“Neguko lesiorik ohikoenak izotzaren ondoriozko erorketek eragindako lesio traumatikoak dira”

Hotzak, jarduera fisikoaren murrizketak eta neguko kirolen praktikak hausturen, tendinitisen eta lotailu-lesioen arriskua handitzen dute neguko hilabeteetan.

Negua iristearekin batera, lesio traumatologikoak nabarmen areagotzen dira, bereziki izotzean izandako erorketen ondorioz eta hotzak muskuluetan eta artikulazioetan duen eraginagatik sortutakoak. Hala adierazi du Samuel Pajares doktoreak, Policlínica Gipuzkoako traumatologoak, eta azpimarratu du lesio mota horiek bereziki ohikoak direla adineko pertsonengan.

“Izotzaren ondoriozko erorketak, leku labainkorretan gertatzen direnak, nahiko ohikoak dira, eta kontu handiz ibili behar da, batez ere adinekoen kasuan”, azaldu du espezialistak. Istripu mota horiek eskumuturreko hausturak eragin ohi ditu, bereziki erradioarenak, eta kasu askotan desplazatu egiten dira, esku-hartze kirurgikoa beharrezkoa izanik.

Pajaresek gaineratu du neguko hilabeteetan pertsona askok jarduera fisikoa murrizten dutela, eta horrek ondorioak izan ditzakeela: “Neguan jarduera fisikoa gutxitzean, besoetako muskuluetan nolabaiteko atrofia eta ahultasuna sor daiteke, eta ondoren ahalegin puntual bat edo jarduera errepikakorra egitean, erraz agertzen dira eskumuturreko edo ukondoko tendinitisak”.

Neguko kirolei dagokienez, lesiorik ohikoenak lotailu-lesioak dira. “Gazteak izan ohi dira, hezur sendoagoa dutelako, eta lotailuak dira gehien kaltetzen direnak”, azaldu du Policlínica Gipuzkoako traumatologoak, diagnostiko egokiaren garrantzia azpimarratuz, tratamendu zuzena aplikatzeko eta ondorioak saihesteko. 

Prebentzioa eta alerta-seinaleak

Urteko garai honetan lesioak saihesteko, Samuel Pajaresek eskuak ondo babestea, hotza saihestea eta jarduera fisikoa egin aurretik eskumuturrak indartzea gomendatzen du, bereziki neguko kiroletan. Halaber, jarduera fisikoa egin aurretik eta ondoren luzaketak egitea eta artikulazioak egonkortzeko euskarri espezifikoak erabiltzea aholkatzen du, hala nola bendajeak edo esparatrapoak.

“Istripua gertatzen den unean mina eta hantura daudenean, edo pixkanaka agertzen den eta hobetzen ez den hantura bat dagoenean, traumatologoarengana jotzea oso garrantzitsua da”, azpimarratu du Policlínica Gipuzkoako traumatologoak, Samuel Pajares doktoreak. Alerta-seinaleen artean, hantura akutua, mina handia eta ezegonkortasunaren sentsazioa nabarmendu ditu. Gainera, gogorarazi du prebentzioa eta arreta goiztiarra funtsezkoak direla konplikazioak saihesteko eta neguko hilabeteetan susperraldi egokia bermatzeko.