“Endometriosiak bizi-kalitatea okertzen du, diagnostikatzen zaila da eta emakume askok ezkutatu egiten dute, bai lotsagatik, bai normala dela uste dutelako”
Endometrosiak hamarretik emakume bati eragiten dio eta zortzi urte inguru behar izaten dira hura diagnostikatzeko. Min kronikoa, antzutasun-arriskua eta eragin emozional handia ekartzen ditu.
Hileko min handiak emakume askoren ohiko errealitate izaten jarraitzen du, baina, ezgaitasuna eragiten badu, analgesikoekin arintzen ez bada edo sintoma digestiboak, edo gernu-edo sexu-sintomak eragiten baditu, endometrosiaren seinale izan daiteke. Gaixotasun honek hamar emakumetatik bati eragiten dio eta zortzi urte inguru behar izaten dira hura diagnostikatzeko.
Juan Céspedesek, Policlínica Gipuzkoako Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuaren buruak, endometriosia zertan datzan azaldu du; hain zuzen, uterotik kanpo endometrioaren antzeko ehuna edukitzea. Ehun horrek ehun uterinoak bezala erantzuten die hormonei eta odola jariatzea eta inflamazio kronikoa eragiten ditu. “Min hau ez da hileko min arrunta: biziagoa da, analgesikoekiko erresistentea, eta larriki eragin diezaioke eguneroko bizitzari”, adierazi du.
Zergatik eragiten du hainbeste min?
Azalpen onartuenak hainbat faktore barne hartzen ditu: inflamazio kronikoa, neuroangiogenesia (lesioetan nerbio berriak haztea) eta min neuropatikoa, zeinak nerbio-sistema hipersentikor bihurtzen baituen. Gainera, organoen arteko atxikidurak koadroa okertzen dute.
Historikoki hileko mina normalizatu denez eta lehen mailako arretari lotutako formakuntza falta dagoenez, emakume askok ez dute urte luzez diagnostikorik jasotzen. “Prezioa altua da: lesio gehiago, antzua izateko arrisku handiagoa eta tratatzen zaila den min kronikoa”, ohartarazi du Céspedesek. Alde emozionalari dagokionez, pazienteak frustrazioa sentitzen du, baita inork ez sinestearen pisua ere.
Gaixotasuna detektatzeko teknika berriak
Gaur egun, laparoskopia da oraindik ere metodorik egokiena, baina odoleko, listuko edo hilekoko biomarkatzaileak, 3D ekografia transbaginala, elastografia, mikrobiomaren analisia, adimen artifizialeko tresna aplikatuak eta diagnosi-irudiak ikertzen ari dira. Helburua: diagnostiko azkarragoak eta ez horren inbaditzaileak egitea.
Marra gorria argia da: “Minak desgaitu egiten badu edo analgesikoekin hobera egiten ez badu, ez da normala”, dio espezialistak. Gauza bera mina hilekoa jaitsi aurretik hasten bada eta hilekoaren ondoren jarraitzen badu, sexu-harremanak edukitzerakoan, edo kaka edo pixa egitean min ematen badu edo zorabioak, goragale handia edo sabeleko inflamazio larria eragiten baditu.
Eragina eta tratamendu integrala
Pazienteen % 50 bitartek jasan dezake antzutasuna. Horregatik, obuluak izoztearen eta kirurgia arretaz egitearen bidez antzutasuna mantentzea lehenesten da. Gainera, gaixotasuna diziplina anitzen bidez (zoru pelbikorako fisioterapia, elikadura antiinflamatorioa, laguntza psikologikoa eta jarduera egokitua) lantzeak nabarmenki hobetzen du bizi-kalitatea.
Céspedesen ustez, “eskoletan gaiaren inguruko heziketa eskaintzea eta osasunaren arloko profesionalak endometrosiaren inguruko nahitaezko formakuntza egitera behartzea” irtenbidearen parte dira. Hala, sufrimendu handiko urteak eta saihestu daitezken ondorioak murriztu genitzake. Sintomak erregistratzea, adituak diren unitateetara jotzea eta “normala da” erantzun gisa ez onartzea. Desgaitzen duen hileko mina ez baita normala.
