“Ez da derrigorrezkoa egunean bost otordu egitea” 

Eider Sánchez, Policlínica Gipuzkoako nutrizionistak, koipeei, ogiari eta eguneroko otordu kopuruari buruz gehien zabalduta dauden sinesmenetako batzuk argitzen ditu.

Nutrizioa osasunaren arloetako bat da, non mito gehien dauden. “Koipea jatea txarra dela”, “ogiak gizentzen duela” edo “egunean bost otordu egin behar direla” bezalako usteak oso errotuta daude gizartean, nahiz eta ez datozen beti bat errealitatearekin. Eider Sánchez, Policlínica Gipuzkoako nutrizionistak, ideia horietako batzuk gezurtatu eta ebidentzia zientifikoak benetan zer dioen azaltzen du.

Txarra al da koipea jatea?

Zabalduen dagoen mitoetako bat da koipea dietatik kendu behar dela. Hala ere, nutrizionistak argitzen du koipe guztiak ez direla berdinak. “Koipeaz hitz egiten dugunean, funtsezkoa da kontsumitzen dugun koipe mota bereiztea”, azaldu du. Koipe osasungarriak, gantz asegabeetan aberatsak direnak —hala nola oliba-olioa, fruitu lehorrak, haziak edo arraina—, “beharrezkoak eta gomendagarriak dira osasun orokorrerako eta, bereziki, osasun kardiobaskularrerako”.

Aldiz, koipe saturatuak eta trans koipeak neurriz kontsumitu behar dira. “Batez ere animalia-jatorriko elikagaien koipe ikusgarrian aurkitzen ditugu, ahal den neurrian kentzea komeni dena, baita opilgintzan, galletetan eta produktu ultraprozesatu askotan ere”, adierazi du Sánchezek. Hala ere, azpimarratu du “koipea, berez, mantenugai osasungarria dela, ondo aukeratzen denean”.

Ogiak gizentzen al du?

Nutrizioaren beste klasiko handietako bat ogia da. “Ogiak ez du gizentzen; pertsonok gara gizentzen edo argaltzen garenak, dugun gehiegizko kaloria-kontsumoaren arabera”, adierazi du adituak.

Hori bai, kalitatezko ogia aukeratzea gomendatzen du, ahal bada integrala eta hartzidura motelekoa. Gainera, gogorarazi du karbohidratoak erraz digeritzen direla eta ez dutela epe luzerako asetasun handirik sortzen. “Horregatik, interesgarria da ogia proteinetan edo koipe osasungarrietan aberatsak diren elikagaiekin laguntzea, asetasun-sentsazioa denbora gehiagoz iraun dezan”, gaineratu du.

Derrigorrezkoa al da egunean bost otordu egitea?

Egunean bost aldiz jan behar dela dioen ideia ere ez da arau unibertsala. “Ez da derrigorrezkoa”, argitu du Eider Sánchezek. “Garrantzitsuena da elikadura pertsona bakoitzaren bizimodura, gustuetara eta ordutegietara egokitzea”.

Zenbait kasutan, eguneroko elikadura otordu gehiagotan banatzea lagungarria izan daiteke. “Badira pertsona batzuk hamaiketakoa edo askaria egiteak bazkalordura edo afalordura gose gutxiagorekin iristen laguntzen dienak”, azaldu du. Hala ere, azpimarratu du “ez dela betebeharra, ezta guztiontzako balio duen araua ere”.

Elikadura pertsonalizatua eta mitorik gabe

Policlínica Gipuzkoatik, nutrizionistak azpimarratu du mezu sinplistak eta orokorrak saihestu eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako eta pertsona bakoitzari egokitutako elikaduraren alde egin behar dela. “Mitoetatik harago, elikadura ona denboran zehar mantendu dezakeguna da, gure bizitzara egokitzen dena eta gure osasuna zaintzen duena”, ondorioztatu du.