“Konplikazioen tasa murriztea eta diabetesa duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzea lortzen ari gara”
“Pisua gutxitzea, dieta orekatua mantentzea eta aldizka ariketa egitea lagungarria izan daiteke genetika bidez joera duten pertsonetan diabetesa agertzea saihesteko”
Diabetesa mundu osoan milioika pertsonari eragiten dien gaixotasun kronikoa da. Espainian, 20 eta 79 urte bitarteko 5,12 milioi helduk dute diabetesa, eta horien %38a inguru oraindik diagnostikatu gabe daude. Euskadin, gutxi gorabehera 172.000 pertsonek (%7,5) dute diabetesa, eta ohikoena 2 motakoa da; gainera, urtero 9.000 kasu berri diagnostikatzen dira. Datu hauek prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta gaixotasunaren jarraipen egokiaren garrantzia azpimarratzen dute.
Policlínica Gipuzkoako endokrinologian aditua den Alfredo Yoldik azaldu duenez, “1 motako diabetesa, jatorri autoimmunekoa, oso arraroa da; 2 motakoa, berriz, obesitatearekin eta bizi-ohiturekin lotuta dagoena, da osasun-ikuspegitik larriena”. Sintoma ohikoenen artean daude egarri handia, maiz pisa egitea, pisua galtzea, nekea eta infekzio errepikakorrak; diagnostikoa, berriz, odol-analisi bidez egiten da, glukosa eta hemoglobina glikosilatuaren mailak neurtuz.
2 motako diabetesaren prebentzioa eta kontrola ohitura osasungarrien bidez egiten dira. “Pisua gutxitzea, dieta orekatua izatea eta aldizka ariketa fisikoa egitea funtsezkoak dira genetika bidez arriskua duten pertsonetan diabetesa agertzea saihesteko”, dio Yoldik. Era berean, diagnostikoa egin ondoren, gaixotasunak jarraipen mediko etengabea eta glukosa, tentsio arteriala, kolesterola eta gorputz-pisua kontrolatzea eskatzen du, epe luzeko konplikazioak —erretinako, giltzurrunetako, arterietako eta nerbioetako kalteak— prebenitzeko.
Aurrerapen mediko eta teknologikoek ere nabarmen hobetu dute pazienteen arreta. Horien artean daude glukosa hobeto kontrolatzeko eta pisua galtzen laguntzeko botika berriak, baita glukosa monitorizatzeko sistemak eta intsulina bonbak ere, bereziki erabilgarriak 1 motako diabetesa duten gazteentzat.
“Diabetesaren arloan ia 30 urte daramatzagu lanean, eta nire esperientziatik esan dezaket konplikazioen tasa murrizten eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen ari garela”, ondorioztatu du Alfredo Yoldik, Policlínica Gipuzkoako endokrinologoak. Halaber, gogorarazi du heziketa diabetologikoa, prebentzioa eta jarraipen medikoa direla gaixotasunarekin bizitzeko eta bizi osasuntsu eta aktiboa izateko oinarriak.
