“Plangintza da bizkarrezurreko kirurgiaren prozesurik garrantzitsuena”

Nicolás Samprón doktoreak, Policlínica Gipuzkoako Neurokirurgia Zerbitzuko buruak, Neuroraquisen 25. Kongresu Nazionalean parte hartuko du, segurtasuna eta emaitza klinikoak hobetzeko software kirurgikoak, robotikak eta adimen artifizialak duten paperari buruzko hitzaldiarekin.

“Plangintza da kirurgiaren prozesurik garrantzitsuena, batez ere bizkarrezurra bezain egitura konplexu batean”. Ideia horrekin laburbiltzen du Nicolás Samprón doktoreak, Policlínica Gipuzkoako Neurokirurgia Zerbitzuko buruak, espezialitateak azken urteotan bizi duen paradigma-aldaketa.

Bizkarrezurrak nerbio-sistemaren funtsezko zati bat hartzen du, eta ezinbesteko egiturez inguratuta dago; horregatik, edozein esku-hartzek zehaztasun milimetrikoa eskatzen du. Espezialistak azaldu duenez, gaur egun software aurreratuek aukera ematen dute kirurgia ebakuntza-gelan sartu aurretik simulatzeko, arriskuak aurreikusteko eta erabaki tekniko bakoitza optimizatzeko. “Kirurgia ordenagailuan hasten denean, segurtasuna handitu eta emaitzen aldakortasuna murrizten dugu”, adierazi du Samprón doktoreak.

Eraldaketa teknologikoaren testuinguru honetan, Nicolás Samprónek hizlari gisa parte hartuko du Neuroraquisen 25. Kongresu Nazionalean, martxoaren 4tik 6ra Gironan ospatuko dena.

Topaketa zientifiko hau, Espainian bizkarrezurreko kirurgiaren arloan erreferentziazko hitzorduetako bat dena, estatu mailako eta nazioarteko adituak bilduko ditu tekniken aurrerapen esanguratsuenak, plangintza kirurgikoa eta bizkarrezurreko patologien tratamendua aztertzeko.

Policlínica Gipuzkoako Neurokirurgia Zerbitzuko buruak “Plangintza kirurgikoko softwarea: kirurgia ordenagailuan hasten denean” hitzaldia aurkeztuko du. Bertan, teknologia berriek zirujauaren aliatu gisa duten papera jorratuko du. Mehatxu izan beharrean, haren ustez, zehaztasuna hobetzeko, segurtasuna indartzeko eta pazienteei emaitza hobeak eskaintzeko aukera dira.