“Perimenopausia funtsezko etapa bat da, oraindik ere oso ezezaguna, eta gure herrialdean 10 milioi emakume baino gehiagori eragiten ditu”
Perimenopausiak hainbat urte iraun dezake, emakumeen bizi-kalitatean eragina du eta sintoma hauekin ager daiteke: beroaldiak, gaueko izerdiak, loaren nahasmenduak, baginako lehortasuna, nekea… Hala ere, emakume gutxik jotzen dute kontsultara laguntza eske.
“Perimenopausia emakumeen osasunean etapa ezezagunenetako eta, aldi berean, erabakigarrienetako bat bihurtu da”, azaldu du Policlínica Gipuzkoako ginekologoak, Blanca Fernándezek. “Menopausiaren aurreko trantsizio-aldia da —adierazi du—; garai horretan, organismoa hilekoa amaitzera bideratutako lehen aldaketa hormonalak agertzen hasten da. Menopausia, berriz, emakumeak hamabi hilabete jarraian hilerikorik izan gabe igarotzen direnean definitzen da, eta Espainian batez beste 51 urte inguruan gertatzen da, 2025ko Menopausiaren Barometroaren arabera, Menopausiaren Azterketarako Espainiako Elkarteak (AEEM) egina”.
“Trantsizio-aldi honek —gehitu du Blanca Fernándezek— hainbat urte iraun dezake, eta sarritan honako sintoma hauekin agertzen da: beroaldiak, gaueko izerdiak, loaren nahasmenduak, hilekoaren aldaketak, baginako lehortasuna, sexu-desioaren jaitsiera, suminkortasuna, nekea edo kontzentrazio-zailtasunak. Deigarria da —dio Fernándezek— emakume gehienek egoera hori guztia laguntza bilatu gabe bizitzea. Bere eragina handia izan arren, perimenopausiak oraindik ere gizarte-aitorpen txikia du, eta askotan ez zaio behar bezalako arreta ematen osasun-sisteman”.
Menopausiaren Barometroak baieztatzen du perimenopausian dauden emakumeek batez beste zortzi eta bederatzi sintoma artean izaten dituztela aldi berean; horrek erakusten du etapa honek bizi-kalitatean izan dezakeen eraginaren neurria eta intentsitatea.
Espainian, gaur egun hamar milioi emakumetik gora daude menopausiaren etapan, eta berrogei urtetik gorako hamar emakumetik zortzik aitortzen dute bizi-aldi honi lotutako sintomek kezkatzen dituztela. Hala ere, %57k bakarrik kontsultatu du osasun-profesional batekin; horrek agerian uzten du sintomen esperientziaren eta laguntza klinikoa bilatzearen artean dagoen arrakala handia.
Euskadin ere nabarmena da kezka: emakumeen %67 eta %71 artean urduri edo kezkatuta agertzen dira trantsizio honen aurrean, barometro beraren autonomia-erkidegoen araberako datuen arabera.
“Kontsultatik —azaldu du Policlínica Gipuzkoako ginekologoak— etapa hau bizitzen ari diren emakumeei laguntzen saiatzen gara, informazio argia, eskuragarria eta ebidentzia zientifikoan oinarritua eskainiz, bizi dituzten aldaketak identifikatzen laguntzeko eta kudeatzeko aukera ugari daudela ulertarazteko”.
“Zoru pelbikoaren papera —adierazi du Blanca Fernándezek— bereziki garrantzitsua da urte hauetan. Pelbiseko organoei eusteko egitura muskularra denez, ahultzeak gernu-ihesak eragin ditzake ahalegina egitean edo baginan bulto-sentsazioa ager daiteke, prolapsu posible batekin lotuta. Kasu horietan, osasun-profesionalek muskuluak indartzeko ariketak gomendatzen dituzte, hala nola Kegel ariketak; baita fisioterapia espezializatua, erradiofrekuentzia, talk-uhinak edo estrogeno lokalekin egindako tratamendu topikoak ere. Zenbait egoeratan, baginako laserra edo ebakuntza kirurgikoak ere erabil daitezke”, ondorioztatu du Blanca Fernándezek.
“Ordezko tratamendu hormonalak —azaldu du Policlínica Gipuzkoako ginekologoak— urte askotan eztabaida handia sortu bazuen ere, gaur egun frogatuta dago segurua dela behar bezala preskribatzen denean. Bereziki eraginkorra da beroaldi handiak, insomnioa, nekea edo sexu-desioaren jaitsiera arintzeko. Badira, halaber, hormona gabeko alternatibak: isoflabonen fitoterapia, hidratatzaileak edo estrogeno lokalak, besteak beste. Horri bizimodu-aldaketak gehitzen zaizkio; askotan bigarren mailan uzten badira ere, alde handia eragin dezakete. Horien artean daude tabakoa uztea, alkohol-kontsumoa murriztea, ultraprozesatutako elikagaiak mugatzea, ariketa fisikoa erregularki egitea —bereziki indar-ariketak muskulu-masa mantentzeko—, proteina eta kaltzioan aberatsa den dieta orekatua eta loaren higienea zein estresaren kudeaketa hobetzea”.
Blanca Fernándezen hitzetan, “klimaterioa prozesu fisiologiko naturala da, eta emakumeei lagundu diezaiekegu etapa hau identifikatzen, haren arrazoiak ulertzen eta osasun fisikoa zein emozionala zaintzen. Emakume batek ere ez luke etapa hauek sufrimenduarekin edo etsipenarekin bizi behar. Laguntzeko tresna ugari daude, oinarrizkoenetatik hasi eta aukera mediko aurreratuenetaraino, sintomak arindu eta ongizatea hobetzeko. Emakume bakoitzak modu desberdinean bizi dezake perimenopausia eta menopausia, baina guztiek merezi dute zer gertatzen zaien ulertzea, informazio fidagarria izatea eta bizi-zikloaren parte naturala den prozesu honetan lagunduta sentitzea”.
