“Deshidratazioak kirol-etekina murrizteaz gainera osasun-arazoak eragin ditzake”

“Udan kirola egitean gehien errepikatzen diren akatsek zerikusia dute hidratazio faltarekin. Akats horiei aurre egiteko ura garrantzitsua da, baina edari perfektuak gatz mineralak eta azukreak kopuru orekatuan eduki behar ditu, sodioa eta potasioa bezalako gatz mineralak galtzen direlako” esan du Enrique Pérez de Ayala Poliklinika Gipuzkoako Kirol Medikuntzako zerbitzu-buruak.

Donostian, 2017ko uztailaren 7an.- “Udan kirola egitean gehien errepikatzen diren akatsek beroa dute kausa nagusitzat; izan ere, beroak deshidratazioa eragiten du, eta hori arazo larri bat da, errendimenduaren jaitsiera eta osasunean konplikazioak eragin ditzakeelako” adierazi du Enrique Pérez de Ayala Poliklinika Gipuzkoako Kirol Medikuntzako zerbitzu-buruak.

“Deshidratazioa kirola egitean oso kontuan hartu beharreko fenomeno bat da. Muskulu-uzkurduraren mekanismoak beroa produzitzen du. Hamabi kilometro/orduko karrera batean (5min/Km) edo 35 km/orduko (asteburuko lasterketa batzuen batez besteko abiadura) txirrindularitzako lehiaketa batean organismoak askatzen duen bero kopurua 15 kcal/minutu ingurukoa da. Gorputz-tenperaturak fisiologikoki lor daitezkeen gehienezko 40-41 graduak baino askoz ere balio handiagoak lortuko lituzke denbora oso laburrean tenperatura erregulatzeko mekanismoek esku hartuko ez balute”, erantsi du espezialistak.

Likidoen galerak globulu gorrien kontzentrazioa proportzionalki areagotzen du, eta, horrenbestez, odoleko biskositatea areagotzen da. Ondorioz, muskuluan dagoen odol-fluxua murrizten da, eta bihotz-maiztasuna areagotzen da (minutu batean 30 taupada izatera irits daiteke)” azaldu du Enrique Pérez de Ayalak.

“Garai honetan zapatek edo arropek urradura gehiago eragiten dituzte. Bizikletako edo mendiko erorketak ekidin egin behar dira, eta, edonola ere, arropa eta babes egokiak erabili behar dira. Izerdiak eragindako ur-galerak elektrolitoen galera ere eragiten du” adierazi du Poliklinika Gipuzkoako kirol-medikuak.

Hondartzan korri egiteari dagokionez, espezialistak honela dio: “Aire zabalean, ingurune naturalean, egiten den jarduera bat da, eta horregatik da onuragarria. Korri egitean lan aerobikoa egiten da, eta hareak eragindako erresistentzia-karga txiki bat erantsi behar zaio horri. Baina ez dugu ahaztu behar gure karreraren biomekanika gainazal bigun batera egokitu behar dugula, tendinopatiak jasateko arriskua ekiditeko”.

Garai honetan ohikoak diren ur-jarduerei dagokienez, Enrique Pérez de Ayalak “hautatutako kirol-teknika ezagutzea eta entrenatzaile trebatuei jarraitzea” gomendatzen du. Igeriketa, adibidez, ariketa egiteko eta sendatzeko bide ahaltsua da, baina irizpide egokiarekin egin behar da”.