Donostia, autismoaren munduko hiriburua maiatzaren 2tik 4ra

IMFAR 2013

 

  • Hiriak International Meeting for Autism Research (IMFAR) izenekoaren XII. edizioa hartuko du bihartik aurrera. Autismoaren inguruan nazioartean erreferente den kongresu horretan 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Gipuzkoako hiriburuan eta gaixotasunarekin lotutako 800 ikerlan baino gehiago aurkeztuko dira.
  • IMFAR gaixotasunaren inguruan urtero egiten den topaketa da eta, aurten, lehen aldiz garatuko da ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean.
  • Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzenduko du IMFAR 2013.
  • Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze ikastaro bat burutu da gaurko egunez tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua, nazioarteko aditu ugarik parte hartu dutelarik.
  • Halaber, Kursaaleko Ganbera Aretoan IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatu da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izan dira ikusgai.

Donostia, 2013ko maiatzak 1.- Bihartik aurrera eta datorren larunbata bitartean (maiatzaren 2tik 4ra) autismoaren ikerketan nazioartean garrantzi gehien duen topaketa zientifikoa hartuko du Donostiak. Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak antolatu eta zuzendutako topaketan bost kontinentetako zientzialariak elkartuko dira autismoaren diagnosi, kausa eta gaixotasunarekin lotutako nahasmenduen tratamenduari buruzko azken aurkikuntza eta ikerketen inguruan eztabaidatzeko (*Programa atxikitzen da).

IMFAR 2013 topaketan kontinente guztietako 1.500 ikertzaile baino gehiago elkartuko dira Donostian eta autismoari buruzko 800 ikerlan berri aurkeztuko direla aurreikusten da.

Lehen aldiz ospatuko da IMFAR ingeles hiztuna ez den Europako herrialde batean. 2008. urtean soilik ospatu zen Iparramerikatik at. Orduan Londresen garatu zen. Horrenbestez, Donostia leku historikoa izango da, autismoaren ikerketan “munduko gailurtzat” jo ohi diren zientzia-ekitaldi garrantzitsu horiekin lotuta.

Topaketa gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Bertan gaixotasunarekin lotutako hainbat ikerlan eta ikerketa aurkeztu dira. Besteak beste, terapietan errobotak erabiltzeari buruzkoa eta terapietan erabiltzeko hobekuntza-mekanismo neuronalei buruzkoa. Horiez gain, hainbat kasu praktiko azaldu dira. Kaliforniako Unibertsitatea, Yale Unibertsitatea, Notre Dame Unibertsitatea edo Marcus Autism Center dira punta-puntako ikerketa eta ikerlan horien egileak.

Halaber, Kongresuaren atariko modura, IMFAR aurreko eguneratze-ikastaroa garatu da gaur, zortzi orduko iraupenekoa, eta tokiko, estatuko eta Europako 600 gonbidaturi zuzendua. Tartean nazioarteko aditu ugari izan dira eta, horrez gain, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingeles hizkuntzen arteko itzulpen zerbitzua gaitu da.

Orobat, Kursaaleko Auditoriumean IMFAR topaketari harrera egiteko kontzertu berezia ospatuko da arratsaldean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Aurrez, Yoko Onok bideoz egindako agurra eta James Hobley dantzariaren (autismoa duen dantzari britainiarra) ikuskizuna izango dira ikusgai.

 

Autismoa

Autismo haurtzaroaren garapeneko nahasmendu neurobiologikoa da. Normalean, eragin negatibo nabarmena izan ohi du gaixotasuna duten haurrengan. Sozializazioan, komunikazioan, irudimenean eta portaeran atzerapenak eta mugak izatea; horiexek nahasmenduaren ezaugarrietako batzuk. Maiz bestelako ezintasun edo osasun-arazo batzuekin batera ematen da. Gainera, autismoa pairatzen duten pertsona gehienek gutxieneko bizi-kalitatea garatzen laguntzeko neurriak behar izaten dituzte bizitza osoan zehar. Egun nazioartean diagnosirako erabiltzen diren irizpideen arabera, autismoa orokorrean pentsatzen dena baino maizago agertu ohi da. Hala, ikerketa sofistikatuenen arabera, AEBko zortzi urteko 88 haurretatik batek izan ohi du autismoa (mutikoen artean maizago ematen da, zehazki esatera, 54 mutikotik batek izan ohi du). Haatik, Hego Korean berriki egindako ikerketa sakon batean ikusi ahal izan denez, zazpi eta hamabi urte bitarteko 38 haurretatik batek autismoa pairatzen du.

Hori dela eta, herrialde ugaritan autismoari aurre egiteko plan bereziak gaitu dira eta nahasmendu hori hobeto ulertu, tratatu eta, etorkizunean, kasu batzuk sendatu edo prebenitzeko (gaur egun hori ezinezkoa da) baliabide asko finkatu dira. Horregatik, IMFAR topaketak munduko ekipamendu onenak elkartzea ahalbidetzen du. Horrela, pertsona eta familia asko eta askorentzako aurrerapen eta itxaropenerako arrazoia da.

 

DONOSTIAutism: IMFAR 2013 zehazteko herri-ekimena

Hitzordu garrantzitsu honen harira, azken hilabeteetan herritarrak autismoaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat ekitaldi garatu dira Donostian. IMFAR (International Meeting for Autism Research) topaketarekin jarriko zaio azken puntua ekimenari.

Ekitaldiak 2012an hasi ziren eta aurten ere izan dira. Datozen egunetan, oraindik, izango dira hitzorduak, egutegi honen arabera:

  •  2013ko apirilak 29 / maiatzak 5 (Kursaaleko Terrazak) – Laguntza premia duten pertsonen asistentziarako teknologiaren LaguntzaTEK erakusketa, Donostia Sustapenak babestuta.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia). Ekimen aitzindaria Kongresuen Jauregian. Diseinu unibertsaleko seinaleak paratuko dira zientzia-jarduneko egunetan. Horretarako, muga intelektual edo komunikaziozkoak dituzten pertsonek ulertzeko moduko piktogramak erabiliko dira (ARASAAC atariarekin lankidetzan).
  • Maiatzak 2 / 3 / 4 (Kursaal Kongresuen Jauregia) – International Meeting for Autism Research topaketa burutuko da (IMFAR 2013).
  • Maiatzak 2 / 3 (Inbiomed; Basque Center on Cognition, Brain and Languaje; Gipuzkoako Medikuen Elkargo Ofiziala eta Andia kaleko Kutxako ekitaldi-aretoa) – Kongresutik adituek irteerak egingo dituzte Gipuzkoako profesional eta ikertzaileekin topaketak burutzeko.
  • Maiatzak 4 / 5 (NH Aranzazu Hotela) – Gautenak Europako Autismoaren Urteko Kontseilu eta Asanblada antolatuko du. Bertan, 30 herrialdetako kaltetutako pertsonen senideen 80 elkarte baitaratzen dira.
  • Maiatzak 1 / 2 / 3 (Haizearen Orrazia, Santa Clara irlaren itsasargia, Udaletxeko fatxada, Kursaaleko fatxada) – Gaueko argiztapena kolore urdinez IMFAR topaketak burutzen diren bitartean, Donostiak autismoari emandako babesaren erakusgarri.