“Antikoagulazio egokiak nabarmen murrizten ditu konplikazio kardiobaskularrak”

“Antikoagulatzaile berriak fidagarriagoak dira, odoljario larriak izateko arrisku txikiagoarekin eta hartzeko askoz errazagoak”.

Espainian, gaixotasun kardiobaskularrak heriotza-kausa nagusietako bat izaten jarraitzen dute. Hori dela eta, antikoagulazioa ezinbesteko tresna bihurtu da iktusak, birika-enboliak edo hankako tronbosia bezalako konplikazio larriak prebenitzeko. Informazio-saio batean, Lucía Pañeda, Policlínica Gipuzkoako kardiologoak, adierazi du “antikoagulazio-tratamendua funtsezkoa dela, zirkulazio-sisteman koaguluak sortzea eragozten duelako; bereziki garrantzitsua, arrisku trombotiko larria duten pazienteetan”.

Espezialistak azaldu du tratamendu hau maiz behar duten pazienteen artean daudela fibrilazio aurikularra dutenak, bihotzeko balbula mekanikoak dituztenak, hanketako tronbosi benoso sakona edo birika-enbolia izan dutenak, baita bihotz-gaixotasun kongenitoak dituzten pertsonak ere. Halaber, arrisku handiko ortopedia-kirurgietan ebakuntza jasotzen duten pertsonei ere eman ohi zaie. Zehaztu duenez, “sendagai hauek odola arinago bihurtzen dute eta horrela saihestu egiten dira heriotza-arriskua ekar dezaketen konplikazioak; bihotzeko patologia askoren tratamenduaren oinarrizko parte dira”. 

Monitorizazioari dagokionez, Pañedak azaldu du jarraipena antikoagulazio motaren araberakoa dela. K bitaminaren aurkakoek INR kontrol periodikoak behar dituzte osasun-zentroetan; aldiz, antikoagulatzaile oral berriek ez dute koagulazio-kontrol erregularrik eskatzen, giltzurrun eta gibel funtzioa ebaluatzeko noizbehinkako analisiak salbu”. 

Kardiologoak azken urteetako aurrerapenak azpimarratu ditu, bereziki antikoagulatzaile oral berrien erabilera. “Sendagai hauek fidagarriagoak dira, odoljario larriak izateko arrisku txikiagoarekin, eta hartzeko askoz ere errazagoak”, azaldu du. Gehitu du dagoeneko badaudela euren efektua premiazko egoeretan berehala deuseztatzeko antidoto espezifikoak, eta teknologia eraldaketa handia ekartzen ari dela: “mugikorreko aplikazioak, telemedikuntza eta alerta-sistemek laguntzen dute pazienteak tratamendua ondo jarrai dezan eta zalantzak argitu ditzan osasun-zentrotik pasa gabe”. Era berean, nabarmendu du Euskadiko Antikoagulatuen Elkarteak egiten duen lana INR-aren neurketa kapilarreko gailuen erabileran prestakuntza eta laguntza emanez.

Gomendio praktikoen atalean, Pañedak azpimarratu du ez dela automedikatu behar. Gogorarazi du alerta-seinaleak ezagutu behar direla —zorabioak, arnasa hartzeko zailtasuna edo bularreko mina— eta saihestu behar direla inpaktu handiko kirolak odoljario arrisku handiagoagatik. “Gakoa da jarraibide medikoa zorrotz betetzea, arriskuak ezagutzea eta berehala arreta behar duten sintomak noiz agertzen diren identifikatzea”, nabarmendu du.

Amaitzeko, Pañedak ondorioztatu du “gaur egun tratamendu seguruagoak ditugula, tresna eskuragarriagoak eta osasun-heziketa hobea; horri esker bihotza hobeto zaindu dezakegu eta antikoagulazioarekin lotutako konplikazioak nabarmen murriztu”.