Juan Arenas, Policlínica Gipuzkoako Digestio-aparatuan espezialista: “Pisua galtzea funtsezkoa da gibel koipetsua eta sindrome metabolikoa hobetzeko”

Garaiz detektatzen ez bada, gibel koipetsua eta arazo kardiobaskularrak eragin ditzake sindrome metabolikoak. Juan Arenas medikuak, Policlínica Gipuzkoako Digestio-aparatu Zerbitzuaren buruak, halako gaixotasunak saihesteko bizi-ohitura osasuntsuak hartzearen garrantzia nabarmendu du.

Juan Arenas medikuak, Policlínica Gipuzkoako Digestio-aparatu Zerbitzuaren buruak, sindrome metabolikoko kasuen gorakadari eta gibel koipetsuarekiko loturari buruz ohartarazi du. Dio gaixoak ez direla arazoaz ohartu ohi hasierako faseetan.

Arenas medikuaren arabera, sindrome metabolikoa alterazio multzo bat da eta obesitatea, hipertentsioa, dislipemiak eta intsulinarekiko erresistentzia barne hartzen ditu. Horiek guztiek areagotu egiten dute diabetesa eta arazo kardiobaskularrak jasateko arriskua. Azken hamarkadetan geroz eta kasu gehiago daude eta, hori dela eta, osasun publikoko arazo nabarmen bihurtu da; bereziki, gibel koipetsuaren agerpenarekin edo sindrome metabolikoari lotutako gaixotasun hepatiko koipetsuarekin daukan lotura dela eta.

Gibel koipetsua gibelean koipea metatzean datza. Horrek inflamazioa eragiten du eta, denborarekin, fibrosia edo zirrosia eragin dezake. “Orokorrean, gaixotasun isila da”, azaldu du Arenasek. “Analisi kliniko bidez detekta daiteke, entzima hepatikoen gorakada eragiten baitu, eta ekografiak edo elastografia-teknikak (adibidez, FibroScan) erabiliz baieztatzen da. Halako teknikei esker, biopsia inbasiborik gabe ebalua daiteke fibrosia”.

Arrisku-faktore garrantzitsuenak obesitatea, sedentarismoa eta, neurri txikiagoan, genetika dira, besteak beste. Sindrome metabolikoa eta gibel koipetsua saihesteko edo lehengoratzeko, bizi-ohitura osasuntsuak hartzea gomendatzen du espezialistak: elikadura orekatua, jarduera fisiko erregularra eta, batez ere, pisua galtzea, funtsezkoa baita osasun hepatikoa zein kardiobaskularra hobetzeko.

Halaber, Arenas medikuak tratamendu farmakologiko berrien (hala nola, GLP-1 agonistak) potentziala azpimarratu du, pisua galtzen laguntzen baitute, baita fibrosi hepatikoa murrizteko helburua duten eta ikerketa-fasean dauden beste farmako batzuk ere. Hala, egoera itxaropentsua eskaintzen die sindrome metabolikoa eta gaixotasun hepatiko koipetsua duten pertsonei.

Policlínica Gipuzkoak sindrome metabolikoari lotutako gaixotasunen prebentzio eta tratamendurako konpromisoari eusten dio diagnostiko goiztiarraren, jarraipen espezializatuaren eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatzearen bidez.