
Gurutz Linazasoro, Policlínica Gipuzkoako neurologoa: “Alzheimerrarentzako sendagai berriek gaixotasuna moteltzea eta itxaropenari ate bat irekitzea ahalbidetzen dute”
Gurutz Linazasoro Policlínica Gipuzkoako neurologoak dioenez, “laster iritsiko dira Espainiara gaixotasunaren jatorrian, amiloide proteinaren biltegietan, zuzenean eragiten duten botikak”.
Igande honetan, irailaren 21an, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta, Policlínica Gipuzkoako neurologo Gurutz Linazasorok itxaropen-mezua helarazi die paziente eta familiei, gaixotasun horren diagnostikoan eta tratamenduan egiten ari diren aurrerapenei esker.
“Duela 40 urte, neurologian hasi nintzenean, ez genuen ia ezer eskaintzeko Alzheimerra zuten pertsonei. Orain, sintomak hobetzen dituzten sendagaiak ditugu, eta, laster, gaixotasunaren jatorrian, amiloide izeneko proteina baten biltegietan, zuzenean eragiten duten botikak iritsiko dira Espainiara”, azaldu du espezialistak.
Antigorputz monoklonal gisa ezagutzen diren sendagai berri horiek Estatu Batuetan eta Ingalaterran merkaturatzen dira jada, eta frogatu dute gai direla amiloide-biltegiak garunean garbitzeko, gaixotasunaren bilakaera motelagoa eta onberagoa izan dadin. “Alzheimerraren tratamenduan mugarri batez ari gara, helburu nagusia beti izan baita gaixotasunaren bilakaera aldatzea eta denbora irabaztea neurodegenerazioaren aurrean”, gaineratu du Linazasorok.
Aurrerapen terapeutikoez gain, diagnostikoaren berrikuntza ere nabarmendu du espezialistak: “Gaur egun jada posible da odol analisi soil baten bidez garun barneko metaketa horiek detektatzea, eta horrek atea irekitzen die esku hartzeko estrategia goiztiar eta eraginkorragoei”.
Testuinguru horren aurrean, Gurutz Linazasorok baikortasun-mezu bat bidali du: “Alzheimerraren gaixotasuna prebenitzera eramango gaituen bide luzearen lehen geltokian gaude. Oinarri zientifikoak oso sendoak dira eta etortzeko dagoenarekin ilusionatuta gaude. Ordura arte, animo eta itxaropen handia gaixotasun hori duten familientzat eta pertsonentzat”.
Alzheimerren erreferentzia-zentroa
Policlínica Gipuzkoa erreferentziazko zentro gisa finkatu da Alzheimerraren ikerketan, eta aitzindari izan da gaixotasunaren bilakaera geldiarazteko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko saiakuntza klinikoen garapenean. Gurutz Linazasorok Policlínica Gipuzkoan zuzentzen duen Parkinson eta Alzheimerreko Terapia Aurreratuen Unitateak hiru hamarkadatik gorako esperientzia du, eta mila pertsona baino gehiagok parte hartu du bere nazioarteko saiakuntza kliniko batzuetan.
Ospitale gipuzkoarra Quirónsalud Taldearen barnean dago, eta azpiegitura, baliabideak eta espezializazio handiko taldeak ditu, saiakuntza klinikoak zorroztasun zientifiko handienarekin egin ahal izateko. Konpromiso horri esker, Policlínica Gipuzkoa nazioarteko ikerketa-sustatzaileek onartutako zentroen sareko kide da, eta modu aktiboan laguntzen die Alzheimerraren tratamenduaren etorkizuna markatuko duten aurrerapenei.