“Emakume askoren obuluen kalitate eskasak emaileen beharra areagotu du”

Estefanía Rodríguez ginekologoak eta Laguntza Bidezko Ugalketa Zerbitzuko buruak, adierazi du gaur egun obodonazioa ugalketa-unitateetan gehien egiten den tratamenduetako bat dela, pazienteen obuluen kalitatea eta kantitatea murrizten ari delako.

Obodonazioa lagunduriko ugalketa-teknika bat da, non emakumeen gametoa (obozitoa) emakume emaile batek ematen duen, ama izan nahi duen emakume hartzaile batean ezartzeko. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) arabera, munduan sei haurretik bat laguntza bidezko ugalketa-tekniken bidez jaiotzen da, eta 41 urtetik gorako emakumeetan, jaiotzen % 50 obuluak emateagatik izaten da. Izan ere, emakume askoren obuluen kantitate eta kalitate eskasak emaileen beharra areagotu du. Estefanía Rodríguez ginekologoak, Quirónsalud Donostia Ospitaleko eta Gipuzkoa Poilklinikako Laguntza Bidezko Ugalketa Zerbitzuko buruak, dioenez adina da emakumearen ugalkortasunari gehien eragiten dion faktorea: “Ama zein adinetan izango garen erabakitzeak asko eragingo digu, bai obuluen kalitatean, bai kantitatean”. Hala ere, beste faktore batzuk ere badaudela azpimarratu du, hala nola, alterazio genetikoak, gaixotasun genetikoen transmisio-arazoak edo obulu-erreserba txikia duten obuluen kantitate-arazoak emakume gazteen artean.

Estefanía Rodríguez doktoreak azaldu duenez, emaileak kontu handiz aukeratzen dituzte: “Osasun, adin, ugalkortasun eta alderdi psikologikoen irizpideak bete behar dituzte, irizpide horiek hartzailearentzat ahalik eta obulu-kalitate onena bermatzen baitute, haurdunaldirako aukerak optimizatuz”. Teknika horren onuradun izan daitezkeenei dagokienez, Estefanía Rodríguezek “paziente bakoitza banaka ebaluatzearen garrantzia” azpimarratzen du, batez ere obuluen kantitate edo kalitate txikia dutenak, aurretiko tratamenduen edo faktore genetikoen ondorioz, eta obodonazioak egoera horietarako irtenbide itxaropentsua eskaintzen duela baieztatzen du.

Obodonazioak koordinazio arduratsua eskatzen du

Quirónsalud Donostia eta Policlínica Gipuzkoa ospitaleetako laguntza bidezko ugalketa zerbitzua zuzentzen duen ginekologoaren hitzetan, non 6.000 haurdunaldi baino gehiago lortu diren eta aitzindaria den Gipuzkoan, “obodonazio-prozesuak emailearen eta hartzailearen arteko koordinazio arduratsua eskatzen du. Lehenik eta behin, emailea hartzailearen ezaugarrien arabera hautatu behar da. Bertan, hainbat ezaugarri hartzen dira kontuan, hala nola ilearen kolorea, begiena, azalarena… Emailea aukeratzean, obuluak ateratzeko estimulazio obarikoko tratamendu bat egiten zaio. Bitartean, hartzaileak bere umetokia prestatzen du sortutako enbrioiak jasotzeko “.

Estefanía Rodríguezek hogei urte inguru dituzten emakume gazteak animatu ditu obuluak ematera, “beste emakume batzuei haurdunaldia lortzen lagundu ahal izateko”. Gainera, ez da beste emakume batzuei amatasuna lortzen laguntzearen esker ona lortzea bakarrik, onura pertsonalak ere baditu, hala nola beren osasunari eta ugalkortasunari buruzko ebaluazio sakonak jasotzeko aukera, baliagarriak izan baitaitezke beren etorkizuneko amatasunean.