Zelula dopaminergikoen banku bat sortzeko bildu dira Donostian ikerlariak

Ama-zelulen ikerketan espezializatutako neurologo, neurozientzialari eta ikertzaile bildu dira Poliklinika Gipuzkoan Parkinson Gaixotasunean terapia birsortzailea aplikatu ahal izateko ama-zelulekin egiten den ikerketaz eztabaidatzeko. Hain justu, ikerketa horren lorpenak eta erronkak aztertu dituzte.

Ama-zelulen ikerketan espezializatutako 40 neurologo, neurozientzialari eta ikertzaile baino gehiago bildu dira ostiralean, irailak 14, Poliklinika Gipuzkoako Ekitaldi Aretoan. Parkinson gaixotasuna duten gaixoei tratamendu birsortzailea aplikatu ahal izateko ikerketaren lorpenei eta erronkei buruz eztabaidatu dute.

Dopamina sustantzia sortzeaz arduratzen diren garuneko neuronen endekapen progresiboaren ondorioa da Parkinson gaixotasuna. Gaur egun, medikazioa da dopamina falta ordezkatzeko tratamendurik ohikoena.

Parkinson gaixotasunerako terapia birsortzaileari buruzko jardunaldi zientifiko honetan, zenbait ikerketa aurkeztu dituzte adituek: kalitateko zelula dopaminergikoak (Parkinson gaixotasuna dutenen organismoan ezarri eta ongi onartzeko modukoak, alegia) sortzeko eta mantentzeko metodoei buruz zer ikerketa egiten ari diren azalduko dute. Izan ere, jada lortu dira zelula dopaminergikoak azaleko ama-zelulen bidez, enbrioietako ama-zelulen bidez eta gorputz karotideoetako ama-zelulen bidez, baita pertsona helduen garuneko ama-zelulen bidez ere.

Halaber, transplanteetan arazorik sor ez dadin (errefusa, besteak beste) egiten den ikerketaren egoera ere hizpide izango da jardunaldian. Lortutako zelula dopaminergikoen kalitatea eta biziraupena hobetze aldera nanomaterialak aplikatzeaz ere aritu dira.

Azken finean, adituen nahia zera da: zelula dopaminergikoen banku bat izatea, eskatu ahala erabiltzeko modukoa. Zelula horiek Parkinson gaixotasuna sendatuko ez duten arren, gaixoen bizitza-kalitatea hobetuko dute. Gaur egun badira antzeko bankuak, bestelako gaixotasun batzuei (leuzemiari, esaterako) aurre egiteko. Etorkizun hurbil samarrean zelula dopaminergikoen banku bat izango dugu, Parkinson gaixotasunaren tratamendu birsortzailerako.

 

Parkinson gaixotasunerako terapia birsortzaileari buruzko ikerketa Euskadin

Medikazioa ez den beste aukera bat eskaintzeko asmoz, Poliklinika Gipuzkoako Karlos Elosegi Fundazioak eta Inbiomed Fundazioak Terapia Birsortzailearen Unitate Funtzionala sortu dute. Unitate horretan, zelula dopaminergikoak azaleko ama-zelulen bidez nola lortu ikertzen da. Hain justu, Euskadin dauden 4.500 gaixoen bizi-kalitatea nabarmen hobetzea da unitate horren asmoa.

Ildo horretatik, Fabio Cavaliere Neurozientzietako Doktorea ama-zelulen bidez lortutako neurona dopaminergikoen garapenaz aritu da ostiralean, irailak 14, Poliklinika Gipuzkoan  jardunaldi zientifikoan. Fabio Cavaliere Neurozientzietako Doktore izendatu zuten Erromako “Tor Vergara” Unibertsitatean. Egun, Terapia Birsortzailearen Unitate Funtzionalean lan egiten du, Parkinson gaixotasunerako Neurozientzien eta ama-zelulen ikerketa-proiektuan.

Ikerketa-proiektu hori sendotu egingo da Poliklinika Gipuzkoak, Inbiomed Fundazioak eta Kutxak hemendik gutxira sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaren ondorioz. Hitzarmen horri esker, lankidetza sustatuko da, Parkinson gaixotasunaren tratamendurako estatuan terapia birsortzaileari buruzko ikerketak egiten ari diren adituen artean. Hala, Gipuzkoa bilakatuko da ikerketa horren erreferentea eta aitzindaria.