Ana Arena: “Zurrungak bizi-funtzioei eragin diezaieke”

Pneumologiako Europar Elkartearen ikerlan baten arabera, SAOSa (loa eragozten duen apnearen sindromea) duten Europako bost milioi biztanlek gidatzen ari diren bitartean lo geratzeko arriskua dute. “SAHSak (loaren apnea-hipopnearen sindromea) bizi-funtzioei eragiten die eta oso modu larrian gainera. Nahasmendu depresiboak, suminkortasuna, narriadura intelektuala, oroimena galtzea, arteria-hipertentsioa (HTA), biriketako hipertentsioa, bihotzeko patologiak (arritmiak, kardiopatiak) edo goizeko buruko mina eragitera irits daiteke”, adierazi du Ana Arena Poliklinika Gipuzkoako neurofisiologoak. “Gizonezkoen erdiek eta menopausiatik aurrera emakumezkoen erdiek zurrunga egiten dute. Loarekin lotutako fenomenorik arruntena da”, azaldu du Ana Arenak.

Zurrungak anekdota gogaikarria baino askoz ere gehiago dira. Poliklinika Gipuzkoako Loaren Unitatean burutzen diren kontsulta gehienak zurrungarekin edo SAOSaren eta hipersomnolentziaren susmoarekin lotutakoak dira. “Bizi-kalitatea kaltetzen dute, nahiz zurrunga bakanak izan nahiz goiko arnasbidearen erresistentzia areagotzearekin edo buxadurarekin batera etorri. Gauean atseden txarra izateak gure bizi-kalitateari eragiten dio. Ezin diegu ikasketa- edo lan-egunei edo gizarte-harremanei aurre egin lorik egin ez badugu”, esan du Ana Arena Poliklinika Gipuzkoako neurofisiologoak.

La neurofisióloga de Policlínica Gipuzkoa, Ana Arena
La neurofisióloga de Policlínica Gipuzkoa, Ana Arena

Zurrungak ondoan dagoen pertsonarentzat ere ondorioak izan ditzake, “zurrunga bakanek ondoan dagoen pertsonaren eta pazientearen loaren kalitateari eragiten diete, mikro-iratzartzeak sortuz. Duela gutxi frogatu da zurrungek HTArekin eta karotida-arterosklerosiarekin lotura dutela”, azaldu du espezialistak, honakoa azpimarratuz: “SAHSak (loaren apnea-hipopnearen sindromea), bizi-funtzioei eragiten die eta oso modu larrian gainera. Eragin ditzakeen ondorioen artean daude nahasmendu depresiboak, suminkortasuna, narriadura intelektuala, oroimena galtzea, arteria-hipertentsioa (HTA), biriketako hipertentsioa, bihotzeko patologiak (arritmiak, kardiopatiak) edo goizeko buruko mina. Baita libidoaren nahasmendua eta hazkundearen atzerapena ere haurren kasuan”.

Zurrungentzako irtenbideak

Ana Arena neurofisiologoak irtenbidea aurkitzeko pausoak azaldu ditu: “aztertu behar den lehenengo gauza da zurrunga isolatua den edo arnasketa-nahasmenduren bati lotuta dagoen. Zurrungaren jatorria zein den eta loan zehar dar-dar egiten duten ehunak zeintzuk diren jakin beharra dago. Jatorria izan daiteke sudurrekoa, sudur-faringeetakoa (adenoideak), aho-barrunbekoa (ahosabai biguna, amigdalak, aho-gingila), oro-faringekoa (mihiaren oinarria) edo faringekoa”.

Horretarako, adierazi du espezialistak, “fibroskopioarekin esplorazio zuzena egitea garrantzitsua da. Irudi-frogak ere lagungarriak dira, faringeetako zonalde hori aztertzeko. Fibrosomnoskopiak goiko arnasbidea aztertzen du eragindako loan zehar, ebakuntza gelan, eta zurrungaren edobuxaduraren jatorri zehatza aurkitzeko erabiltzen da, horrelakorik balego. Zurrungaren jatorria ezarri ondoren, tratamendu aproposa zein den erabaki daiteke”.

Loaren arnas nahasmendua bada, frogarik fidagarriena ospitalean egiten den gaueko polisomnografia da, arnasketaren aldagaiak erregistratzeaz gain, aldagai neurologikoak, loaren kalitatea, aldagai kardiakoak eta mugimendu-aldagaiak ere erregistratzen baititu, guzti horiek loaren faseekin edo posizioarekin erlazionatuz.

Zurrungaren jatorria

“Goiko arnasbideko ehun bigunen bibrazioaren ondorioz sortzen den soinua da zurrunga eta maila horretan gertatzen den buxadura adierazten du. Loarekin lotutako fenomenorik arruntena da, gizonezkoen erdiek eta menopausia ondoren emakumezkoen erdiek zurrunga egiten dute”, esan du espezialistak.

“Zurrunga arruntak goiko arnasbidearen buxadura adierazten du, buxadura hori arina izan arren. Ohean gurekin dagoenari eragozpenak sortzeaz gain, sufritzen duenaren loaren kalitateari kalte egiten dio mikro-iratzartzeak eragin baititzake eta aho lehorraren sintomak izan biharamunean –azpimarratu du Ana Arenak–; zurrunga beste sintoma batzuekin batera agertzen denean, hala nola, etenaldiak arnasketan, eten eta biziago hasten den zurrunga, nikturia, gehiegizko izerditzea edota eguneko sintomak, esaterako, loaren kalitate txarra, hipersomnolentzia, suminkortasuna, oroimenaren edo kontzentrazioaren nahasmena, eta abar, orduan izaten dugu loaren arnas nahasmenduaren (SAHS) susmoa”.

Loaren patologiak ez dira anekdota gogaikarriak soilik, garrantzi handiko ondorioak izan ditzakete eta. Pneumologiako Europar Elkartearen ikerlan baten arabera, SAOSa (loa eragozten duen apnearen sindromea) duten Europako bost milioi biztanlek gidatzen ari diren bitartean lo geratzeko arriskua dute.