Laura Quintas kardiologoak “Bihotza osasuntsu mantentzeko bost keinu” aurkezten dizkigu

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen edizio berriari hasiera emango dio Eibarren, kardiologiari buruzko hitzaldi batekin

 

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen ziklo berria inauguratuko du Eibarren. Aurten 10 hitzaldi antolatu dira, 6 Donostian eta 4 Eibarren. Edizio berri honen helburua da osasunaren arloko pil-pileko gaien bitartez informazio eguneratua eskaintzea, eta bertaratuekin mahai-inguru txikiak sortzea, zalantzak argi ditzaten.

Aurtengo edizioa Eibarren hasiko da, eta lehen saioa otsailaren 5ean izango da, asteazken honetan, alegia. Bertan, Laura Quintas Poliklinika Gipuzkoako kardiologoak bere alorrari buruzko hitzaldia emango du Portalea Kultur Etxean.

Quintas doktoreak arrisku-faktore kardiobaskularrak nola ekidin daitezkeen azalduko du. “Bost keinu txiki egitearekin nahikoa da zure bihotza zaintzen laguntzeko” ziurtatzen du kardiologoak: “kirola egitea, egunean gutxienez ordubete ibilita; otorduak zaintzea eta dieta osasungarria, anitza eta orekatua eramatea, batik bat fruta, barazkiak eta ortuariak janda; ez erretzea; estresa ekiditea eta gauzak optimismoz eta lasaitasunez hartzea; eta azkenik, ahalik eta alkohol gutxien kontsumitzea”.

Sarritan, gaixotasun kardiobaskularretan ez da sintomarik antzematen, eta lehen zeinua miokardio-infartua izan ohi da. Horregatik, Laura Quintas doktoreak gomendatzen du “bularrean, lepoan eta zaman, masailezurrean, ezkerreko sorbaldan eta besoan, abdomenaren goiko partean edo bizkarrean mina sentitzen badugu, medikura joan behar dugula berehalakoan.”

Horrez gain, gaixotasun kardiobaskularrak saihesteko, arrisku-faktore aldagarriak ekidin behar ditugu, hala nola kolesterol-maila altua, hipertentsio arteriala, diabetes gozoa eta tabakoa. “Dena dela, kirol faltak eta sedentarismoak, estresak eta gizentasunak gaixotasun kardiobaskularrak edukitzeko aukera areagotzen dute, eta badira alda ezin daitezkeen beste faktore batzuk, adina eta familiako aurrekariak kasu” azpimarratu du Quintas doktoreak.