Juan Ponte Tellechea Dk.

Traumatologia

Telefonoa: 943 50 20 49

Kontsulta: 3. solairua

Kontsultarako ordutegiak: Astelehenak 16.00etatik 20.00tara / Astearteak, asteazkenak, ostegunak eta ostiralak 9.00etatik 13.30etara

Lotutako albisteak

Poliklinikak artrosiarentzako tratamendu aringarri berria aurkeztu du

Giltzadura-kartilagoen lesioen tratamenduan izandako aurrerapenak azaldu dituzte Ricardo Cuellar eta Juan Ponte doktoreek Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelan

Donostian, 2014ko maiatzaren 28an.- Ostegun honetan, maiatzak 29, Andia kaleko Kutxa Aretoan, giltzadura-kartilagoak tratatzeko azken aurrerapenei buruzko konferentzia izango dugu, Poliklinika Gipuzkoako Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoen eskutik, “ARTROSIA SORTZEN DUTEN GILTZADURA KARTILAGOEN LESIOEN TRATAMENDUAN IZANDAKO AURRERAPENAK” izenburupean. Azalpenetan, traumatologoek giltzadura-kartilagoen lesioak artroskopia bidez konpontzeko teknika ez-erasokorrak aurkeztuko dituzte. Teknika horien helburua da artrosia ahalik eta gehien atzeratzea. Horrez gain, Orthokine izeneko tratamendu aringarri berriaren onurak azalduko dituzte. Infiltrazioetan oinarritzen da, eta urtebetetik hona aplikatzen ari dira, emaitza bikainekin.

“Espainiako biztanleriaren % 43k artrosia dauka, eta alde handia dago sexuen artean” azaldu du Ricardo Cuellar traumatologoak. “Bitxia bada ere -erantsi du Cuellarrek-, 50 urtetik beherakoen artean, kasu gehiago daude gizonetan, eta, 55 urtetik gorakoen artean, berriz, emakumeetan”.  Adina beste faktore erabakigarri bat da. “Urteak aurrera joan ahala, gora doa, eta 30 urtekoen % 3ari eragiten dion bitartean, 80 urtetik gorakoen % 80ak dauka artrosia”, azpimarratu du Cuellarrek. Erantsi du “emakumeei dagokienez, eskuetako eta belaunetako giltzadurak kaltetzen dituela batez ere, eta gizonei dagokienez, aldakak dira narriatuenak”.

Giltzadura 3 edo 4 milimetroko lodiera duen esmalte-geruza da, eta hezur bakoitzaren muturra inguratzen du, hezurrek elkarren kontra ondo irrista dezaten, giltzadura mugitzean. Hortaz, kartilagoaren lesioek geruza hori osorik edo partzialki desagerrarazten dute. Bi arazo nagusi egon daitezke kartilago-galera horien atzean: lehenik, arazo mekanikoak, maiz kiroletako, laneko… traumatismoek eta adinarekin jasaten dugun narriadurak (artrosia) eragiten dituztenak; eta, bestetik, kartilagoa “jaten” duten prozesu erreumatikoak dira.

Ricardo Cuellarren hitzetan, “nobedaderik handiena da gaixo gazteen lesio zirkunskribatuak arta ditzakegula, batez ere jatorri traumatikoa edo endekapenezkoa daukatenak, artroskopia-teknikak eta mintzak edo adabakiak erabilita”.  Aitzitik, lesioak giltzadura osoari eragiten dietenean, gomendatutako kirurgia-tratamendua ohiko kirurgia bidez protesiak edo inplanteak jartzea da, oraindik ere”.

Mina arintzea

Kartilagoaren patologia batzuetan, mina txikiagotzeko tratamendu aringarriak baino ezin dira eman. Horrela, kaltetutako giltzaduren gaitasun funtzionala hobetzen da, eta, beraz, gaixoaren bizi-kalitatea ere bai.  Nahiz eta gaur egun tratamendu farmakologiko ugari eta infiltrazio bidezko hainbat substantzia dauden, nobedade nagusia Orthokine infiltrazioak dira.

“Orthokine terapiaren bidez, gaixoari kaltetutako giltzaduran aurretiaz egokitutako seruma infiltratzen diogu. Laborategian odol-lagin bakarra atera ondoren, gaixoa etxera doa. Orduan, odol-lagina egokitzen dugu, eta, horrela, programatuta eta gaixoari hobekien datorkion egunean, kontsultan bertan infiltratzen diogu”, azaldu du Juan Ponte traumatologoak. “Hazkuntza-faktoreak biltzen ditu, baina ezaugarri bereizgarria da mina denbora luzez arintzen duten agente antiinflamatorioak dituela, batez ere. Terapia hori edozein giltzaduretan aplika daiteke, eta astero 1 infiltrazio egiten da, 4 astez. Orokorrean, laugarren astetik aurrera, hobekuntza klinikoa ikus daiteke” baieztatu du Juan Ponte traumatologoak. “Tratamendu hau bereziki komenigarria da artrosi aurreratua eta mingarria duten gaixoentzat, beste tratamendu tradizionalak aplikatuta ere mina izaten jarraitzen dutenentzat, alegia”, adierazi du.

 


1