Los otorrinolaringólogos de Policlínica Gipuzkoa Carlos Saga y Xabier Altuna

“Zahartzen goazen heinean, aldaketa sentsorialek bizitza-estiloari eragin diezaiokete, isolamendura iristeraino”

Otorrinolaringologiari buruzko Osasun Ikasgela

Asteazken honetan (apirilak 22), Saga eta Altuna doktoreek “Zentzumenak galdu gabe zahartzea” hitzaldia emango dute Poliklinika Gipuzkoako Osasun Ikasgelen barruan. Bertan, gorputzak zahartzean jasaten dituen aldaketa sentsorialei buruz hitz egingo digute, eta nola eragin diezaioketen pertsonaren bizi-estiloari, ingurunearekin dituen harremanetan eraginez. Andia kaleko Kutxa Aretoan emango dute hitzaldia, 19:30etan, eta sarrera doakoa izango da tokia bete arte.

Gorputza zahartzen doan heinean, zentzuek (zaporea, usaimena, ukimena, ikusmena eta entzumena) beste modu batera ematen digute inguratzen gaituen eta elkarri eragiten diogun munduari buruzko informazioa. Zentzu horiek zolitasuna galtzen dute, eta xehetasunak ezberdintzeko arazoak sor daitezke. “Aldaketa sentsorialek bizi-estiloari eragin diezaiokete. Arazoak eduki ditzakegu komunikatzeko, jarduerez gozatzeko eta beste pertsonez arduratzeko, norbanakoaren isolamendura iristeraino”, azaldu dute Carlos Saga eta Xabier Altuna otorrinolaringologoek.

Zentzuen bidez hautematen dugunean, sentsazioaren berri izan aurretik estimulu-kopuru jakin bat behar da, eta zahartzarora iristean, norbanakoak estimulu-kopuru handiagoa behar du sentsazioaz ohartzeko.

Adinak zentzu guztiei eragin diezaieke, baina doktoreek otorrinolaringologiaren eremuari dagozkienei buruz hitz egingo dute: dastamena, usaimena, eta, azkenik, entzumena eta oreka; horiek baitira biztanleriaren egunerokoan gehien eragin dezaketenak.

Usaimenak eta dastamenak zeregin garrantzitsua daukate bizitzaren segurtasunean eta gozamenean; janari gozo batek, esaterako, interakzio soziala eta bizitzaren gozamena areago ditzake. Jateko gozamena galtzen bada, interesa galtzen dugu, eta, horrenbestez, gure nutrizio-ekarpena andeatzen da. Gainera, zaporeak eta usaimenak arriskuak detektatzea ahalbidetzen digute, hala nola janari deskonposatua, gas toxikoak, kea, etab.

Gorreria da 3. adineko hirugarren gaixotasunik ohikoena, eta adinarekin areagotzen da; Gipuzkoan, esaterako, 40.000 eta 50.000 pertsonari bitartean eragiten dio. “Entzumen-asaldurek gure komunikatzeko gaitasuna murrizten eta jarduera intelektuala lermatzen dute, eta egoera arriskutsuan jar diezagukete, alarmako soinu-seinaleei arreta ematen ez diegulako. Deskribatutako komunikazio-asaldurak isolatu egiten gaitu eta harreman sozialak murrizten dizkigu, emozio-errefortzuak galtzen ditugu eta depresiora hurbiltzen gara”, adierazi du Altuna doktoreak.

Urteekin, halaber, gehien areagotzen diren beste bi asaldura bertigoa eta orekaren asaldurak dira; horiek erorketak eragin ditzakete, eta adin jakinetan arriskutsuak dira, hausturak, ospitalizazioa eta osasunaren andeatze drastikoa eragin dezaketelako”, azpimarratu du Saga doktoreak.

“Normalean ezin dugu erabaki noiz hilko garen, baina osotasunez bizitzeari noiz utzi nahi diogun erabaki dezakegu. Gure zentzuak ahalik eta baldintzarik onenean mantentzeko ahal dugun guztia egiten badugu, kalitatezko bizitza edukiko dugu, osasuntsuago egongo gara, eta, noski, zoriontsuago ere bai”; amaitu dute esanaz otorrinolaringologoek.

 


Egindako ikasgelak 2017

Egindako ikasgelak 2016

Egindako ikasgelak 2015

Egindako ikasgelak 2014