“Eguzkia da udako protagonista nagusia eta haren kalteetatik eraginkortasunez babestu behar dugu”

Azala zaintzeko aholkuak Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelan EibarrenEibar, ekainak 17.- Datorren asteazkenean, ekainak 18, Eibarko Portalea Kultur Etxean dermatologiari buruzko Osasun Ikasgela izango dugu. Susana Gomez doktoreak zuzenduko du saioa, eta “Zure larruazalaren zainketaren inguruan jakin beharreko guztia. Larruazala eguzkiaren aurrean babestea, dermatosiaren prebentzioa eta zahartzearen aurkako tratamenduak” dauka izenburutzat. Sarrera askea izango da edukiera bete arte.

Azala organo bizia da, aktiboa, eta etengabean aldatzen ari da. Ingurugirotik babesten gaitu, eta gure inguruarekin erlazionatu. Elikadura-ohitura txarrek, alkoholak, tabakoak, atseden faltak, erradiazio ultramoreak… erradikal askeak eragiten dituzte, eta azken horiek organoak narriatuz doaz bizitzan zehar, eta organo horien artean, azala ere bai.

“Eguzkia da udako protagonista nagusia, eta haren kalteetatik behar bezala babestu behar dugu. Denok ezagutzen ditugun fotobabesleez gain, eguzkitako betaurrekoak, txanoak, kapelak eta arropa egokia erabili behar ditugu” azaldu du Susana Gomez dermatologoak. Eguerdian eguzkitan egotea ekidin behar dugu, eta oso garrantzitsua da aire zabalean gauden lehenengo aldietan gehiago zaintzea, hondartzara nahiz landa-guneetara joan.

Gomez doktoreak ziurtatzen du “fotobabesleak gaixoaren fototipoaren, dagoen lekuaren eta egin beharreko jardueraren arabera aukeratu behar direla, baina orokorrean babes altua (30etik gora) eta espektro zabala dituzten iragazkiak izan beharko luketela. Ez dugu ahaztu behar neguan ere erradiazio ultramorea jasaten dugula, eta, urtaro horretan ere, egunero erabili behar ditugu fotobabesleak. Babes-indizea altuagoa izango da neguko kirolak egiten direnean, batik bat eskiatzean”.

Hitzaldian zehar, dermatologiako espezialistak aurpegia zahartzea prebenitzeko azken aurrerapenak aurkeztuko ditu. “Toxina botulinikoa azken urteetako iraultzarik handiena izan da estetikaren hobekuntzan, eta hedatzen jarraitzen du. Azido hialuronikoarekin konbinatuta, zahartzearen kontrako tratamendurik onena da, behar bezala eman eta zuzen baliatuz gero”, adierazi du Gomez doktoreak. Haren hitzetan, “gehienek lifting kirurgikoa aukeratzen dute, halere, eta kirurgiaren bidez, aurpegiaren hiru aldeak, bekokia, aurpegiaren erdialdea (masailak) eta alde zerbikala (lepoa) gaztetzen dira”.

Azal gazteei dagokienez, hainbat zaintza kosmetiko daude azala osasuntsu mantentzeko eta lehen zimurrak prebenitzeko; baina komenigarriena da fotobabesleak maiztasunez erabiltzea, argiak zahartzean duen eragina orekatzeko.  Horrez gain, printzipio aktibo gisa erretinoideak eta/edo C bitamina purua duten produktu kosmetikoak erabili behar dira, gazteagotzeko.


Poliklinikak artrosiarentzako tratamendu aringarri berria aurkeztu du

Giltzadura-kartilagoen lesioen tratamenduan izandako aurrerapenak azaldu dituzte Ricardo Cuellar eta Juan Ponte doktoreek Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelan

Donostian, 2014ko maiatzaren 28an.- Ostegun honetan, maiatzak 29, Andia kaleko Kutxa Aretoan, giltzadura-kartilagoak tratatzeko azken aurrerapenei buruzko konferentzia izango dugu, Poliklinika Gipuzkoako Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoen eskutik, “ARTROSIA SORTZEN DUTEN GILTZADURA KARTILAGOEN LESIOEN TRATAMENDUAN IZANDAKO AURRERAPENAK” izenburupean. Azalpenetan, traumatologoek giltzadura-kartilagoen lesioak artroskopia bidez konpontzeko teknika ez-erasokorrak aurkeztuko dituzte. Teknika horien helburua da artrosia ahalik eta gehien atzeratzea. Horrez gain, Orthokine izeneko tratamendu aringarri berriaren onurak azalduko dituzte. Infiltrazioetan oinarritzen da, eta urtebetetik hona aplikatzen ari dira, emaitza bikainekin.

“Espainiako biztanleriaren % 43k artrosia dauka, eta alde handia dago sexuen artean” azaldu du Ricardo Cuellar traumatologoak. “Bitxia bada ere -erantsi du Cuellarrek-, 50 urtetik beherakoen artean, kasu gehiago daude gizonetan, eta, 55 urtetik gorakoen artean, berriz, emakumeetan”.  Adina beste faktore erabakigarri bat da. “Urteak aurrera joan ahala, gora doa, eta 30 urtekoen % 3ari eragiten dion bitartean, 80 urtetik gorakoen % 80ak dauka artrosia”, azpimarratu du Cuellarrek. Erantsi du “emakumeei dagokienez, eskuetako eta belaunetako giltzadurak kaltetzen dituela batez ere, eta gizonei dagokienez, aldakak dira narriatuenak”.

Giltzadura 3 edo 4 milimetroko lodiera duen esmalte-geruza da, eta hezur bakoitzaren muturra inguratzen du, hezurrek elkarren kontra ondo irrista dezaten, giltzadura mugitzean. Hortaz, kartilagoaren lesioek geruza hori osorik edo partzialki desagerrarazten dute. Bi arazo nagusi egon daitezke kartilago-galera horien atzean: lehenik, arazo mekanikoak, maiz kiroletako, laneko… traumatismoek eta adinarekin jasaten dugun narriadurak (artrosia) eragiten dituztenak; eta, bestetik, kartilagoa “jaten” duten prozesu erreumatikoak dira.

Ricardo Cuellarren hitzetan, “nobedaderik handiena da gaixo gazteen lesio zirkunskribatuak arta ditzakegula, batez ere jatorri traumatikoa edo endekapenezkoa daukatenak, artroskopia-teknikak eta mintzak edo adabakiak erabilita”.  Aitzitik, lesioak giltzadura osoari eragiten dietenean, gomendatutako kirurgia-tratamendua ohiko kirurgia bidez protesiak edo inplanteak jartzea da, oraindik ere”.

Mina arintzea

Kartilagoaren patologia batzuetan, mina txikiagotzeko tratamendu aringarriak baino ezin dira eman. Horrela, kaltetutako giltzaduren gaitasun funtzionala hobetzen da, eta, beraz, gaixoaren bizi-kalitatea ere bai.  Nahiz eta gaur egun tratamendu farmakologiko ugari eta infiltrazio bidezko hainbat substantzia dauden, nobedade nagusia Orthokine infiltrazioak dira.

“Orthokine terapiaren bidez, gaixoari kaltetutako giltzaduran aurretiaz egokitutako seruma infiltratzen diogu. Laborategian odol-lagin bakarra atera ondoren, gaixoa etxera doa. Orduan, odol-lagina egokitzen dugu, eta, horrela, programatuta eta gaixoari hobekien datorkion egunean, kontsultan bertan infiltratzen diogu”, azaldu du Juan Ponte traumatologoak. “Hazkuntza-faktoreak biltzen ditu, baina ezaugarri bereizgarria da mina denbora luzez arintzen duten agente antiinflamatorioak dituela, batez ere. Terapia hori edozein giltzaduretan aplika daiteke, eta astero 1 infiltrazio egiten da, 4 astez. Orokorrean, laugarren astetik aurrera, hobekuntza klinikoa ikus daiteke” baieztatu du Juan Ponte traumatologoak. “Tratamendu hau bereziki komenigarria da artrosi aurreratua eta mingarria duten gaixoentzat, beste tratamendu tradizionalak aplikatuta ere mina izaten jarraitzen dutenentzat, alegia”, adierazi du.

 


Espainian 1 miloi bikotek antzutasun-arazoak dituzte

Maiatzak 17 eta 18 Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Jardunaldiak

 

  • Espainian, bikoteen % 10 eta 15 artean antzutasun-arazoak dituzte.
  • Emakume gazte eta osasuntsuek obozitoak ematea eskuzabaltasun-keinu izugarria da.
  • 30 urtetik beherako bikote osasuntsu batek % 25 aukera dauka hilabete batean haurdun geratzeko.
  • Asteburu honetan, maiatzak 17 eta 18, Kursaal entzunaretoak “Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Ate Irekietako Jardunaldiak” hartuko ditu, Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateak antolatutakoak.

 

Donostian, 2014ko maiatzaren 16an.- Asteburu honetan, maiatzak 17 eta 18, Kursaal entzunaretoak “Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Ate Irekietako Jardunaldiak” hartuko ditu, Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateak antolatutakoak. Saioak 11:00etan hasiko da, eta sarrera askea da, edukiera bete arte. Asteburuko ekitaldiari amaiera emateko, Toño Lara Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateko Laguntza bidezko Ugalketa Unitatearen koordinatzaileak hitzaldia emango du. Lara doktorearen hitzetan, jardunaldien helburua da “benetako interesa dutenei modu hurbilean eta argian ugalkortasun-arazoei buruzko informazioa ematea, ugalketa-zentro batera noiz joan behar den aholkatzea, eta, orokorrean, gaur egun zer teknika eskain ditzakegun azaltzea.  Zehazki, eta adibide bat jartzearren, jardunaldien amaieran azalduko dugu nola lagun diezazuketen berrogei urteren ostean ama izan nahi baduzu. Izan ere, komunikabideek informazio ugari ematen badute ere, jendeak ez daki emakume edo bikote bakoitzak zenbateko ugalkortasuna espero dezakeen, noiz den komenigarria zentroetara joatea eta noiz erabili behar diren laguntza bidezko ugalketa-teknikak”.

Gaur egun, kalkulatzen da Espainian milioi bat bikote inguruk arazoak dituela haurra sortzeko, ugalkortasunarekin lotutako patologien ondorioz. Toño Lararen hitzetan, “faktore askok dute eragina bikotearen ugalkortasunean, eta, zehazki, 40 urte bete dituzten emakumeen kasuan, arrazoi nagusietako bat gaur egungo aldaketa soziokulturalak dira”.

Hark baieztatu duenez, “gero eta gehiago itxaroten dugu haurra edukitzeko, eta bikoteek 31 eta 32 urte dituzte batez beste lehen seme-alaba daukatenean”.

Ezagunak diren kanpo-faktoreak ez daudenean, aholkatzen da bikote gazte batek ugalketa-unitate espezializatu batera joan behar duela urtebetez saiatu ondoren ez duenean haurra edukitzea lortu. “Kontuan hartu behar da adin ugalkorrean dagoen bikote gazte -hogeita hamar urtetik beherakoak- eta osasuntsu batek % 25 aukera duela hilabete batean haurdun geratzeko, eta urtebetez saiatzen daramanean, aukera % 85 da; horregatik gomendatzen dugu urtebeteren ostean joatea kontsultara” ziurtatu du Lara doktoreak.

Adina eta ugalkortasuna

Emakumearen ugalkortasuna adinarekin estu lotuta dago: horrela, 20 urteko emakume batek % 25 aukera dauka ziklo ugalkor bakoitzean haurdun geratzeko, hau da, batez beste haurdunaldi bat lortuko luke ziklo ugalkorren lau hilabete bakoitzeko. Emakume hori 30eko hamarkadan sartzen denean, 6-7 hilabete beharko lituzke haurdun geratzeko, eta ziklo bakoitzeko % 15 aukera dauka. Ondorioz, haurdunaldia lortzeko behar diren ziklo ugalkorren hilabete-kopurua areagotzen da amaren adina gora doan heinean, eta 40 urte betetzean, ziklo ugalkor bakoitzeko % 3-5 aukera dauka, hots, 20 hilabete baino gehiago beharko ditu haurdun geratzeko.

Hitzaldietan zehar, Emakumearen Unitatearen espezialista-taldeak modu laburtuan azalduko du gaur egun zer nolako mediku-azterketa dauden gizonen eta emakumeen antzutasuna diagnostikatzeko, eta baita erabiltzen diren laguntza bidezko ugalketa-teknika anitzak ere.

“Duela 30 urte in vitro ernalketa asmatu zen, eta ziurta dezakegu teknikak oso modu mesedegarrian egin duela aurrera. Tratamenduak eta teknikak gero eta eraginkorragoak dira, eta erditze anizkoitzak gero eta urriagoak, umeki bakarra transferitzeko teknikak ditugulako eta hura garatzeko aukerak oso handiak direlako”, ziurtatu du Toño Larak.

 


Laguntza bidezko ugalketari buruzko ate irekien jardunaldia.

Informazioa jasotzeko eta zure ugalkortasunari buruz dituzun zalantzak eta kezkak argitzeko gunea.

Policlínica Gipuzkoak antolatutako jardunaldi hauen helburua informazioa jaso eta zalantzak eta kezkak argitzeko gunea izatea da.

  • Egunak: Maiatzak 17 eta 18.
  • Tokia: Kursaaleko 4. aretoan
  • Sarrera dohanik tokia bete arte.

PROGRAMA:

Larunbatean Maiatzaren 17an

  • 11:00 – 11:45 Zergatik eta noiz joan behar dut nire ugalketari buruzko kontsulta batera?.
    Hizlaria: Gonzalo Mezquita doktorea
  • 12:00-12:45 Ni ez nagoenean. Bisita birtuala Laguntza Bidezko Ugalketaren laborategi batera.
    Hizlaria: María Estomba enbriologoa

Igandean Maiatzaren 18 an

  • 11:00-11:45 35 urte ditut, baina oraindik ez dut ama izan nahi. Zer egin dezaket?
    Hizlaria: Mª José Lázaro enbriologa
  • 12:00-12:15 Besteekin bizitzeko esperientzia.
    Emakumeen testigantza.
  • 12:30-13:15 Amatasuna 40 urtetik gora.
    Hizlaria: Toño Lara doktorea

Poliklinika Gipuzkoak doako ahots-azterketak egingo ditu Ahotsaren Mundu Eguna ospatzeko

Apirilak 16, Ahotsaren Mundu Eguna

  • Gipuzkoako biztanleen % 5 inguruk espezialista otorrinolaringologo baten esku-hartzea behar duen ahots-arazoren bat dauka.
  • Irakasleen % 22,5ek ahots-arazoren bat dute, eta horixe da, hain zuzen ere, baja hartzeko arrazoirik nagusiena.
  • Xabier Altuna eta Carlos Saga doktoreen zerbitzuak doako ahots-azterketak egingo dizkie apirilaren 14, 15, eta 16rako hitzordua eskatzen duten lehen 20 pertsonei.

Donostian, 2014ko apirilaren 11n.- Xabier Altuna eta Carlos Saga doktoreek zuzentzen duten Poliklinika Gipuzkoako Otorrinolaringologia Zerbitzuak doako 20 ahots-azterketa egingo dizkie apirilaren 14, 15, edo 16rako hitzordua eskatzen duten pertsonei, apirilaren 16an Ahotsaren Mundu Eguna dela ospatzeko. Interesdunek 943 00 09 28 telefono-zenbakian eska dezakete hitzordua.

Kalkulatzen da Gipuzkoako biztanleen % 5 inguruk espezialista otorrinolaringologo baten esku-hartzea behar duen ahots-arazoren bat daukala.

Xabier Altuna otorrinolaringologoak ziurtatzen du “ahots-arazoak 25 eta 45 urte arteko pertsonetan direla ohikoen, eta emakumeen kopurua pixka bat handiagoa dela”. Gainera, Altuna doktoreak azpimarratzen du irakasleak direla patologia hori gehien jasaten duen sektorea. Zehazki, “irakasleen % 22,5ek disfonia dauka, ahotsaz neurri gabe baliatzeagatik, eta, hain zuzen ere, horixe da laneko baja hartzeko arrazoirik ohikoena”.

Euren kontsultatik, Altuna eta Saga doktoreek azaltzen dute “ahots-azterketa bat eginda, ahots-korden patologien % 95 diagnostika daitekeela”. Azterketa horretan, gaixoari elkarrizketa egiten diote, inoiz sintomarik izan duen jakiteko, eta, jarraian, ahots-kordak miatzen dizkiote, fibroskopio edo estroboskopio bidez. Kamera horiei esker, ahots-kordak mugitu bitartean azter daitezke, eta, horrela, horien funtzionamendua ikusi eta gaixoak patologiarik duen antzeman daiteke.

Ahotsaren Mundu Eguna

Espainiako Otorrinolaringologia Elkarteak Ahotsaren Mundu Egunaren XXV. Edizioa ospatzen du, biztanleak ahotsarekin lotutako patologien gainean sentsibilizatzeko, horien prebentzioa sustatzeko eta tratamenduetan egindako azken aurrerapenak ezagutarazteko. 1999an ospatzen hasi zen, eta, urtero bezala, aurten ere apirilaren 16an (datorren asteazkena) hainbat ekitaldi aurreikusi dira, horien artean azpimarratzekoak direlarik kantu-emanaldiak, ahotsa zaintzeko aholkuak, konferentziak eta hitzaldi hezitzaileak.//


“Desoreka kronikoa pairatzen dutenek daukate bizi-kalitaterik okerrena”

Jendetza Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek hipoakuasiaren eta bertigoaren gainean emandako konferentzian

Asko izan ziren, otsailaren 27an (osteguna), Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek emandako konferentziara bertaratu zirenak, inplante koklearren eta bertigoaren gaineko interesak eramanda.  Konferentzia arrakastatsua izan zen, Andia Kaleko Kutxa Aretoa erabat bete baitzuen.

Xabier Altuna doktoreak azaldu zuen entzumen-arazoak uste baino ohikoagoak direla. Izan ere, mila pertsonatik bost jaiotzen dira akatsen batekin belarrian, eta bost horietatik, batek gortasuna edo hipoakusia bilaterala dauka. Patologia horren tratamenduan egindako azken aurrerapenei dagokienez, Altuna doktorea inplante koklearrei buruz aritu zen, entzumen-arazoak dituzten pertsona gero eta gehiagori laguntzen dieten gailu txikiak, hain zuzen ere.

Altuna doktoreak azaldu zuen “inplantea kirurgia bidez jartzen dela, horri esker gaixoak normaltasunez entzun dezakeela, eta barneko eta kanpoko parte batez osatuta dagoela”. Adierazi zuenez, “gaixoei datxekiola, ez dauka murriztasunik, inplante koklearra umeetan zein helduetan eta adinekoetan jar daitekeelako”.

 Bertigoa

Ondoren, Carlos Saga otorrinolaringologoa bertigo-arazoei buruz mintzatu zen. Azaldu zuen barne-belarriaren kanal erdizirkularretan endolinfa izeneko likido bat dagoela, eta horren mugimenduak kontrolatzen duela oreka. Halaber, esan zuen likidoa daramaten kanaletan “hondakinak” gera daitezkeela, denborarekin. Horrek jarioa oztopotatzen du, eta, ondorioz, bertio-krisiak eragin. Sagak bertigo-mota desberdinak aurkeztu zituen, hala nola posiziozko bertigoa eta Meniere-rena. Bi mota horien arteko diferentzia da azken horretan ezin direla atakeak aurreikusi. Gainera, erantsi zuen “edozein bertigo-motak desoreka kronikoa eragin dezakeela, eta desoreka kronikoa jasaten duten pertsonak direla bizi-kalitaterik okerrena daukatenak”. Azaldu zuen bestibuluaren errehabilitazioarekin desoreka kronikoa arrakastaz trata daitekeela. Terapiak denbora eta lana behar du, baina emaitzak pozgarriak dira. Posiziozko bertigoaren kasuan, berriz, gaixoaren burua hainbat posiziotan jartzen da, “Epley-ren maniobra” izeneko teknika batekin. Horrela, saio bakarrean bertigo-krisiak konpon daitezke.

Jardunaldiak medikuek hitzaldia eman ostean ere jarraitu zuen, publikoak galdera-txanda luzea egin baitzuen. Eskertzekoak dira entzuleen interes handia eta bi doktoreen profesionaltasuna.


“Hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete tratamenduen azken aurrerapenei probetxu ateratzen”

Aurrerapenak bertigoaren eta gortasunaren tratamenduan Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgeletan

Donostian, 2014ko otsailaren 26an.- Xabier Altuna eta Carlos Saga Poliklinika Gipuzkoako otorrinolaringologoek, bihar (osteguna, otsailak 27), arratsaldeko 19:30ean Andia Kaleko Kutxa Aretoan hitzaldia emango dute, bertigoaren eta hipoakusiaren tratamenduan izandako azken aurrerapenei buruz, Osasun Ikasgelen Zikloaren barruan. Beti bezala, konferentziarako sarrera askea izango da edukiera bete arte.

Barne-belarriaren patologiak dira banakoen giza dimentsioari gehien eragiten dietenak, komunikatzeko gaitasunean efektu zuzena daukatelako. Kalkulatzen da 3 milioi espainiar baino gehiagok entzumen-galera duela. Gehienak adineko pertsonak diren arren, talderik ahulena jaioberriak dira. 1.000 haurtxotik bost entzumen-arazoekin jaiotzen dira.

Gortasunaren tratamenduan aurrerapen handiak egon dira: kirurgiatik eta audiofonoetatik hasita, entzumen-inplanteetara. Hala ere, “hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete probetxu ateratzen tratamenduetan izandako azken aurrerapenei” ziurtatzen du Xabier Altuna otorrinolaringologoak, aditu nagusietako bat inplante koklearretan. Euskal Autonomia Erkidegoan, Poliklinika Gipuzkoa da teknika hori eskaintzen duen ospitale pribatu bakarra.

Xabier Altunaren arabera, “kirurgian aurrerapenak egin dira gortasunaren tratamenduan, batez ere belarrian txerta daitezkeen gailuei dagokienez, mota guztietako gortasunei irtenbidea ematen laguntzen dutelako, gortasun arinetatik larrietara, eta adin-talde guztietan jar daitezkeelako”.

Bereziki garrantzitsua da gailu horiek gortasun akutua duten jaioberriei txertatzea, haurtxo horientzat hizkuntzaren garapena arazoa izan daitekeelako lehen bizitza-urteetan. Inplante koklearrekin, haurra normaltasunez gara daiteke, gure herrialdean tratatutako ehunka kasutan ikusi den bezala.

Bertigoa eta oreka-arazoak

Bertigoa eta oreka-arazoak izango dira hurrengo Osasun Ikasgelan tratatuko diren beste patologiak. Bertigoa ohiko gaitza da herritarren artean, eta eragin handia dauka gaixoen bizi-kalitatean. 10 gaixotatik lauk bertigo-episodioren bat izango dute bizitzan zehar. Zehazki, oreka-arazoek adineko pertsonetan dute eraginik handiena, oreka-sistema naturalki narriatuz baitoa, eta, ondorioz, pertsonak gutxiago mugitzen hasten dira edo gehiegizko prebentzio-neurriak hartzen dituzte.

Carlos Saga otorrinolaringologoaren hitzetan, “Poliklinika Gipuzkoan zorroztasun handiko azpiegiturak ditugu bertigoarekin eta orekarekin lotutako gaitzak diagnostikatu eta tratatzeko. Gaixoaren erantzuna neur dezakegu, haren mugimenduak aztertuta. Horretarako, gaixoak plataforma baten gainean oinak jarri eta ikuseremuan aldaketak eragiten ditugu, mugimenduari erantzuteko modua diagnostikatzeko”.

Posiziozko bertigo paroxistikoa tratatzeko, Saga doktorearen kontsultan hainbat maniobra erabiltzen dira (Epley, Semont, Barbecue…), eta emaitza bikainak dituzte gaixoarentzat epe oso laburrean.

Oreka-arazoen kasuan, tratamenduaren azken aurrerapenek bestibuluaren errehabilitazioa dute ardatz. “Orekan espezializatutako errehabilitazio-unitate bat daukagu, gaixoak ordenagailu bidezko posturografia dinamikoa eta zoruan egindako ariketak konbinatzen dituzten saioetan gidatzeko, helburua izanik haien jarrera eta mugitzean duten erantzuna normalizatzea, eta, hala, berriz ere segurtasunez ibil daitezen lortzea” azaldu du Saga doktoreak.

 


Laura Quintas kardiologoak “Bihotza osasuntsu mantentzeko bost keinu” aurkezten dizkigu

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen edizio berriari hasiera emango dio Eibarren, kardiologiari buruzko hitzaldi batekin

 

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen ziklo berria inauguratuko du Eibarren. Aurten 10 hitzaldi antolatu dira, 6 Donostian eta 4 Eibarren. Edizio berri honen helburua da osasunaren arloko pil-pileko gaien bitartez informazio eguneratua eskaintzea, eta bertaratuekin mahai-inguru txikiak sortzea, zalantzak argi ditzaten.


Euskadiko eskola-umeen % 39k gosari osasungarria egiten dute, esnez, zerealez eta fruituz osatua

Euskadiko eskola-umeentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa gaur goizean abiatu da Bilbon eta 2013/2014 ikasturtean zehar 10-11 urte bitarteko 6.348 haurrengana iritsiko da

  • Bihotz Bizi Elkarteak bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa antolatu du Policlínica Gipuzkoa, Okinen Euskal Federazioa, Ausolan, Eroski, Euskadiko Farmazialarien Kontseilua eta Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin.
  • Gaur goizez abiatu da ekimen honen XIV. edizioa Bilboko Maristas El Salvador ikastetxean. Aipagarria da edizio honetan inoiz baino ikastetxe (144) eta ikasle (6.348) gehiagok eman duela izena.
  • Jarduera horrela egituratzen da: lehenik eta behin ikasleei informazio-hitzaldia ematen zaie gosari on batek duen garrantziari buruz eta, ondoren, funtsezko osagaiekin prestatuta, bihotz-hodientzat osasungarria den gosari bat dastatzen dute.

Bilbo, 2013ko azaroak 12.- Bilboko Maristas El Salvador Ikastetxean abiatu da gaur goizez eskola-umentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien hamalaugarren edizioa, Bihotz Bizi Bihotz-hodietako gaixotasunen Informazio eta Prebentziorako Elkarteak (www.corazonvivo.com) antolatuta, haurrak goizero behar bezala gosaltzeak duen garrantziaren inguruan kontzientziarazteko helburuarekin. Beste urte batez, kanpaina Okinen Euskal Federazioaren, Policlínica Gipuzkoaren, Ausolanen, Eroskiren, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) babes eta lankidetzarekin burutu ahal izango da.

Hamalaugarren edizio hau izango da partaidetza handienekoa, izan ere, momentuz, 144 ikastetxetako 6.348 ikaslek parte hartuko dute ekimenean (Arabako 17 ikastetxetako 625 ikasle; Bizkaiko 74 ikastetxetako 3.267 ikasle; eta Gipuzkoako 53 ikastetxetako 2.456 ikasle).

Azken edizioan 2.128 inkesta baino gehiago burutu ziren Euskal Autonomia Erkidego osoko 53 ikastetxetan. Datu horien azterketatik (EHUko Farmazia Fakultateak egin duena) ondorioztatzen denez, haurren gosaltzeko ohituretan hobekuntzak hautematen dira, “baina hainbat puntutan lanean jarraitu behar dela ikusten da”.

Inkesta horien arabera, inkesta bete duen % 39,2ak gosaltzerakoan behar bezala konbinatzen ditu elikagaiak (esnea+fruitua+zerealak). Gosaltzen ematen duten denborari dagokionez, % 92,5ak 15 minutu baino gehiago hartzen du gosaltzeko.

Bestetik, osoko ogiaren kontsumoa areagotu egin dela nabarmendu behar da. Horrek zuntza hartzearen onura dakar. Gosaria laguntzeko elikagaiei dagokionez, azken urteetan pixkanaka oliba-olio gehiago erabiltzen dela hautematen da.

 

Hiru lurraldetan inkestetako emaitzak antzekoak badira ere, nabarmentzekoa da Araba eta Gipuzkoan ogiari laguntzeko gero eta oliba-olio gehiago erabiltzen dela. Gainera, Bizkaian, 10 haurretik 4k gosari osoa egiten du. Kopuru horrek batez bestekoa gainditzen du.

Bestalde, opilen kontsumoa handi samarra da oraindik, izan ere, ikertutako herritarren % 40k maiztasunez hartzen ditu opilak. Gainera, aurreko kanpainarekin alderatuta portzentaje hori ez da aldatu. Datu horrek 2013/2014 kanpainarako helburu argi bat dakar, hots, “une berezietarako uzteko ahalegina egitea”.

Halaber, inkestan parte hartu duten eskola-umeen % 60k ez du esnekirik hartzen eta garrantzitsua da gosaritarako esne hartzituak, jogurtak eta gazta freskoa hartzeko joera sustatzea. “Elikagai horietako zenbaitek nutrienteek ematen ez dituzten onurak dakartzate, esate baterako, bakteria onuragarriak. Gainera, haur gutxik hartzen du zuntz dietetiko askoko elikagairik eta, horregatik, komenigarria litzateke gosaritan osoko ogiaren kontsumoa areagotzea” adierazi dute bihotz-hodietarako gosari osasungarrien antolatzaileek.

Orobat, nabarmendu dute “gosari osasungarri baten osagai guztiak konbinatzen dituen gosari oso bat egitearen garrantzia azpimarratzen jarraitu behar dela, osasuna zaindu eta etorkizunean bihotz-hodietako arazoak prebenitzeko”.

Errealitate horren aurrean, Bihotz-Bizi elkarteak beste ikasturte batez lanari ekingo dio, eskola-umeak gosari on batek duen garrantziaz ohartzeraino.


Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkarteak Bihotzaren Ekitaldia antolatu zuen

• Bihotzaren Asteari amaiera bikaina eman zion • Ekitaldian, Real Sociedad Fundazioak “Urrezko Bihotza” jaso zuen, kirol-harrobiarekin egin duen lanarengatik. Saria Jokin Aperribayk, Errealeko presidenteak, jaso zuen. Era berean, Gipuzkoako Poliklinikak Bihurriri, Aizkolarien munduko txapeldunari, sari bat eman zion, euskal herri kirolaren alde egindako lana aitortzeko.

Joan den ekainaren 13an, Miramar Jauregian, Bihotz Bizi-Corazón Vivo Elkarteak antolatutako Bihotzaren Ekitaldia egin zen, elkarteak antolatu zuen Bihotzaren Asteari amaiera bikaina emateko. Izan ere, astea, bihotz-hodietako prebentzioa sustatzeko jarduerez beteta egon zen.

Ekitaldia Javier Montes kardiologoaren eta Errealeko Presidentea den Jokin Aperribayren arteko “Bihotzari, kirolari eta nerabetasunean ditugun ohiturei buruzko elkarrizketa batekin” hasi zen. Montes doktoreak nerabetasunean hainbat ohitura txarren prebentzioak, hala nola; drogen, alkoholaren edo edari isotonikoen kontsumoaren prebentzioak, duen garrantzia nabarmendu zuen. Jokin Aperribayk, aldiz, Real Sociedad Fundazioaren ontasun nagusiak; hau da, berezi egiten dutenak, aurkeztu zituen, Fundazioak arreta berezia ematen baitio bere kirolari gazteen harrobiari.

Ondoren, Nora Sagarzazu aurkezleak zuzendutako Ekitaldia hasi zen. Bihotz Bizi Elkartearen Presidenteak, Juan Manuel de Enciok, URREZKO BIHOTZA REAL SOCIEDAD Fundazioari MENA zion. Saria Klubeko Presidenteak jaso zuen.

Gipuzkoako Poliklinikaren izenean, bere Zuzendari Medikoa den Arantza Atienzak Bihurriri, Aizkolarien munduko txapeldunari, aitorpen bat eman zion, euskal herri kirolaren alde egin duen ekarpenagatik.

Halaber, sari-banaketan, Elkartetik antolatzen diren jardueren bideo-laburpen bat jarri zen: asteko paseo kardio-osasungarriak, bihotzeko ebakuntzako izandako gaixoen bilerak edo gosari kario-osasungarriak euskal ikasleentzat. Bideo emanaldian, jarduera horietara maiz joaten diren eta laguntza- eta lagun-talde bat aurkitzen duten pertsonen testigantzak entzuteko aukera egon zen.  

Aitorpenak eman ondoren, Bihurri aizkolariak erakustaldia egin zuen, bere lagun Josetxu Urrutia harrijazotzailearekin batera. Horretan, ekitaldiko gonbidatu batzuei parte hartzeko eskatu zieten. Hori guztia, koktel bat dastatzen zuten bitartean.