi-kalitatea. “Lehen 10-15 minutu besterik ez zuen ibiltzen; orain, ordu erdiko ibilaldiak egin ditzake, eta mina %80an murriztu zaio. Hauek hasierako emaitzak dira, eta epe luzeko jarraipena egingo da. Ez dugu bilatzen bi orduz ibiltzea, baina bai bere bizi-kalitatea berreskuratzea”, gehitu du doktoreak. Esku-hartzearen ondoren, pazientea bi eta lau ordu artean egon zen ospitalean kontrol postoperatorioa egiteko, eta bere kabuz oinez itzuli zen etxera, ospitaleratu beharrik gabe.
Orain arte, patologia hau tratatzeko eskuragarri zeuden teknikak kirurgia, anestesia orokorra eta berreskurapen luzeagoa eskatzen zituzten. Teknika berri honekin, Policlínica Gipuzkoa lunbar-minaren tratamenduan abangoardian kokatzen da, paziente konplexuentzat aukera inbaditzaile gutxiago eta seguruagoak eskainiz.