“Katarataren eraginez, lausotu bezala egiten da ikuspegia modu itzulezinean”

“Kataraten efektua da ikusmena lausotu egiten dela, begietan lainoa bagenu bezala. Kristalinoaren kaltzifikazioa izaten da horren arrazoia. Albiste ona da operatzeko modukoa dela. Kirurgia erosoa da pazientearentzat; asko perfekzionatu da denborarekin, eta, gaur egun, lente bat ipini daiteke kristalinoaren ordez. Lente hori izan daiteke monofokala edo multifokala. Guk lente multifokala gomendatu izan dugu”, azaldu digu Héctor Fariñaoftalmologoak. Lourdes Ruiz oftalmologoak eta biek elkarrekin emango dute konferentzia ostegun honetan, uztailak 15, Donostiako Aquariumean, eta begietako gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan izan diren azken aurrerapenez jardungo dute.

“Oftalmologiako aurrerapen guztiak, argi ikus dezazun” izenburupean, Policlínica Gipuzkoako bi oftalmologoek eta Quirónsalud Donostia ospitaleak begietako hainbat gaixotasunen tratamenduetan izandako azken berrikuntzak azalduko dituzte Osasun Gelan, hala nola begi lehorra, konfinamenduaren ondorioz areagotu egin baita hainbeste orduz pantailen aurrean emateagatik.

Era berean, begietako kirurgian izaniko azken aurrerapenak ere aurkeztuko dituzte; batez ere hipermetropia, miopia, presbizia eta kataraten kirurgian izanikoak.

Héctor Fariña oftalmologoaren esanetan, “pazientearen ikusmenerako arazo bihurtzen denean operatu behar da katarata, eta hobe agertu berritan bada, bigunago egongo baita”.

Héctor Fariñak azaldu duenez, “katarata kristalinoaren gardentasun arruntean agerturiko opakutasun bat da; gure begien lente naturalean agertzen dena, hain justu. Kristalinoa osatzen duten proteinak hondatzen hasten direnean gertatzen da, eta horrek eragiten du lainoa edo lausoa sortzea”. “Kasu horretan, tratamendu posible bakarra da kristalinoa ateratzea, eta, haren tokian, begi barneko lente bat ipintzea, pazientearen aldez aurreko graduazioa zuzentzeko gauza dena, dela urrunekoa, dela gertukoa. Metodo horri esker, ikusmena argitzeaz gainera, kalte errefraktiboak zuzendu ditzakegu”, gaineratu du.

Oftalmologo-taldearen hitzetan, prozedura erraza da eta oso normalizaturik dago. Hurrengo Osasun Gelako aurkezpenean, pazienteen lekukotzak eta irudiak aurkeztuko dituzte, ikusmeneko gaixotasunak eta puntako tratamenduak ilustratzeko.

Osasun Gela aurrez aurrekoa da, baina online ere jarraitu daiteke, Policlínica Gipuzkoaren YouTubeko kanalean. Parte-hartzaileek galdera guztiak egin ahal izango dituzte aurkezpenaren osteko solasaldian, zeinaren moderatzailea Quirónsaludeko Asistentziako zuzendaria izango baita, Sonia Roussel.

Osasun Ikasgela, osteguna, uztailaren 15a, 18:00etan

Donostiako Aquariuma

  • Hurrengo Osasun Gelan, ikusmenaren osasunean eta begietako kirurgian izaniko azken aurrerapenak landuko dira. 
  • Lekua erreserbatzeko, 943 00 27 59 telefonora deitu (9:00etatik 13:30era) edo gpk@quironsalud.es helbidera mezu elektroniko bat bidali behar da, izen-abizenak, NAN agiria eta telefono-zenbaki bat adierazita.
  • Saioa online ikusteko aukera ere badago, Policlínica Gipuzkoaren YouTubeko kanalean edo diariovasco.com webgunean.