Poliklinika Gipuzkoa, sialoendoskopiaren teknika aplikatzen duen Euskadiko lehen osasun-zentro pribatua

Carlos Saga eta Xabier Altunaren otorrinolaringologia-zerbitzua sialoendoskopiaren teknika erabiltzen hasi da kalibre milimetrikoak dituzten optikak erabiliz, listu-guruinen patologia aztertu eta tratatu ahal izateko. Azken hilabetean, lau pertsonekin erabili dute teknika hau, haietako bat Logroñotik etorri zen eta beste bat, 12 urteko neska , Cadizeko probintziatik. Kirurgia konplexuak dira teknikaren ikuspuntutik, prestakuntza-prozesu luzea eta material oso espezifiko eta delikatuak behar baitira.

Sialoendoskopia oso teknika berritzailea eta konplexua da; listu-guruinen patologia modu endoskopikoan aztertu eta tratatzeko aukera eskaintzen du, ondorioz, ebakuntza osteko prozesu askoz laburrago eta erosoagoa da. Oso talde gutxik erabiltzen dute teknika hau Espainian, hamabi ospitalek soilik dute beharrezko ekipamendua eta ez dute guztiek erabiltzen, trebetasun eta prestakuntza handia eskatzen baitu. Hori dela eta, Xabier Altuna eta Carlos Saga espezialisten zuzendaritzapean dagoen Poliklinika Gipuzkoako Otorrinolaringologia zerbitzura iristen dira Estatu osoko pazienteak, beraiek adierazi bezala: “azken hilabetean lau pertsonekin erabili dugu teknika hau, haietako bat Logroñotik etorri zen eta beste bat, 12 urteko neska , Cadizeko probintziatik”.

Poliklinika Gipuzkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan teknika hau eskaintzen duen osasun-zentro pribatu bakarra eta Estatuko gutxietako bat. “Sialoendoskopia listu-guruinen barneko hodietan patologiak aztertu eta tratatzea ahalbidetzen duen teknika da –azaldu digu Carlos Sagak-. Batez ere, listuaren hodian buxadura duten pertsonei irtenbidea ematea lortu dugu horrek eragiten dituen infekzioak eta hantura ekiditeko, zenbait kasutan oso bortitzak izatera irits daitezke eta, lepoari eta aurpegiari eragin”.

Sintomak larriagoak dira solidoak edo likidoak hartzeko orduan, guruina bortizki hanpatu egiten baita buxatutako hodian zehar listua kanporatu ezin duelako. “Zonaldean infekzioa ager daiteke eta sukarra sortu –azpimarratu du Sagak-, eta infekzioak luzaro irauten badu, ondorio larriak ager daitezke, ebakuntza egin arte konpontzen ez direnak”.

Teknika berri honekin batera egin den aurrerapausoa ere azaldu digu Carlos Sagak: “lehen guruina erauzten genuen, baina sialoendoskopiari esker, buxadura ken dezakegu organoa eta listu-produkzioa mantenduz. Aldaketa erabat iraultzailea izan da, pazientearen bizi-kalitatea hobetzeaz gain osasun-kostuetan ere nabaritzen dena”.

Gutxi zabaldu den teknika

Kirurgia irekiarekin alderatuta ageriko abantailak eskaintzen dituen arren, listu-guruineko endoskopia oso gutxi zabaldu da. “Kirurgia konplexuak dira teknikaren ikuspuntutik, prestakuntza-prozesu luzea eta material oso espezifiko eta delikatuak behar baitira –aitortu du espezialistak-, horregatik, Estatu osoan ekipamendu hori duten hamabi bat ospitale egon arren, teknika klasikoak eskaintzen dituzte, horiek baliatzen askoz ohituagoak daudelako”.

Kirurgia endoskopikoko teknika berri hau burutzeko 0,9 eta 1,30 milimetro arteko diametroa eta 10-12 zentimetro inguruko luzera duten endoskopioak erabiltzen dira, eta hiru kanal dituzte: kanal nagusian endoskopioa daramate, bigarren kanalean serum bidezko irrigazio-sistema eta, hirugarren kanalean, lan-tresnak sartzen dira.

Carlos Saga eta Xabier Altunaren hitzetan, “tratatu ditugun lehenengo kasuak oso arrakastatsuak izan dira. Pazientearentzat ebakuntza osteko aldia erosoa izaten da normalean ebakuntza hauekin eta ez dugu zailtasun handirik aurkitu”.

Amaitzeko, berretsi egin dute kirurgia endoskopikoaren aukera etorkizunera begira sustatu beharreko bidea dela otorrinolaringologian : “teknika endoskopikoei esker, patologia honen aurrean dugun jarrera aldatu egiten da, honela, kirurgia ireki klasikoarekin burutzen den guruinaren erauzketa azken aukera izatera pasatzen da”.