
“Bainujantzi bustiak erabiltzeak eta deshidratazioak zistitisa areagotzen dute udan”
Pablo Melendo, Policlínica Gipuzkoako urologoak gogorarazi du hidratazioa, higienea eta bainujantzi bustiak luzaroan ez erabiltzea funtsezkoa dela gernu-infekzioak prebenitzeko.
Udan zehar, beroak, hezetasunak eta urtaroko ohitura jakin batzuek gernu-infekzioak izateko arriskua nabarmen areagotzen dute, zistitisa bereziki. Pablo Melendo, Policlínica Gipuzkoako urologoaren arabera, “bainujantzi bustiak luzaroan erabiltzearen eta deshidratazioaren ondorioz, gernua kontzentratu egiten da eta bakterioek ugaltzeko erraztasun handiagoa dute, eta horrek infekzioak agertzea errazten du”.
Zistitisa maskuriaren hantura da, normalean bakterio-infekzio batek eragiten duena. Askoz ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, anatomia dela eta: “Emakumezkoen uretra laburragoa da eta uzkitik gertuago dago, horrek digestio-traktuan dauden bakterioak maskurira iristea eta infekzioa eragitea errazten du”, azaldu du Policlínica Gipuzkoako urologoak.
Espainian, zistitisa emakumeetan gehien gertatzen den infekzioetako bat da, izan ere, gernu-traktuko infekzioak dira kontsulta medikoen bigarren arrazoi ohikoena, arnas infekzioen ondoren; emakumeen %40tik %60ra bitarte, bizitzan zehar gutxienez zistitis bat izango duela kalkulatzen da, 18 eta 39 urte bitartean bereziki.
Melendok adierazten duenez, hauek dira zistitisaren sintoma nagusiak: pixa kantitate txikitan egiteko premia larria eta ohikoa izatea, pixa egitean beroa edo mina izatea, presioa edo mina abdomenaren beheko aldean, eta, batzuetan, gernu uherra, usain txarra edo odola.
Nola prebenitu zistitisa udan
Policlínica Gipuzkoako urologoak udan gernu-infekzioak prebenitzeko zenbait jarraibide ematen ditu: “Garrantzitsua da ur asko edatea gernu-bideak garbitzen laguntzeko, pixa egiteko gogoari ez eustsi, higiene egokia mantendu eta bainujantzi bustiarekin denboraldi luzez ez egon”. Zistitis errepikakorra duten emakumeen kasuan, honako hau gaineratzen du: “badira gaur egungo tratamenduak, hala nola osagarriak, antibiotiko prebentiboak, ahoko txertoak edo estrogeno-kremak menopausia osteko emakumeentzat, gertaeren maiztasuna murrizten laguntzen dutenak”.
Antibiotikoek tratamendu nagusia izaten jarraitzen duten arren, Melendo doktoreak nabarmendu du badaudela prebentzio-aukerak, hala nola D-manosa, ahabi-estraktuak, probiotikoak eta ahoko txertoak, gernu-flora indartzen eta bakterio-erresistentzia saihesten laguntzen dutenak.
Adina, faktore erabakigarria
Emakume gazteen artean, sexu-jarduerak zistitisa eragin ohi du. Gainera, menopausian, estrogenoak gutxitzeak baginako flora eta gernu-flora aldatzen ditu, eta infekzio horiekiko kalteberatasuna areagotzen du.
Espezialistak aholkatzen du kontsultara joatea infekzioak errepikakorrak badira (urtean hiru edo gehiago), sintomak ez badira hobetzen antibiotikoekin tratatu ondoren, edo larritasun-zantzuak agertzen badira, hala nola sukar altua edo odola gernuan. “Gizonen kasuan, gernu-infekzioaren edozein susmo espezialista batek ebaluatu behar du beti”, azpimarratu du.