Laparoskopia bidez egiten den obesitatearen kirurgiaren abantailak aurkeztu ditu Policlínica Gipuzkoak

Policlínica Gipuzkoako Juan José Martínez Dk.ak zuzentzen duen taldeak 12 operazio kirurgiko egin ditu jadanik teknika hori erabiliz. Horrek abantaila handia dakar, ebakuntzaren konplikazioak murriztu egiten dira eta, sistema tradizionalarekin alderatuz.

Inbasiboa ez den kirurgia sustatzeko helburuarekin jarraituz, Policlínica Gipuzkoak, Juan José Martínez doktorearekin batera, laparoskopia bidez egindako obesitatearen lehenengo ebakuntzen emaitzak gaur aurkeztu ditu.

Hamabi dira dagoeneko obesitate morbidoa eduki eta Policlínica Gipuzkoan laparoskopia bidez urdaileko by-pass bat egiteko edo urdailean banda bat ezartzeko operatuak izan diren pazienteak.

Era horretako kirurgiak modu irekian egin izan dira betidanik Gipuzkoan. Hala ere, Policlínica Gipuzkoako Kirurgia Orokorreko eta Aparatu Digestiboko Zerbitzuko Obesitate Morbidoko Unitatea, Juan José Martínez Dk.aren gidaritzapean, horrelako ebakuntza kirurgikoak laparoskopia bidez egiten hasi da era integralean.

Ebaki txikien bidez egiten den metodo honek ebakuntzaren konplikazioak murrizteko aukera ematen du, pazientearen susperraldia bizkorragoa da eta ospitaleratze-denbora erdira jaisten da, kirurgia irekiarekin alderatuz gero.

Ez da ahaztu behar obesitatea duten pazienteak edozein ebakuntzatan kirurgia-osteko konplikazioak jasateko arrisku handiagoa duten pertsonak direla, hipertentsioa, diabetea, gutxiegitasun koronarioa eta loaldiko apnea bezalako konplikazioak jasaten dituztelako, besteak beste.

Intzidentzia

Gipuzkoan biztanleriaren % 12 obesoa da eta % 1ek (6.000 gipuzkoar baino gehiagok) obesitate morbidoa dauka. Mota horretako obesitatea dutenek bere gorputz-pisu ideala baino % 50-100 gehiago pisatzen dute. Pertsona horiek, beren gainpisua dela-eta, gaixotasun kronikoak izateko eta konplikazio kardiobaskularrak jasateko probabilitate handiak dituzte.

Pisua jaisteko eta bere gaixotasuna konpontzeko pazienteak egin behar duen aurreneko gauza elikadura zaindu eta ariketa fisikoari ekitea da. Hala ere, eta horrekin ez badira espero ziren emaitzak lortzen, urdailaren barruan baloi bat ezartzea erabaki daiteke alternatiba moduan: paziente obesoaren urdailean despuztutako baloi bat sartzen da, ondoren baloi hori puzteko. Horrela pazientea janari gutxiagorekin ere asetzea lortzen da.

Dena den, zenbait kasutan aipatutako neurriekin ez da arazoa konpontzen, eta beraz, konponbide kirurgikoa hautatu behar da ezinbestean.

Ebakuntza motak

Gaur egun urdaileko bandak eta urdaileko by-passa dira konponbide kirurgikorik eraginkorrenak.

Urdaileko banda urdailaren goiko herenean eta organo osoa inguratuz ezartzen den gailu bat da, urdailaren edukiera murrizteko asmotan. Banda horri esker, pazienteak asetasun-sentsazioa nabaritzen du, askoz ere janari kantitate txikiagoarekin.

Urdaileko bandak urdailaren edukiera-gaitasuna murrizten du, elikagaien iragatea kontrolatuz, larruazalaren azpian jartzen den eta muskulu barneko xiringa soil baten laguntzarekin bertara iristeko modua ematen digun gailu batetik banda hori “puztuz”. Horrela, gainera, tratamendua paziente bakoitzarentzat pertsonalizatu edo indibidualiza daiteke.

Ebakuntza egin eta ordu gutxira, pazientea likidoak edaten has daiteke. Pazienteari 48 ordutan emango zaio alta gutxi gorabehera. Aurreneko hilabetean, elikadurak likidoa eta ore modukoa izan behar du, eta 4.-6. asteen artean urdaileko banda hori egokitu egingo da, elikadura solidoarekin hasteko.

Ebakuntza hori 35etik beherako gorputzeko masa-indizea (GMI) duten pazienteetan dago indikatua.

Bigarren aukera urdaileko by-pass bat egitea da. Prozeduraren oinarria urdailaren tamaina txikitu eta hestearen zati jakin bati lotzea da; horrela, hestearen zati batek irentsitako elikagaien mantenugaiak xurgatzeari utziko dio eta, gainera, pazienteak asetasun-sentsazio handiagoa izango du.

Laparoskopia bidezko prozedurak susperraldi bizkorragoa, seguruagoa eta min gutxiagokoa ahalbidetzen du. Pazienteari 4-6 egunen buruan emango diote alta, modu irekian operatutakoek bi aste ospitaleratuta egon behar duten bitartean.

Ebakuntza hau 40tik gorako gorputzeko masa-indizea (GMI) duten pazienteetan dago indikatua, edo baita GMI 35-40 bitartean egonda ere, diabetea edo hipertentsioa bezalako gaitzak dituztenetan, egoera horiek oinarrizko gaixotasuna (obesitatea, alegia) larriagotu egiten baitute.

Beste lau kirurgialari espezialistekin batera ebakuntza horiek guztiak egin dituen Juan José Martínez kirurgialari orokorraren hitzetan, “operazio honen helburua pazientearen pisua jaistea da, obesitatearekin lotuta dauden arazo ugariak —hipertentsioa edo arrisku kardiobaskularra esate baterako— konpontzeko”. Martínez Dk.ak behin eta berriz dioenez “ez da kirurgia estetikoko ebakuntza bat, bere helburua medikoa baita besterik gabe, izan ere obesitate morbidoa osasunarentzat arrisku handiak dakartzan gaixotasuna baita”.

“60 kilo galdu ditut zortzi hiletan”

Laparoskopia bidez urdaileko by-passa egin zaien pazienteetako bat 60 kilo flakatu da urtarrilaren bukaera aldera operatu zutenetik. Operatu aurretik 35 urte eta 165 kilo zituen, eta berak dioenez ez zuen obesitateak eragindako inolako sintomarik edo gaixotasun eratorririk, horrelakoak berehala agertuko zirela argi eduki arren. Orain, zortzi hilabete iragan direnean, 105 kilo pisatzen ditu eta medikuek adierazi diotenez 12.-18. hilabeteen artean iritsiko omen da bere pisu normalera.

Ebakuntzaren aurretik beldurra izan zuela onartu arren, orain “zoratzen” dagoela esan digu. Izan ere, pisua jaisteaz gain, operazio-ostea “oso ona izan da. Operatu eta 4. ordurako hantxe zebilen, korridorean gora eta behera. Zenbat eta lehenago mugitzen hasi, orduan eta azkarrago suspertuko nintzela esan zidaten medikuek”. 4. egunerako etxean zegoen eta 3. asterako, berriz, lanean.

Orain, egunean 5-6 aldiz jaten du, kopuru txikitan beti. Ez duela inolako antsietaterik nabaritzen dio, oso azkar asetzen delako. “Lehen baino arinago sentitzen naiz eta batere ariketa fisikorik ez egitetik astean hirutan bizikleta estatikoan kirola egitera eta asteburuetan hiru orduko paseoak ematera pasatu naiz”.


Osasun ikasgelak 2017

Egindako ikasgelak 2016

Egindako ikasgelak 2015

Egindako ikasgelak 2014