Bihotzaren Astearen edizio berriak denentzako jarduerak biltzen ditu

• Gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzea eta horiei buruzko informazioa ematea helburu duen Bihotz Bizi – Corazón Vivo Elkarteak Bihotzaren Astearen edizio berri bat antolatu du, jarduerez betetako egitarau oso batekin, arazo kardiobaskularrak jasaten dituztenei zuzenduta. • Bihar, maiatzak 24 (asteartea), emango zaie hasiera jarduerei, Poliklinika Gipuzkoan Bihotz-ebakuntza izan duten gaixoen IX. topaketa antolatuta, eta ostiralean amaituko da, ekainaren 27an, bihotzerako gosari osasungarriarekin eta barreterapia-tailerrarekin, Londres Hotelean.

Donostia – 2014ko ekainaren 23a.- Gaixotasun kardiobaskularrei buruzko informaziorako eta prebentziorako Bihotz Bizi – Corazón Vivo Elkarteak Bihotzaren Astearen edizio berriari emango dio hasiera bihar, ekainak 24, asteartea. Edizio berri hau Bihotz-ebakuntza izan duten gaixoen IX. topaketarekin hasiko da, eta, bertan, Poliklinika Gipuzkoako bihotz-errehabilitazio zerbitzuaren kardiologoak eta koordinatzaileak, Eduardo Alegriak, hitzaldia emango du arazo kardiobaskular bat jasan ostean “Bihotz-errehabilitazio on baten garrantziari” buruz. Beti bezala, Poliklinika Gipuzkoaren Ateneoan da hitzordua, asteartean, 18:30ean, eta Elena Yanguas psikologoa arituko da moderatzaile-lanetan.

Hitzaldian, Eduardo Alegriak bihotz-errehabilitazio on bat egiteak dakartzan onurak azalduko ditu. Izan ere, kardiopatia-gaixotasunak dituztenen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen du, eta infartua jasan ostean heriotza-tasa % 30 murriztu.  Halaber, “errehabilitazioa egiten duten gaixoen estresa murrizten du, eta baita antsietatea eta depresioa ere. Beren buruarekiko konfiantza, bizitzeko gogoa eta gaitasun fisikoa areagotzen ditu, kirola egitea ahalbidetuz” baieztatu du Alegriak. “Gainera, gaixoak lehenago bueltatzen dira lanera, sexu-jarduera normalizatzen dute, eta bihotzeko gehiago jasateko aukera gutxiago dituzte” erantsi du.

Bigarren urtemugarekin bat etorriz, asteazkenero bezala, ekainaren 25ean ibilaldi kardioosasungarria abiatuko da goizeko 9:30ean, Donostiako Bengoetxea kaleko Larrialdi Gelatik. Oraingo honetan, 6 kilometroko ibilbide berezia izango da, Kontxako Pasealekutik Haizearen Orraziraino. Parte-hartzaileek, betiko legez, Poliklinika Gipuzkoako fisioterapeutaren laguntza jasoko dute, aurretiko eta geroko luzaketak egiten laguntzeko, eta paseo osoan zehar ere bai.

Aste erdian, Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgela izango dugu. Javier Montes kardiologoak eta Alberto Saenz kirurgialari kardiobaskularrak “Gaixotasun kardiobaskularraren egiak eta mitoak eta tratamenduen bilakaera” hitzaldia emango dute, ekainaren 26an (osteguna), 19:30ean, Andia Kaleko Kutxa Aretoan.

Bihotzaren Asteari amaiera emateko, ostiralean, ekainak 27, Londres Hotelak gosari osasungarria emango du 10:00etan, eta, umore onarekin agurtzeko, 10:30ean, “Bihotzaren barrea: umorez, optimismoz eta eskerronez bizitzearen poztasuna” Barreterapia Tailerra izango dugu, Bharat Martinen eskutik.  

Bihotzaren Astearen helburua da gaixo kardiobaskularrei eta haien senideei laguntzea, gizartean informazioa zabalduz, gaixotasun kardiobaskularrari ahalik eta bizi-kalitaterik onenarekin aurre egin diezaioten. Horrez gain, jarduera guztiak gaixo kardiobaskularrek egiteko moduan diseinatu dira, eta, horrela, bigarren helburu bat ere betetzen dute: antzeko egoeran dauden beste gaixo batzuekin ezagutzak trukatzeko aukera ematea.