“Artikulazio tenporomandibularraren nahasmenduak eta loaren apnea” jardunaldia

Artikulazio tenporomandibularraren nahasmenduak (ATM) eta loaren apnea izan ziren aztergai, Policlínica Gipuzkoako Osasun Gelan.

José Antonio Arruti, Fernando Esnal, Javier Martín eta Víctor Gómez-Carrillo doktoreak Policlínica Gipuzkoako Kirurgia Maxilofazial Integraleko Unitate berriko kideak dira, eta horrelako nahasmenduen diagnostiko eta tratamendurako teknika aurreratuenen berri eman zuten.

Era berean, Min Orofaziala eta ATM Tratatzeko lehen Unitate berezia aurkeztu zuten, baita Policlínica Gipuzkoako Loaren Apneako Unitatea ere, kasu bakoitza sakon-sakon aztertzeko. Besteak beste, honako hauexek dira artikulazio tenporomandibularraren disfuntzioaren (ATM) sintoma adierazgarriak (artikulazio horrek baraila eta garezurra lotzen ditu): ahoa oso-osorik irekitzeko zailtasunak, belarri inguruko mina edo baraila mugitzean sortutako zaratak.

Policlínica Gipuzkoako Ahoko Kirurgia eta Kirurgia Maxilofazialeko espezialista den Víctor Gómez-Carrillo doktoreak azaldu duenez, “min orofazialaren arrazoi arruntena hortzetan badago ere, biztanle gehienek artikulazio tenporomandibularrean dituzte arazoak”.

Biztanleen %33k artikulazio horretako disfuntzio-sintoma klinikoren bat daukate, eta, euretatik, %5ek jarduketa terapeutikoren bat egin behar dute. Dena dela, eragin handiagoa dauka emakumeen artean, 10 gaixotatik 9 emakumeak direlako, gizonen aldean.

Besteak beste, hona hemen patologia hori sorrarazi dezaketen arrazoiak: hozkada txarra, hiperlaxotasun artikularra -lokailuen elastikotasun handiagoa-, traumatismoak, ahoaren irekidura behartua edo bruxismoa -hortzak estutzeko edo karraskatzeko ohitura-. Horren guztiaren ondorioz, aurpegiko minak, barailako tentsioa, blokeoak, endekapen artikularra eta artrosia sortzen dira.

Loaren apnea Loa eragozten duen apnearen sindromean, hainbat eta hainbat etenaldi gertatzen dira loaldiko arnasketa-zikloan zehar, goiko airebidea kolapsatu egiten denean. Arnasketari berriro ekiteko orduan, gaixoa zenbait aldiz iratzartzen da konturatu gabe. Hori dela eta, ez du gauetan behar bezala atseden hartzerik. “Egiaztatu egin da apnea duten gaixoek logalea dutela egunean zehar, eta, horrez gain, burmuineko infartuak, biriketako hipertentsioa eta beste gaixotasun larri batzuk edukitzeko arrisku handiagoa era badutela”, azaldu du Gómez-Carrillo doktoreak. Aldi berean, honako hauxe ere adierazi du: “apnea duten gaixoen %80 ez daude diagnostikatuta”.