garikoitz_etxebeste_arrieta_unidad_de_bici_policlinica_gipuzkoa_3

Garikoitz Etxebeste, fisioterapeuta: “Txirrinda pertsona bakoitzaren neurrira ez eramateak lesio garrantzitsuak eragin ditzake”

Frantziako Tourraren azkeneko astean, Garikoitz Etxebestek, Policlínica Gipuzkoako Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitateko arduradun eta fisioterapeutak, txirrinda neurri desegokian eramateak eragin ditzaken ondorioez hitz egin digu. Profesional guztiek txirrinda euren neurrira egokituta daramate, baina prebentzio neurri honek ez luke profesionalen arlora mugatuta egon behar: amateurrek edo egunerokoan txirrinda erabiltzen dutenek ere azterketa egin beharko lukete, lesioak ekiditeko.

Azken urtetan biomekanika nabarmenki garatu da eta gaur egun, txirrindulari profesionalek detaile guztiak zaintzen dituzte, lesioak eta beste hainbat arazo ekidin ahal izateko. Prebentzio neurri nagusienetako bat: euren gorputzari egokitzen den txirrinda erabiltzea, eta horretarako, azterketa egokia egitea. Hala ere, Garikoitz Etxebestek, Policlínica Gipuzkoako Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitateko arduradun eta fisioterapeutak gogorarazten duenez, prebentzio neurri honek ez luke profesionalen arlora mugatuta egon behar.

“Oso garrantzitsua da txirrinda neurrira eramatea eroso joan ahal izateko, baina batez ere bizikletaren gainean muskularki lana ondo egiteko, lesioak ekiditeko eta errendimendua hobetzeko”, dio Etxebestek. Izan ere, txirrinda neurri desegokian eramateak arazo eta lesio ugari eragin ditzake.

“Lesio mota ezberdinak aurkituko ditugu, garrantzitsuenak, zenbait puntutan izan ditzakegun gehiegizko kargak: bizkar osoan (lepotik hasita lunbarretaraino), kuadrizepsetan, belaunetan edo Akilesen zainean, besteak beste. Tendoi-lesioak ere eragin ditzake, izan ere, posizio txarra eramateak tendoiek lana gaizki egitea eragiten du eta horrek inflamazioak sor ditzake”, azaldu du fisioterapeutak.

Policlínica Gipuzkoako Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitatetik dozenaka txirrindulari pasatzen dira urtean zehar euren txirrindaren neurri egokia zein den ezagutzeko. Azterketa egiteko, teknologian punta-puntakoak diren aurrerapenak erabiltzen ditu Garikoitz Etxebestek. “Hasteko, elkarrizketa txiki bat egiten diogu txirrindulariari, zein txirrindulari motarekin topatuko garen jakiteko. Esplorazio fisikoa egiten diogu, bere gorputzaren ezaugarriak ezagutzeko: asimetriak, posturak… eta honek esaten digu txirrindulariak zein posizio mota behar duen. Azterketa egiteko azken urteetan garatu dituzten aurrerapen teknologikoak erabiltzen ditugu: bizikleta errobotikoa, txirrindulariak biomekanikoki indarra nola egiten duen ikusteko; presio plantilak, aulkian eta oinetan presioa non egiten duen ezagutzeko; eta bideokamerak, gorputz osoko angulazioak jaso ahal izateko. Horrela, balorazio osoa eman diezaiokegu pazienteari eta bere txirrindaren neurri egokiena zein den erabaki dezakegu.

Hala ere, azterketa ez da egun bateko miaketarekin bukatzen. “Txirrindulari bakoitzaren jarraipena egiten dugu. Lehenengo bisitatik hilabetera, bigarren azterketa egiten dugu, pazienteak zituen arazoak edo lesioak hobetu diren ikusteko. Hobetu ez badira, posizioaren balorazioa egiten dugu berriz ere. Hala ere, normalean pazientearen erantzuna baikorra izaten da eta aldaketa nabarmenak sumatu ohi ditu”, dio Etxebestek.

Gomendioa, beraz, profesionalak ez diren txirrindularientzako ere: “bizikleta erosi aurretik azterketa egin beharko lukete txirrindulari guztiek, eta horren arabera bizikletaren geometria aukeratu, taila, beste konponenteen neurriak eta abar. Interesa duen edozein txirrindulari gurekin kontaktuan jarri daiteke, hitzordua emango diogu eta azterketa osoa egingo diogu. Etorkizunera begira, onura handiak ekarriko dizkio”, azaldu du Unitatearen arduradunak.


Lo más visitado

Osasun ikasgelak 2019

Egindako ikasgelak 2017

Egindako ikasgelak 2016

Egindako ikasgelak 2015

Egindako ikasgelak 2014