“Aurreko lotailu gurutzatuaren haustura gehienak lotutako lesioekin batera datoz” 

Aurreko lotailu gurutzatua (ALG) funtsezkoa da belaunaren egonkortasunerako, korrika, salto edo bira egiteko. Haustura, kirol-eremuan maiz gertatzen dena, ez da bakarrik agertzen, eta, askotan, lotutako lesioak izaten dira.


Aurreko lotailu gurutzatuaren haustura lesio beldurgarrienetako bat da, batez ere kirolaren munduan, baina eremu profesionaletik kanpoko pertsona aktiboei ere eragin diezaieke. Belaunaren egonkortasuna larriki arriskuan jartzeaz gain, tratamendua eta errekuperazio-denbora baldintzatu dezaketen beste lesio batzuekin batera etorri ohi da.

“Aurreko lotailu gurutzatua funtsezkoa da belaunari egonkortasuna emateko, ez bakarrik flexio eta hedadura mugimenduetan, baita biraketa eta ekintza konplexuagoetan ere, hala nola korrika edo dantza egitean”, azaltzen du Asier Cuéllarrek, Policlínica Gipuzkoako traumatologoak. “Lotailu hori gabe belaunak egonkortasun osoa galtzen du”, azpimarratzen du. 

Lotutako lesioak: meniskoak, kartilagoa eta hezurrak

Policlínica Gipuzkoako traumatologoaren arabera, “ALGaren haustura gehienekin batera lotutako lesioak datoz”. “Beste lesio batzuk ere izaten dira, hala nola meniskoaren hausturak, hezurretako traumatismoak, edemak eta baita kartilagoko edo beste lotailu batzuetako lesioak ere. Horren ondorioz, tratamendua eta errekuperazioa oso desberdinak dira kasu batetik bestera”. 

Cuéllarrek dioenez, diagnostikoa nabarmen hobetu da erresonantzia magnetikoari esker, “belauneko egitura guztien egoera zehaztasunez ebaluatzeko funtsezko tresna baita”.

Kirurgia ortopedikoaren egungo lehentasunetako bat da ahal den guztietan meniskoa kontserbatzea. “Gero eta gehiago saiatzen gara meniskoa zaintzen, hautsita dagoenean ere. Haustura guztiak ez dira berdinak, eta tratamendua hainbat faktoreen mende dago: lesio mota, pazientearen adina edo jarduera fisikoa. Batzuetan bideragarria ez izan arren, erauzi aurretik aukera bat ematea bilatzen dugu”, adierazi du espezialistak.

Kartilagoko lesioek ez dute beti tratamendurik behar, baina kasu batzuetan esku hartu behar da epe ertain eta luzera arazoak saihesteko. Era berean, beste lotailu batzuetan kalterik izanez gero, hala nola barneko albokoan edo kanpoko albokoan, kirurgia berean edo fase desberdinetan tratatzen diren baloratuko da. “Egitura batzuk bakarrik sendatzen dira, baina beste batzuk ez, eta interbentzio kirurgikoa beharrezkoa da”, zehazten du traumatologoak.

Noiz egin daiteke kirola berriro?

Kirurgia egin eta aste gutxira hasten da errehabilitazioa, baina kirolera itzultzea ez da berehalakoa. “Hiruzpalau astera jarduera fisiko egokitua hasten den arren, aurreko kirol-mailara itzultzeko 8-12 hilabete behar izaten dira, eta gaur egun kirol-itzulera hori atzeratzen saiatzen ari gara, lesio berriak prebenitzeko”, nabarmentzen du Cuéllarrek. 

Aurrerapen teknologikoei dagokienez, traumatologoak azpimarratzen du helburua kaltetutakoa berreraikitzea dela, jatorrizko anatomia ahalik eta gehien errespetatuz. “Lehen meniskoa erauzten zen edo gurutzatua hautsita uzten zen. Orain badakigu ahal den guztietan berreraikitzea dela onena. Aurrerapenak daude erabiltzen ditugun teknika kirurgikoetan eta materialetan, baina oraindik ez dago benetako alternatibarik ALGaren lesio osoetan berreraikitzeko”.